Erakusketa: Forma, zeinua eta errealitatea. Espainiar eskultura 1900-1935

Antolaketa eta Ekoizpena: Oteiza Museoa, Reina Sofía Museo Nazional eta Arte Zentroarekin elkarlanean.

Komisarioa: Carmen Fernández Aparicio.

Kutxarekin elkarlanean.

Oteiza Museoa, 2010eko maiatzaren 27tik irailaren 19a arte.

Eskulturak XX. mendearen lehen hamarkadetan zehar izan zuen eraldaketa iraultzailea eta hogeita hamarreko lehen urteetan Oteizaren eskultura agertzea dira «Forma, zeinua eta errealitatea. Espainiar eskultura 1900-1935» erakusketaren analisi eta irudikapenaren gaia. Oteiza Museoak produzitutako proiektu honek berrikusi egiten du eskulturak mende hasieratik Jorge Oteiza Hispanoamerikara joan arte izan zuen garapena, eta tradizio figuratiboa erabat gainditzeko eraldaketa epe honetako une garrantzitsuenak aztertzen ditu.

Erakusketari izena ematen dioten hiru kontzeptuek eskultura modernoaren eremuak zehazten dituzte. Horietako lehena hemeretzigarren mendeko gehiegikeriekiko hausturaren inguruan egituratzen da, borondate formalista bat duela sostengu, Auguste Rodinen sintesi naturalistatik eta klasizismo berriaren arazte eta ordena ahaleginetik abiatuta. Pentsamendu horixe izan zen, halaber, Picassok 1909an eskultura kubista definitzeko landu zuen ikusizko planoen sakabanatze edo disgregazioaren oinarrian.  Osterantzean, Europako lehen gerra amaitu ondoren, eskulturaren garapena etorri zen, eta hau laburtu egin dezakegu proiektu hau definitzen duten beste bi kontzeptuetan, zeinuan eta errealitatean alegia. Lehenak, zeinuak, giza psikearen eta sinbolikoaren izaerako sakontze gisa, oinarria emango zion plastika surrealistari 1931tik aurrera, eta eraikuntzako eta eskultura ireki eta blokerik gabeko zeinuen hiztegi berri bat itxuratzea ahalbidetu zuen.  Errealitate ideia, bere aldetik, figurazio kontzeptu berriekin definitu zen, arazte primitibista, munduaren objektibazioa edota errealitate emozioa harturik abiapuntu, honek fruitu ugari eman baititu espainiar eskultoreen artean.

Erakusketak (2010eko maiatzaren 27tik irailaren 19ra bitartean) eremu hauek guztiak zeharkatzen ditu aukeratutako 51 obretan zeharreko ibilbidearen bidez, Reina Sofía Museo Nazional eta Arte Zentroaren laguntza eta Kutxaren babesa ditu, eta, aparteko elementu gisa, epe honen gaineko berrikuspena osatzen duten orain arte sekula ikusi gabeko hiru obra aurkezten ditu. Obra horiek Pérez Mateoren “Igerilariak” (1930), duela gutxi aurkitua, Izenik gabe [Eva eta mahatsak] erliebea, Nemesio Mogrobejok 1908-1909an egina, eta Jorge Oteizak 1933an egin eta sekula erakutsi gabeko Jesus Jordanen dira.

Rodin eta Gauguinen sugestiotik lan egin zuten autoreekin hasten da erakusketa, hala nola Paco Durrio eta Nemesio Mogrobejorekin, eskultura klasizismo kataluniarraren abiarazle Josep Claràrekin, eta Mateo Inurriarekin. Mendearen lehen hamarkadaren amaieran bidea egin zuen klasizismoaren ordezkariak Julio Antonio, Daniel González, Enric Casanovas edo Manolo Hugué dira; azken honek klasizismoaren eta abangoardiaren sintesi obra bat lortu zuen. Errealismo berriak, aldiz, Mateo Hernández, Francisco Pérez Mateo edo Ángel Ferranten piezetan gorpuzten dira, eta Joan Rebullen eskultura original eta finduan eta Pablo Gargalloren figurazio modernoan.

Julio Gonzálezek egin zuen burdina soldatuzko eskulturak, Picassorenarekin batera, behin betiko gainditu zuen blokearen ideia, eta aurreratu egin zituen Joaquín Torres Garcíaren eraikuntza kontzeptuak edota Salvador Dalí, Oscar Domínguez, Antoni García Lamolla, Eudald Serra, Marinel.lo eta Cristòfolek landu zuten objektu surrealistaren asmakuntza.

Azkenean, Alberto Sánchezen eskultura surrealistaren originaltasunera eta honek natura eta landa paisaiarekiko erakusten zuen lotura estura iristen da erakusketa. Izan ere, horixe izan zen Madrilen hogeiko urteen amaieraz geroztik egindako abangoardiako eskulturaren gauzarik aurreratuen eta itxaropentsuena, eta funtsezko abiapuntu ere bai, halaber, erakusketa honen ibilbidea osatzen duten bi euskal artista gazterentzat, Nikolas Lekuona eta Jorge Oteizarentzat. Erakusketaren kronologia 1935ean amaitzen da, Oteiza Latinoamerikara abiatu zen urtean alegia.

Proiektu honek Madrilgo Reina Sofía Museoaren laguntza izan du, eskuzabal jokatu baitu obra askoren mailegua ahalbidetzeko unean. Horiez gain, beste hainbat obra bilduma pribatuetatik eta beste museo batzuetatik iritsi dira, tartean baitira Bilboko Arte Eder Museoa, Valladolideko Patio Herreriano Museoa, MNAC (Kataluniako Arte Museo Nazionala), Valentziako IVAM, Arabako Artium, Biblioteka Nazionala, Bartzelonako MACBA, ICO Bildumak, Jaume Morera Museoa, Montserrateko Museoa eta Oteiza Museoa.

Gaiari buruzko argitalpenak

Forma, zeinua eta errealitatea. Espainiar eskultura 1900-1935

Zerikusia duten jarduerak

- Formaren arazoa (2010eko ekainak 5)

Pablo Picassoren planteamendu kubistak erreferentziatzat harturik, figuraren deskonposizioa aztertuko da.

- Eskultura eraikia (2010eko ekainak 6)

Julio González eta Pablo Gargallok 30eko urteetan burdina ebakiz egin lanak dira eskultura sortzeko beste modu bat aztertzeko oinarria.

- Surrealismoa. Lengoaia berri bat (2010eko ekainak 12)

Ametsen mundua eta objektua artelanean txertatzea dira lantegi honetako protagonistak. Eta lanerako tresna nagusia, berriz, irudimena.

- Eskultura marrazten (2010eko ekainak 13)

Erakusketan dauden erliebeek aukera ematen dute formak irudikatzeko unean bolumenak duen garrantzia aztertzeko. Tailer honetan bi dimentsioetatik hiru dimentsioetara igarotzeko prozesua aztertuko da, besteak beste Ángel Ferrant eta Francisco Pérez Mateo artisten hainbat lan baliatuta.