2018 / 05 / 30
“Arma isilak gerra lasaietarako” Imanol Marrodanen proiektua
  • Imanol Marrodan artistaren “Arma isilak gerra lasaietarako” proiektua aurkezten du Oteiza Museoak
  • Erakusketa-interbentzioa “Interpretazioak” programaren barnean kokatzen da, eta zentroko bilduma iraunkorrean dago ikusgai

 

 

Oteiza Museoak berreskuratu egin du Interpretazioak programa, Imanol Marrodan artistak Altzutzako zentroan egin duen “Arma isilak gerra lasaietarako” erakusketa-proiektuarekin.

Oteizaren obrarekiko topaketa-gune bat sortu nahi duen programako hamargarren interbentzioa da jada. Programa bera museoko bigarren solairuan garatzen da, erakusketa iraunkorrarekiko solasean, eta Oteiza Museoak Eguesibarko Udalarekiko elkarlanean produzitu erakusketa-proiektu hau ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean garatuko da.

Arma isilak gerra lasaietarako proiektu artistikoak 1979ko dokumentu sekretu batetik hartzen du titulua; Bilderberg taldearekin lotzen den dokumentu horretan, itxura batean apenas antzematen diren estrategien bitartez gizarte kontrolerako zenbait tresna abian jartzeko aukera aztertzen zen. Abiapuntu hori erreferentzia harturik, autoreak, bere proiektuarekin, planteatzen du “gaur egungo sorkuntzaren erabilerak, erabilgarritasunak eta aplikazio praktikoak aktibatzea, horiek komunitate sozial, politiko eta ekonomikoen etorkizuna egituratzeko funtsezko elementu eragileetakoak baitira, eta komunitate horietako aldaketa eta eboluzioak determinatzen baitituzte”.

Horretarako, 2011 eta 2018 bitartean egindako egikera desberdineko 7 obra aurkezten ditu; horien artean, batetik 4 eskultura-objektu daude, artefaktu deituak alegia, elementu teknologiko industrialak elementu organikoekin konbinatzearen emaitza direnak.

Multzoa osatzeko, Proiektu pertsonala izeneko diagrama handi bat, proiektua egituratzen duten gogoeta eta konexioei testuingurua emateko, Revelar y Rebelar interbentzioarekin batera. Azkenik, Elurra Anbotoko tontorrean obra jasotzen da. Denbora guztian zehar izozkailu batean ikusgai egongo den obra horrek “muturrera eramaten du espazioaren desokupazioari buruzko ideia, hain zuzen ere Jorge Oteizak hori ulertu zuen moduan”.

“Interpretazioak” zikloko interbentzio hau Pedro Salaberri, Jose Miguel Corral,  Iratxe Montero, David Rodriguez Caballero, Jose Ignacio Agorreta, Koldo Sebastian, Manu Muniategiandikoetxea, Florencio Alonso eta Pedro Oses artistek eginen ondotik iritsi da.

Imanol Marrodan (Bilbo, 1964). Diziplinarteko sortzaile eta ikertzailea; bere lanean, eta besteak beste, jarduera kritikoa jorratzen du gaur egungo artearekin eta pentsamenduarekin lotutako ekitaldien bitartez, bere sorkuntza proiektu pertsonalaren partetzat. Marrodanen lana zenbait herrialdetan eta gaur egungo artearen zenbait feriatan egon da ikusgai, eta bera da AIR: Arte Independiente Revelador “Revealing Independent Art” kultur plataformaren/ingurunearen sortzailea. Erakusketak egin dituen herrialdeen artean Erresuma Batua, Frantzia, Alemania, Portugal, Belgika, Korea, Argentina, Txile, Suitza eta Estatu Batuak daude. Eta zenbait museo eta erakunde publikotako bildumetan du obra, espazio publikoan zertutako beste zenbait interbentzio eta eskultura iraunkor zein galkorrekin batera.

Arma isilak gerra lasaietarako argitalpena

www.imanolmarrodan.com

 

 

Arma isilak gerra lasaietarako

Erakusketaren jatorrizko izena, Silent weapons for quiet wars (Arma isilak gerra lasaietarako), bat dator 1979ko maiatzean datatutako ustezko isilpeko dokumentu baten izenarekin; 1986an aurkitu zuten hori, enkante batean eskuratutako IBM fotokopiagailu batean. Dokumentua Bilderberg taldearekin dago lotuta. Talde horretan, ingeniaritza sozioekonomikoa aplikatuz, kontrol sozialerako zenbait forma garatzen dituzte, natur eta lan bitartekoak menderaturik ekonomia zeharo aurreikusgarria sortu ahal izatearren.  Metodologia horrek agerian uzten du eredu ekonomiko neoliberala produktu diseinatua izan zela, ez baina soilik ekonomia politikoari buruzko ikerkuntzetatik abiatuta, baizik eta diziplina anitzeko analisi bat hartuz abiapuntu, horretan bat egin baitzuten besteak beste matematika, fisika, kimika, psikologia, biologia, medikuntza, soziologia eta antropologiako printzipio zenbaitek.

Dokumentuaren izenburuari atzera testuingurua emanez, duen sorburuaren kontrako leku batean erabiliz, egungo egoeraren eszenatoki iragarle batean kokatuko dugu, gaur egungo sorkuntzako ikerkuntzak garatzen diren testuinguruan alegia, hain zuzen eboluzio, erresistentzia eta aurrerapen politiko-sozial ezaugarriak erakustearren. Kontra-neurriak baitira, berdintasun sozial eta ekonomiko handiagoa lortzearren jakintzaren horizontalizazioa bilatzeko.

Konklusio eta lehentasuntzat, nire sorkuntza proiektuak bilatzen du nabarmenaraztea, argitara ateratzea gaur egungo sorkuntzaren erabilerak, erabilgarritasunak eta aplikazio praktikoak, horiek komunitate sozial, politiko eta ekonomikoen etorkizuna egituratzeko funtsezko elementu eragileetakoak baitira, eta komunitate horietako aldaketa eta eboluzioak determinatzen baitituzte. Izan ere gaur egungo sorkuntza, filosofiarekin eta zientziarekin batera, sistemaren eboluzio lagundu eta kontrolatuan beharrezkoak diren aldaketak aurreikusi eta aplikatzearren botereak erabiltzen dituen tresnetako bat da, komeni berrikuntzak aplikatzen baititu une egokietan, bere interesen arabera betiere.

Esparru eta testuinguru komun orokorra determinatu nahi du, horretan publikoki aitor daitezen sorkuntzazko ikerkuntzaren (okerreko bidetik artistiko deitu horren) esparruko interes, erabilera eta aplikazio zehatzak, eta eginkizun horiek, hezkuntzaren bitartez, herritarrei aditzera eman dakizkien.

Pentsamendu ildo orokor hori esperientzia eta ikerkuntza pertsonalaren emaitza den diagrama edo eskema batean jaso da. Ariketa sintetiko eta eskematikoa da, eta ildo orokor sinple batzuk zabaltzeko erabil daiteke, egungo zein etorkizun hurbileneko zenbait ikerkuntzatarako erreferentzia izan daitezen.

Oteizak abandonatu egin zuen eskulturako hutsari eta desokupazioari buruzko bere asmo esperimentala, beste aplikazio eta jarduera antropologiko, sozial eta politiko batzuetan lan egitearren, betiere irmo defendatuz arteak, sorkuntzak, gizarte sisteman aldaketa positiboak bultzatzeko aurrerapen eta eboluzio eragile gisa izan behar duen erabilera eta funtzioa. Hona hemen nire ikerkuntzen eta Jorge Oteizaren filosofiaren artean dagoen funtsezko harremana, funtsezko lotura: “Pentsamendu sortzailearen aplikazioak”.

    Imanol Marrodán

 

 
2018 / 05 / 15
Museoen Nazioarteko Egunaren programa
  • Museoen Nazioarteko Eguna dela eta sarrera libreko hiru egun, In Tempore Abesbatzaren kontzertua eta La Nave-ren antzezlana antolatu ditu Oteiza Museoak

 

Oteiza Museoak bat egingo du Museoen Nazioarteko Eguneko ospakizunekin. Horretarako, sarrera libreko egunak antolatuko ditu 2018ko maiatzaren 18tik 20ra bitartean, eta horien barnean bi ekitaldi izango dira, In Tempore Abesbatzak eskainiko duen gaur egungo ahots-musika kontzertua, eta La Nave producciones teatrales-ek eskainiko duen Evocaciones literarias de los museos ikuskizun eszenikoa.

 

Ateak zabalik eta Museorako zein programatu diren ikuskizunetarako sarrera doakoa izango den lehen eguna maiatzaren 18a izango da, eta hilaren 20ra arte, igandea, luzatuko dira. Hilaren 19an, larunbata, Carlos Etxeberriak zuzendutako In Tempore Abesbatzak eskainiko duen kontzertu berezia hartuko du Museoko areto nagusiak (12:30 h).

 

Abesbatzak eskainiko duen egitarauaren izenburua Naturarekin elkarrekintzan aritzeko musika da; horren barnean egungo hiru konpositoreren obrak kantatuko dituzte. Konpositoreak honakoak dira: John Rutter britainiarra (Magni􀀏cat anima mea eta Fecit potentiam mugimenduak, 1990eko Magnificat obrakoak), Karl Jenkins galestarra (Cantus triquetrus, Wintertide eta From Our Earth, 2009an konposatutako Stella Natalis obrakoak), eta Ola Gjeilo norvegiarra (2011ko Across the Vast, Eternal Sky, eta 2013ko Song of the Universal); nazioartean ospea irabazitako autoreak dira guztiak, eta munduko kontzertu areto garrantzitsuenetan interpretatuak. Egitaraua osatzeko, Carlos Etxeberria Alonso musikaria izango da, In Tempore Abesbatzaren zuzendaria, 2012an konposatutako Ikerren sehaska-kanta obra aurkeztuko baitu.

Estilo eta joera desberdinak segitzen dituzten konpositore horien musikak kontraste eta ñabardura ugariz osatutako kontzertua osatuko du, XXI. mendeko musika koralaren eboluzioaren parte garrantzitsu baten adierazgarri.

 

Osterantzean, La Nave producciones teatrales konpainiak, hilaren 20an (igandea, 12:30 h), Evocaciones literarias de los Museos ikuskizuna aurkeztuko du. Horretan interpretazio ibilbide bat proposatzen du, autore kopuru aipagarri batek arteari eta museoei eskainitako gogoeta, ideia eta sentsazio multzo zabal batean zehar. Autore bilduma horren barnean ditugu, besteak beste, Balzac, Poe, Henry James, Txekhov, Rilke edo Pio Baroja. Inspirazio faltan den idazlearen eta museoko emakumezko atezain jakintsu baten arteko interpretazio lehiak aukera emango digu autore handi horiek idatzi zituzten kontsiderazioak xehatzeko eta, horien bitartez, gogoeta egiteko, bai artearen inguruan bai artea gordetzera bideratutako espazioen zentzuaren eta espazio horiek kulturaren eta imajinario nagusien eraikuntzan duten eginkizunaren inguruan. Obrako interpreteak Marta Juaniz eta Migel Munarriz izango dira, berek 1992an sortutako taldearen zuzendariak.

 

 
2018 / 05 / 9
Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko Ensembleen kontzertua
  • Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko ensembleek  5 konposizio berri estreinatuko dituzte Oteiza Museoko kontzertuan

Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko Ensembleek 5 obra berri estreinatuko dituzte datorren maiatzaren 12an Oteiza Museoan eskainiko duten kontzertu berezian, gaur egungo ganbera musikako bederatzi konposizio joko dituzten emanaldian.

 

Ekitaldiko egitarauari hasiera emateko obra Iñigo Portoren 3 zk.ko suitea (akordeoia) izango da, eta bera izango da estreinatuko den obretako bat. Besteak, Sonatina milonga eran, David Johnstone-rena (biolina eta akordeoia), Circum et Duplex, Jokin Zabaltzarena (flauta eta akordeoia), Lydian Blues (gitarra, biolina eta akordeoia) eta Contradicción (biolinak, biola, biolontxeloa, klarinetea eta pianoa), Joaquin Taboadak konposatuak azken biak.

 

Programa osatuko duten beste obrak honakoak dira: Sextett, Durwynne Hsieh-rena (biolinak, biola, txeloa, klarinetea eta pianoa), Bajaja printzea, Vaclav Trojan-ena (gitarra, biolina eta akordeoia), Astor in Astorga, Juan Manuel Abras-ena (biolina eta akordeoia) eta Minimal Tango, Taboadarena (flauta eta akordeoia).

 

Kontzertua maiatzaren 12an izango da, eguerdiko 12etan, Oteiza Museoko areto nagusian, eta sarrera doakoa izango da.

 

Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko ensembleak

2018ko maiatzaren 12a
Oteiza Museoaren Areto Nagusia. 12:00 h.

Egitaraua:

 

 

  • 3 zk.ko suitea (1999) *                                                                           Iñigo Porto (1973)

Akordeoia: Gorka Zabaltza

 

  • Minimal Tango (2017) **                                                           Joaquin Taboada (1968)

Flauta: Maitane Guo Yi Urreta

Akordeoia: Maite Mikeleiz

 

  • Sonatina milonga eran (2018) *                                               David Johnstone (1959)

Biolina: Irati Sanz

Akordeoia: Leire Aiestaran

 

  • Circum et Duplex (2018) *                                                              Jokin Zabaltza (1965)

Flauta: Maitane Guo Yi Urreta

Akordeoia: Maite Mikeleiz

 

  • Astor in Astorga (2017)                                                           Juan Manuel Abras (1975)

Biolina: Irati Sanz

Akordeoia: Itsaso Mungia

 

  • Lydian Blues (2018) *                                                                 Joaquin Taboada (1968)

Gitarra: Diana Arnedo

Biolina: Aitana Tudela

Akordeoia: Gorka Zabaltza

 

  • Sextett (2016) ***                                                                         Durwynne Hsieh (1963)
  1. The bright syde

Biolinak: Lara Ferrer, Irene Talledo

Biola: Cynthia Nieves

Biolontxeloa: Andrea Martinez

Klarinetea: Pablo Garcia

Pianoa: Celia Chulia

 

  • Bajaja printzea (1970)                                                              Vaclav Trojan (1907-1983)
  1. Erresuma tristea
  • Zuri kantatzen dizut
  1. Mina
  2. Borroka eta askatzea

Gitarra: Diana Arnedo

Biolina: Aitana Tudela

Akordeoia: Gorka Zabaltza

 

  • Contradicción (2018) *                                                         Joaquin Taboada (1968)

Biolinak: Lara Ferrer, Irene Talledo

Biola: Cynthia Nieves

Biolontxeloa: Andrea Martinez

Klarinetea: Pablo Garcia

Pianoa: Celia Chulia

 

* erabateko estreinaldia

** Berrestreinaldia

*** Estreinaldia Europan

 

 
2018 / 04 / 18
Museatu eta bidaiatu!

 

  • Museoetan banatuko den pasaporteari esker, “museoz museo” ibiltzeko eta artean eta historian zehar bidaiatzeko aukera egongo da, jarduera bereziak egiteaz eta publiko leialenak sari teknologikoak lortzeko aukeraz gain

 

Kulturako Zuzendaritza Nagusiak museoak eta bilduma museografikoak hedatzeko kanpaina bultzatu du, batez ere Nafarroako publikoari eta familiei zuzenduta, haien aisialdi-planetan sartzera animatzeko modu ezberdin eta lagunkoi gisa. Pasaporte baten antzekoa da, eta “Museatu eta bidaiatu!” leloa du; egiaztagiri erakargarria da, zentroei buruzko informazio praktiko eta guzti, museo bakoitzean zigilatzeko.

Ekimenaren helburua da, museo-zentroak, bildumak eta programazioa ezagutzera emateaz gain, hurbileko publikoaren bisitak areagotzea, udako hilabeteetan, garai horretan bisita gutxiago izaten baitira ikasleak ez daudelako. Kopuru osoaren %30a lortu nahi da. Halaber, kanpainaren nahia da Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroa egun osatzen duten erakundeen arteko lankidetza indartzea.

Pasaportea apirilaren 20tik urriaren 20ra bitarte lortu ahal izango da Nafarroako geografian barrena zabalduta dauden hamahiru museo eta bilduma museografikoetako edozeinetan.

Bestalde, zigilua museoan lortuko da, bisitatu ondoren, eta egiaztagiria horietako edozein zentrotan entregatu ahal izango da urriaren 20ra bitarte. Aurkeztutako egiaztagiri guztien artean zozketa egingo da azaroan, eta izaera teknologikoko hiru sari banatuko dira, ICOM 2018 leloa azpimarratzen dutenak: “Museo hiperkonektatuak: ikuspegi berriak, publiko berriak”. Zehazki, telefono adimentsua zozketatuko da sei museo edo gehiago bisitatu dituzten pertsonen artean; tableta lauzpabost zentrora joandakoen artean; eta liburu elektroniko bat hiru museotara hurbildu direnen artean. Sariak CAN Fundazioaren lankidetzari esker eskaintzen dira. Saritua izateaz gain, pasaportearen titularrak zenbait jarduera egin eta opari bereziak jaso ahal izango ditu museo batzuetan.

PASAPORTEA

MUSEOAK ETA BILDUMAK 

  • Nafarroako Museoa, Iruña
  • Karlismoaren Museoa, Estella-Lizarra
  • Fundación Museo Jorge Oteiza Fundazio Museoa, Altzuza
  • Gustavo de Maeztu Museoa, Estella-Lizarra
  • Arte Modernoko Muñoz Sola Museoa, Tutera
  • Tuterako Museoa, Tutera
  • Nafarroako Unibertsitatearen Museoa, Iruña
  • Tulebrasko Monasterioaren Museoa, Tulebras
  • Julian Gayarre Museo-Etxea, Erronkari
  • Ecomuseo Zubietako Errota Molino de Zubieta, Zubieta
  • Las Eretas Museo eta Aztarnategi Arkeologikoa, Berbintzana
  • Henri Lenaerts Zentroa, Irurre
  • Iruñeko Erresumaren Museo Etnografikoa, Arteta
 
2018 / 04 / 4
Sarrera libreko egunak Oteizaren 15. urteurrenean

 

Oteiza Museoaren Altzuzako Zentroan sarrera librea eta doakoa izango da, Jorge Oteizaren (1908ko urriak 21 – 2003ko apirilak 9) heriotzaren 15. urteurrena gogoratzeko. Sarrera libreko egunak 2018ko apirilaren 6, 7 eta 8a izango dira.

Sarrera libreko jardunaldi horietan zehar, bisitariek aukera izango dute “Oteiza 1908-2008. Bilduma” erakusketa bisitatzeko, artistaren eskultura-lanaren eboluzioan zeharreko ibilbide oso bat egin ahal izatearren. Horretaz gain, Asier Mendizabal artistaren “Makotu” aldi baterako erakusketa ere bisitatu ahal izango dute; horretan, artistak berrikusi eta interpretatu egiten ditu Oteizaren obretako batzuk.

Mendizabalen erakusketak zenbait proiektu erakusten ditu, Bentahandi esaterako, Oteizaren pare mugikorraren inguruko gogoeta formaletik eta hari hilarri gisa eman esangura berritik abiatua eta besteak beste 2011ko Veneziako Bienalean aurkeztua, eta Gutun bat helmugara iristen da, preso politiko ezezagunarentzako monumentua sortzeko nazioarteko lehiaketako epaimahaiari —Oteizak parte hartu baitzuen hartan— zuzendutako protesta gutunetik ondorioztatua, eta Londresko Raven Row espazioan aurkeztu zena bera. Ibilbideak Agoramakia proiektuaren lorratzetik segitzen du, Oteizak Liman 1961ean egin Cesar Vallejori omenaldia monumentua abiapuntu harturik 2014ko São Pauloko Bienalerako jorratu baitzuen hori, eta Makotu lanarekin amaitzen da. Azken proposamen honetan, Mendizabalek Oteizak egindako obretako soberako materialetan jartzen du arreta, pieza zati eta ebakinak baitira, funtsean eskulturakoak, baina hondarrezko eta osatugabearen lekuko mantentzen direnak, artelanaren berezko potentzial sinbolikoa ez osatzera kondenatuak itxura batean.

Hiru jardunaldietan zehar, bisitariak lantegi-etxean sartu ahal izango dira, eta horretan ikusgai izango dituzte bai artistari eta artistaren obrari buruzko ikus-entzunezkoak, bai artistaren dimentsio biografiko eta sorkuntzazkoari lotutako unitate tematiko eta geografikoak ere.