• “Intrusos en la casa. Arte moderno, espacio sagrado. Arantzazu, Assy, Audincourt, Rothko Chapel, Vence, 1950-1971”
  • Jorge Oteiza Museoak ematen du argitara, Kutxaren Gizarte Ekintzarekin lankidetzan.
  • Egileak: Jon Echeverria eta Friedhelm Mennekes
  • 452 orrialde. 28 euro

 

Bi Mundu Gerrek ekarritako hondamendiak ondorio garrantzitsuak utzi zituen Europako Eliza Katolikoaren eta arte modernoaren arteko harremanetan. Tenplu berriak eraikitzeko edota hondatutakoak konpontzeko premiaren aurrean, honako galdera hau sortu zen: zein estilo jarraitu beharko litzateke horretarako? Izan ere, Eliza Katolikoak baimendutako irudi-adierazpen moduen eta garai hartako arte aurrerakoienaren artean zabaltzen zen zuloa zabala eta sakona zen. Oteiza Museoaren eta Kutxaren arteko lankidetzaren eskutik argitaratzen den “Arrotzak etxean. Arte modernoa, espazio sakratua. Arantzazu, Assy, Audincourt, Rothko Chapel, Vence, 1950-1971” lanak erlijio-artea eraberritzeko ahalegin horretara arte modernoak ekarri zituen asmo estetikoak zein kulturalak aztertzen ditu, eta, aldi berean, Arantzazuko Andre Mariaren Basilika berriaren (1950-1969) eraikuntzaren inguruko polemikak eta debekuak berraztertzen ditu. Aipatzekoak dira lan berean parte hartu zuten artista handi batzuk: Jorge Oteiza, Carlos Pascual de Lara, Nestor Basterretxea, Eduardo Chillida, Xavier Alvarez de Eulate edo Lucio Muñoz, besteak beste. Arantzazuko basilika munduko erreferentea da arkitekturaren eta plastikaren arloetan, bereziki XX. mendeko erdialdeko eraikin erlijiosoen eremuan.

Argitalpen berri horrek oinarrizko hiru atal dauzka. Lehenengoak Jon Echeverriaren (Giza zientzietan doktore Pompeu Fabra Unibertsitatean, Jorge Oteizaren obrari eta pentsamenduari buruzko doktore-tesiari esker, eta Berlingo Künste-ko Unibertsitatean ikerlari) testu homonimoa biltzen du, eta, bertan, erlijio-imajinagintza eraberritzeko gogoaren eskutik sortu zen krisira hurbilketa analitikoa eta historikoa egiten du. Izan ere, Erromanikoa edota Gotikoa garai konkretu batek bizi dituen baldintzen edo ezaugarrien irudikapena direla onartzen bada, zein izan behar ote du XX. mendean elizen eraikuntzan edo eraberritzean oinarri estilistikoa nagusia? Ikerlan horretan Eliza Katolikoaren sektore baten ezezkoa jaso zuen auzi hori aztertzen da. Izan ere, horren ondorioz, hausnarketa sakona egitera behartu zituen, erlijiozko arkitekturaren alorrean ez ezik, arte plastikoen alorrean ere. Bi mundu gerren arteko tartean, eta 1945. urtetik aurrera batik bat, erlijio-espazio berrietara bideratu beharreko irudien eta forma plastikoen izaerak sortzen duen auziak eztabaida bizia piztu zuen elizatik kanpo zein elizaren baitan. Eztabaida horien guztien muinean, Elizaren baitatik bultzatu ziren eta artista moderno nabarmenek burutu zituzten hainbat proiektu ezagun aztertzen dira, adibidez, Parisko Notre-Dame Katedrala, Audincourt hiriko Sacré Coeur basilika, edota Vence herriko Arrosarioaren Kapera. Azken horrek hain zuzen, Elizaren sektore aurrerakoienen babesa jaso zuen, eta artista moderno ospetsuek parte hartu zuten bertan (Henri Matisse, Georges Braque, Georges Rouault, Fernand Leger, Jacques Lipchitz, Marc Chagall, Germaine Richier eta Jean Bazaine, besteak beste). Baina proiektu horien guztien artean, bereziki nabarmentzen da Arantzazuko Basilika berria, bertan egin nahi izan ziren hainbat asmo artistikok Vatikanoko Arte Sakroko Batzordeak debekatu egin zituelako.

 

Liburuko bigarren atalean, berriz, dokumentazio bilduma zabala azaltzen da, orain arte argitaratu gabea gehien-gehiena. Arantzazuko Basilikaren eraikuntza prozesuari buruzko dokumentazioa da, eta, bertan, artisten aitormenak, eraikuntza-lanen ezaugarriak eta Vatikanoaren aginduz etorritako debekuari buruzkoak biltzen dira.

Amaitzeko, “Espiritualtasunaren arrastoa arte garaikidean” izeneko testua ekartzen du liburuak argitara, Friedhelm Mennekes-ek (Koloniako Kunst Station-en zuzendari eta arte aditua) idatzia. Testu horretan, erlijio-izaeraren arrastoari jarraitzen dio gaur egungo artisten lanetan barrena, eta gai hori bera ardatz harturik 1980. urteaz geroztik egin diren erakusketak eta argitalpenak ere aztertzen ditu.