Oihane Anduezak aurkeztutako “Oteiza gorputzetik – desde el cuerpo” proiektuak jaso du hezkuntza proiektu baterako Oteiza Museoa-Kutxa Beka, honen hirugarren edizioa den 2011-2012 epeari dagokiona. Egindako proposamenaren helburu nagusia gorputz espresioa Oteizaren obrari loturik lantzea da. Eta ezintasun intelektualek eragindako kolektiboei zuzenduta dago.
Proiektu honen xedea Oteizaren eskulturan ageri diren hainbat alderdi, hala nola espazioa, hutsunea, gorputz espresio bidezko mugimendua eta dantza, ezintasun intelektualak dituzten helduekin lantzea da. Lan honen bidez, giza izaerak berezkoak dituen ezaugarriak sendotu nahi dira, esaterako konfiantza, desinhibitzea eta mugimendua, betiere horiek guztiak Oteizaren obrako eta pentsamoldeko ezaugarri formal, estetiko eta kontzeptualei lotuta. Horretarako, sorkuntza plastikoaren berezko materialekiko, hots, buztin, paper edo pinturarekiko elkarreragina landuko da. Proiektuaren emaitza, ondoren, ikusgarri jarriko da, Jorge Oteiza Museoan bertan edo egoki irizten zaien beste leku batzuetan egingo den eszenaratze baten bidez.
Oihane Andueza Irakasle Ikasketetan diplomatua da Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Gaur egun, Haur Hezkuntzako irakasle gisako jarduerarekin batera dantza garaikidearen munduan ari da lanean.
Proiektu honen aldeko erabakia joan den azaroaren 22an hartu zuen Oteiza Museoa-Kutxa Bekaren Ebaluazio Batzordeak. Honetako kideak Jorge Oteiza Fundazio Museoaren Patronatuaren lehendakari Pedro Manterola, Museoaren zuzendari Gregorio Díaz Ereño, Uharteko Huarte Arte Garaikideko Zentroko DEAC-en zuzendari Koldo Sebastián, Oteiza Museoko Didaktika arduradun Aitziber Urtasun, eta Kutxaren Gizarte Ekintzaren Harreman Instituzionaletarako arduradun Iñaki Almandoz izan ziren. Bekarako diru kopurua 6.000 eurokoa da, 3.000 euro kontzeptualizaziorako eta beste 3.000 euro jarduera gauzatzeko.