1 de December de 2011
Cromlech, inguru sakratua

 

  •  Izenburua: Cromlech, inguru sakratua
  • Egilea: Pedro Oses
  • Interpretazioak 9
  • 2011ko abenduaren 1etik 2012ko apirilaren 15era
  • Ikusi bideoa

 

 

img015

Jorge Oteizak historiaurreko arte adierazpenei buruz egin zituen analisi eta interpretazioak eta Pirinioetako harrespila espazio “espiritual” baten adierazpentzat hartzen zuen azterketa dira Pedro Oses artistak Oteiza Museoan egingo duen interbentzioaren abiapuntua. Osesen “Cromlech, inguru sakratua” izenburuko proiektuak Oteizaren gogoetak interpretatzen ditu iraupen gutxiko proiektu narratibo eta piktoriko batean, abenduaren 1ean, 2an eta 3an Oteiza Museoan gauzatuko duena zentrora bertaratuko den jendearen aurrean.

 

“Interpretazioak” programaren barnean, Iruñerriko Mankomunitatearekin eta Kutxa Gizarte Ekintzarekin lankidetzan antolatu den Osesen interbentzio hau Oteiza Museoko hormetako batean gauzatuko da zuzenean. 210 x 310 cm-ko azalera baten gainean collage efimero bat egingo du: testuak, marrazkiak eta beste elementu piktoriko batzuk bilduz ehun narratibo eta plastiko bat osatuko du eta Oteiza Museoan ikusgai izango da proiektua amaitu bitartean, hots, 2012ko apirilaren 15a arte. Artistak interbentzio hau gauzatuko du abenduaren 1ean eta 2an Museoa irekitzeko orduetan (10:00etatik 15:00etara) eta abenduaren 3an, larunbata (11:00etatik 15:00etara) eta sortze prozesua partekatuko du horren ezagutzan interesatuko diren bisitariekin.

Pedro Oses

Espazio huts sinboliko baten seinalatze gisa, harrespilez Oteizak bere argitalpenetan egindako interpretazio estetikoak –horiekin solastatu baitzen 1959an Agiñako gune megalitikoan egindako “Aita Donostiri Omenaldia” obran–, horiek dira Osesen proiektuaren ernamuina sortu zuten erreferentziak. “Oteizaren obraren interpretazio bat egitea proposatu zidatenean, oroitu nintzen aspaldi irakurritako Quousque Tandem-ean harrespilaz hitz egiten zen zatia interesatu zitzaidala. Oteizaren arabera, garaiko gizakiaren gailur artistikoa zen hura, harrizko zirkuluak erabateko hutsunea adierazten du, eta ez lur emateko leku bat. Oteizarentzat, erlijiozko artea zen, euskarazko Uts hitzarekin zerikusia duena: ortzia, transzendentala, hutsunea adierazten duena” azaltzen du Osesek. “Mendian eraikitze horiek ikusi ditudalarik, galdegin diot nire buruari zergatik egin zituzten, eta zergatik leku horietan. Nire ustez, energia berezia dagoen puntu batzuk dira, eta horregatik ageri dira era horretara seinalatuak natura zabalean, giza gorputzean meridianoak eta milaka energia puntu dauden bezalaxe”.

 

Pedro Oses, apóstoles de Oteiza

 “Interpretazioak” zikloan, Osesen interbentzioa beste hainbat artistak egindakoen ondoren dator, hala nola Pedro Salaberri, Jose Miguel Corral,  Iratxe Montero, David Rodriguez Caballero, Jose Ignacio Agorreta, Koldo Sebastian, Manu Muniategiandikoetxea eta Florencio Alonso, eta izen bereko argitalpen baten edizioa barne hartzen du.

 

Pedro Oses (Iruñea, 1942), arte jardunbide zabaleko autorea da, obra plastikoa dozenaka erakusketatan azaldu dituena, banakakoetan zein taldekoetan, eta margolaritza beste diziplina batzuekin konbinatu du, hala nola ilustrazioa eta komikia (www.pedrooses.com).