Oteiza Museoak Remigio Mendibururen obra berrikusten du “Formaren eraikuntza” erakusketan
Proiektuak inoiz argitara atera gabeko material asko aurkezten du, eta hirurogeita hamarreko urteetako eskulturarik funtsezkoenean biltzen da nagusiki
Erakusketa: Remigio Mendiburu, formaren eraikuntza.
Produkzioa: Oteiza Museoaren. Topaketak programa, 2. zk.
Datak: 2012ko ekainaren 14tik urriaren 7a arte
Komisarioa: Juan Pablo Huércanos
Erakusketaren diseinua: Javier Balda
Laguntzaileak: Kutxaren Gizarte Ekintza eta Iruñerriko Mankomunitatea.
Remigio Mendiburu (Hondarribia, 1931; Bartzelona, 1990), denboraren materiaren eskultorea. Oso sorkuntza lan zabala egin zuen, XX. mendearen bigarren erdialdeko eskultura modernoaren berrikuntzari loturik. Hirurogeita hamarreko lehen urteetan, eraikuntza-eredu pertsonal bat garatu zuen eskulturan, elementuak -asko eta asko organikoak- metatze eta mihiztatzean oinarriturik. Horri esker, eskulturak aukera izango zuen idulkitik jaitsi eta espazioan eta bizitzan kokatzeko.
Orain, eskulturaren sinbolo eta metafora gisako botere guztia egitura korapilatu eta bilbatuen bidez gauzatu zuen sorkuntza lan berezi horixe dugu protagonista, garaiotako sorkuntzak eman duen artista pertsonalenetako baten lengoaiaren berezitasuna berrikusi nahi duen proiektu honetan.
Nafarroako Gobernuak finantzatzen duen Oteiza Museoak produzitutako erakusketa hau iaz abian jarritako “Topaketak” programaren barruan kokatzen da, eta Oteiza Museoaren zuzendariorde Juan Pablo Huércanos du komisario. Osterantzean, Kutxaren Gizarte Ekintzaren eta Iruñerriko Mankomunitatearen laguntza du.
Erakusketak 40 obra inguruan zeharreko ibilbide bat proposatzen du; horietako batzuk oso formatu handikoak dira, asko eta asko jendaurrean erakutsi gabeak, hainbat bildumatatik helduak, guztiak 1970 eta 1982 urteen artekoak. Obra multzo hau eskulturaz eta paperean egindako obraz dago osatuta, eta artistaren lan epe bizienetako batean biltzen da nagusiki; horretan zehar, egiten duen obran
kendu egiten dira eskultura-objektuaren mugak, espazioan kokatzearren. Une horretan, autoreak garatzen duen eraikuntza-logikaren oinarrian bilbea eta mihiztadura daude, eta material pobreen erabilera halaber, ingurunearen oihartzunerako ahalmen handi batez, idulkia eta irudikatzeko borondatea bazterturik, aurrez ezarritako formalismoetatik urrundu delarik denboraz eta materiaz eraikitzen den eskultura baten bila aritzearren.
Erakusketaren osagarri, elementu dokumental ugari jasotzen dira, eta ikus-entzunezko bi lan ere proiektatuko dira, Dunbots (1982, Gerardo Armesto, 14’) eta Nortasuna (1975, Pedro Sota, 44’) zehazki. Bitxikeria bat ere eskaintzen digu, autoreak 1975ean Iruñeko Zezenaren Feriarako kartelerako egin zuen obra. Proiektua osatzeko, Topaketak programaren 2. zenbakia osatuko duen monografia baten edizioa izango da.
Remigio Mendiburu Gaur taldearen kidea izan zen 1966an, beste hainbat autorerekin batera, tartean baitziren Amable Arias, Néstor Basterretxea, Eduardo Chillida, Jorge Oteiza, Rafal Ruiz Balerdi, José Antonio Sistiaga eta José Luis Zumeta. Urte horretan, Veneziako Bienalean parte hartzeko aukeratu zuten, une horretatik aurrera finkatu egin zuen eskultore gisako bere presentzia, eta aukera izango zuen bere obra nazio zein nazioarteko zenbait arte agertokitan aurkezteko, esaterako Alemanian, Estatu Batuetan edo Italian, Art Basel (1976), Chicago Mille 3 (1984), edo Parisko lehenbiziko Eskultura Hirurtekoan (1978). Egin zuen bideak erakusketa ibilbide zabala hartzen du, obra publikoko hainbat proiekturekin batera.
Jarduera pedagogikoa
Erakusketan zehar, erakusketarako ikustaldi gidatuak egingo dira. Horietako lehena ekainaren 16an, larunbata, izango da, eguerdiko 12etan, erakusketaren komisario Juan Pablo Huércanosen eskutik. Bisita programa hau errepikatu egingo da iraileko bi larunbatetan, hilaren 22 eta 29an zehazki, eguerdiko 12etan.
(6 eta 12 urte bitartekoentzat)
Lantegiaren abiapuntua Remigio Mendiburuk egindako “txoki askeentzako kaiola” obra da, eta xedetzat du eskultura eta arkitekturako kontzeptuek bat egiten duten jarduera bat garatzea, hain zuzen kaiola proiektu pertsonalak egitearren naturak berak eskaintzen dizkigun materialak, hala nola zura, hostoak edota loreak, baliatuta. Lantegiak bi lanegun izango ditu: irailak 29, larunbata, 11:00etatik 13:00ak arte, eta irailak 30, igandea, 11:00etatik 13:00ak arte. Tarifa: 10 €
(6 eta 12 urte bitartekoentzat)
Erakusketa abiapuntu harturik, naturak berak eskaintzen dizkigun materialekin, hala nola zura, hosto, ur edo buztinarekin, arituko gara astebete iraungo duten eta abuztuaren 6tik aurrera egingo diren lantegi hauetan.
Argitalpenak
Remigio Mendiburu. La construcción de la forma / Formaren eraikuntza





