21 de December de 2011
Oteizaren pieza ezezagunak
  • Oteizak bere lehen sormen-garaian sortu zituen bi pieza aurkezten ditu Museoak, orain arte inoiz erakutsi gabekoak biak
  • ‘Emakume bat ispiluaren aurrean’ (1939) eta ‘Figurak Familia’ (1951) obrak ikusgai daude Altzuzan, Oteiza Museoak jaso duen Carreras Mugica Galeriaren maileguari esker

 

mujer ante el espejo
Jorge Oteizaren garai figuratiboa azaltzera datorren Oteiza. Bilduma izeneko erakusketa orain arte inoiz erakutsi gabeko bi piezekin osatu du Altzuzako Museoak. Orioko artistak bere hasieretako garaian egin zituen bi pieza horiek honako hauek dira: Emakume bat ispiluaren aurrean, Buenos Airesen egindakoa, 1939an, eta Figurak Familia, Oteizak Ameriketatik itzuli eta gutxira egindakoa, 1951. urtean hain zuzen ere. Obra biak Museoan ikusgai izango dira urte betez, gutxienez, Museoak bi eskultura horien jabe den Carreras Mugica Galeriarengandik jaso duen maileguari esker.

         Bi obra horiek Jorge Oteizaren hasierako sormen-ibilbidearen berri ematen duen guneari gehituko zaizkio. Hogeita hamarreko urteetako obrak, hain zuzen Ameriketan eman zituen urteetan (1935-48) eta handik itzuli eta berehala landu zituen beste obra batzuk osatzen dute gune hori. Hego Amerikan egin zuen lanaren barruan kokatzen da, beraz, Emakume bat ispiluaren aurrean (49,5 x 19 x 25 cm.) izeneko pieza. Esmaltez apaindutako zeramikaz eginda dagoen obra hori, obra berezienetako bat da, zalantzarik gabe, bere ibilbide sortzaile guztia ikusita.

        Buenos Airesen 1939an egindako obra hori bere lehendabiziko piezek biltzen duten diskurtso espresionistarekin lotzen da. Obra horretan, emakumeak bere burua begiratzeko erabiltzen duen ispiluak errealitatea eraldatu egiten du Velazquezen itxurako espazioa handituz, gerora ere bere obretan islatuko duen ezaugarri bat. Ispiluan islatzen den aurpegia ez da moztura hutsa, baizik eta ispiluak hartzen duen planotik gailentzen da irrealtasunen arteko jolas moduko batean, bere geroko obran aurkituko ez dugun sortzeko modu bat mugatuz hain zuzen, eta inflexio-puntua izango da bere bilakaera artistikoan zehar.

        Jorge Oteiza Buenos Airesen bizi izan zen 1936tik 1942ra arte, eta 1941ean zeramika-irakasle izan zen Zeramikako Eskola Nazionalean. Urte bete geroago, Kolonbiako Gobernuak kontratatu zuen, zeramika-irakaskuntza Kolonbia mailan antolatzeko, eta irakasle lanetan jardun zen Popayango Unibertsitatean. Eskultura hori 1939ko azaroaren 8ko datarekin sinatuta dago, eta, Pedro Jimenez Ilundainen alaba Elena Jimenezi eskainitakoa da. Pedro Jimenez industria-gizon eta intelektual nafarra izan ez ezik, Unamunorekin posta bidezko harreman oparoa ere izan zuen, eta eskultura haren alabak jaso zuen urtebetetze oparia izan zen. Oteiza Museoak Emakume bat ispiluaren aurrean eskulturari dagozkion hiru marrazki gordetzen ditu.

Figura familias
Bestalde, Figurak Familia, 1951n egina kareharri zuriaren gainean (33 x 12 x 10,5  cm.), Jorge Oteizaren hasieretako obra figuratiboaren barruan kokatzen da, 1949-51 urteen artean, Amerikatik itzuli eta Madrilen bizitzera jarri baino lehen, Bilbon egin zuen obra multzoaren barruan hain zuzen ere.

        Pieza horrek dituen bereizitasunen artean bat, irudikatuta dagoen figuretako batek aurpegia aurrealdean zein atzealdean duela da. Modu horretaz baliatzen da Oteiza, aldiberekotasunaren ideia lantzeko, hau da, une berdinean ematen ditu figura bereko bi une ezberdin. Hori bera gertatzen da beste obra batzuetan, adibidez, Aldiberekotasunari buruzko saiakera izenekoan, hain justu urte horretan ere egina. Garai hartan, espresio figuratiboa ahuldu eta figuraren irudikapenak duen proiekzio espaziala landu nahian dabil Oteiza. Hemen, garai hartako beste hainbat obratan bezala, bolumenak zapalduta ageri dira eta materiatik kanpo dauden puntu hurbilkorretara bideratzen dituzte euren planoak.

         Pieza bi horiek Bilboko Carreras Mugica Galeriak duen bilduma osatzen dute. Galeriak mailegua hitzartu du Oteiza Museoarekin, bertan ikusgai egon dadin, berritu daitekeen urte beteko epeaz.