Oteiza Museoa eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroak arte-produkziorako “Hazitegia” programa jarri dugu abian

 

  • Karlos Martinez B. eta Javier Arbizu artistek espazio bi horietan garatuko dute lehenbiziko egoitza eta erakusketa proiektua, 2017 eta 2018 bitartean

Oteiza Museoa eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroak arte-produkziorako Hazitegia programa jarri dute abian, Jorge Oteizaren obraren eta pentsamendu estetikoaren inguruan arte-produkzioa sustatzearren. Ekintzak urteko aldizkakotasuna izango du, eta funtsean Uharteko Arte Garaikideko Zentroko produkzio-egonaldi bat izango da, ondoren Oteiza Museoan egingo den horren aurkezpenaz osatua.

“The dark, the mystic, the animate but soulless” da programa berri honi hasiera emango dion Karlos Martinez B. eta Javier Arbizu artisten proiektuaren izenburua. Proiektuaren abiapuntua makla kontzeptuaren berrikuspena da, horrek Jorge Oteizak egindako izen bereko obra saila aipatzen baitu.

Proiektua joan den otsailean abiatu zen, artistek Bartzelonako Blueproject Foundation-en egindako sorkuntza-egonaldi batez; ondoren, martxoan zehar lanen erakusketa izan zen. Uztailetik aurrera eta aurtengo abendura bitartean, artistek Uharteko Arte Garaikideko Zentroan garatuko dute produkzioko beren egoitza-aldia. 2018ko urtearen hasieran Madrilen izango den interbentzio batez segituko du proiektuak, eta datorren urteko udan zehar Oteiza Museoan egingo den erakusketaz. Programaren helburua eta asmoa zera da, sustatzaile dituen zentro bien artean produkzio eta erakusketa esparruak bateratzea, hain zuzen gaur egungo sorkuntzatik abiatuta gogoeta-eszenatoki berriak sortzearren Jorge Oteizaren obraren inguruan.

Oteizaren obran ageri den “makla” ideia berraztertu egingo da objektu sail baten bidez; izan ere horien eraikuntza-prozesuak negoziazio ariketa bat dira, materialen berezko ezaugarri eta dinamiken eta artisten intuizio eta asmoen artean. Oteizaren kasuan, maklak bi gorputz edo gehiago bat egitean sortzen dira; gorputz horiek, hurrena, bereiztezin bihurtzen dira, alderdien arteko erlazioak duen energiarengatik. Antzeko fenomenoak badira arauzkotik kanpo egoteagatik zein berekin dakarten energia-kargagatik historikoki magiko edo zentzugabe jo izan diren jakintzaren beste esparru batzuetan ere, esaterako astrologian edo biologian.

Artistek maklak aztertuko dituzte, ea giza pertzepzioak batasuna ematen dien subjektu indibidualak diren, eklipseen kasuan bezalaxe, edo, aitzitik, ezinbestez beste erdia beharrezkoa duten.

Testuinguru horretan, objektuak jardule ikusten dira, bere dinamika fisiko, denborazko eta psikologikoetatik dihardutela alegia. Hau da, bizi-gorputzak dira, dauzkaten interakzio aukerak alteratzen dizkieten kanpoko estimuluek -tartean artistak berak direla- eragiten dietenak. Azterketako kasua, beraz, apeiron osotasuna da, eta horretarako sarbide bakarra poetikoaren bidea da.