“Oteiza para todos” proiektuak, Alfredo Pinak aurkeztuak, hezkuntzako proiektu baterako Oteiza Museoa-Kutxa Beka jaso du beronen laugarren edizioan, hots, 2012-2013ri dagokionean. Proiektuak egiten duen proposamena errealitate handituaren erabilera teknologikoan oinarritzen da, hain zuzen esparru errealak eta birtualak konbinatzen dituen hezkuntza-tresna bat sortzearren Jorge Oteizaren eskultura-lanaren alderdi formaletatik abiatuta.
Proiektu honen helburua hezkuntza-tresna berria sortzea da. Tresna hau, ondoren, Museoan bertan erabili ahal izango da, hainbat pertsona-talderen arreta, mugikortasuna eta komunikazioa aktibatzeko. Era berean, tresna horrek aukera emango du behar bereziak dituzten eta bere ikasleen aktibazio sentsorial edo motorra landu behar duten beste hezkuntza-zentro batzuetara eramateko.
Errealitate handituak mundu errealeko ingurune fisiko baten ikuste zuzen edo zeharkakoa definitzen du; ingurune horretako elementuak elementu birtualekin konbinatzen dira, eta errealitate misto bat sortzen dute, denbora errealean. Teknologia honen bidez hainbat baliabide landu daitezke, esaterako irudiak pantaila batean proiektatzea, 3D-ko objektu bat ikusteko angelua kontrolatzea, edota objektuaren argi eta kolore intentsitate edo orientazioarekin jolas egitea.
Alfredo Pina Informatikako Ingeniaritzan doktore da Zaragozako Unibertsitatean. Gaur egun Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle elkartua da, eta eskolak ematen ditu UNEDen. Aurkeztu duen proiektuaren osagarri ditu Benoit Bossavit-ek -Informatikako Ingeniaritzan lizentziadun Bordeleko Unibertsitatean- eta Isabel Sánchez Gil-ek –Arte Ederretan lizentziadun Bartzelonako Unibertsitatean, eta unibertsitate berean Lehen Hezkuntzan diplomaduna- eskainitako lankidetza.
Proiektu honen aldeko erabakia joan den azaroaren 28an hartu zuen Oteiza Museoa-Kutxa Bekaren Ebaluazio Batzordeak. Honetako kideak Jorge Oteiza Fundazio Museoaren Patronatuaren lehendakari Francisco Calvo Serraller, Museoaren zuzendari Gregorio Díaz Ereño, Uharteko Huarte Arte Garaikideko Zentroko DEAC-en zuzendari Koldo Sebastián, Oteiza Museoko Didaktika arduradun Aitziber Urtasun, eta Kutxaren Gizarte Ekintzaren Harreman Instituzionaletarako arduradun Mikel Mendarte izan ziren. Bekarako diru kopurua 6.000 eurokoa da, 3.000 euro kontzeptualizaziorako eta beste 3.000 euro jarduera gauzatzeko.



