“Arma isilak gerra lasaietarako” Imanol Marrodanen proiektua
  • Imanol Marrodan artistaren “Arma isilak gerra lasaietarako” proiektua aurkezten du Oteiza Museoak
  • Erakusketa-interbentzioa “Interpretazioak” programaren barnean kokatzen da, eta zentroko bilduma iraunkorrean dago ikusgai

 

 

Oteiza Museoak berreskuratu egin du Interpretazioak programa, Imanol Marrodan artistak Altzutzako zentroan egin duen “Arma isilak gerra lasaietarako” erakusketa-proiektuarekin.

Oteizaren obrarekiko topaketa-gune bat sortu nahi duen programako hamargarren interbentzioa da jada. Programa bera museoko bigarren solairuan garatzen da, erakusketa iraunkorrarekiko solasean, eta Oteiza Museoak Eguesibarko Udalarekiko elkarlanean produzitu erakusketa-proiektu hau ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean garatuko da.

Arma isilak gerra lasaietarako proiektu artistikoak 1979ko dokumentu sekretu batetik hartzen du titulua; Bilderberg taldearekin lotzen den dokumentu horretan, itxura batean apenas antzematen diren estrategien bitartez gizarte kontrolerako zenbait tresna abian jartzeko aukera aztertzen zen. Abiapuntu hori erreferentzia harturik, autoreak, bere proiektuarekin, planteatzen du “gaur egungo sorkuntzaren erabilerak, erabilgarritasunak eta aplikazio praktikoak aktibatzea, horiek komunitate sozial, politiko eta ekonomikoen etorkizuna egituratzeko funtsezko elementu eragileetakoak baitira, eta komunitate horietako aldaketa eta eboluzioak determinatzen baitituzte”.

Horretarako, 2011 eta 2018 bitartean egindako egikera desberdineko 7 obra aurkezten ditu; horien artean, batetik 4 eskultura-objektu daude, artefaktu deituak alegia, elementu teknologiko industrialak elementu organikoekin konbinatzearen emaitza direnak.

Multzoa osatzeko, Proiektu pertsonala izeneko diagrama handi bat, proiektua egituratzen duten gogoeta eta konexioei testuingurua emateko, Revelar y Rebelar interbentzioarekin batera. Azkenik, Elurra Anbotoko tontorrean obra jasotzen da. Denbora guztian zehar izozkailu batean ikusgai egongo den obra horrek “muturrera eramaten du espazioaren desokupazioari buruzko ideia, hain zuzen ere Jorge Oteizak hori ulertu zuen moduan”.

“Interpretazioak” zikloko interbentzio hau Pedro Salaberri, Jose Miguel Corral,  Iratxe Montero, David Rodriguez Caballero, Jose Ignacio Agorreta, Koldo Sebastian, Manu Muniategiandikoetxea, Florencio Alonso eta Pedro Oses artistek eginen ondotik iritsi da.

Imanol Marrodan (Bilbo, 1964). Diziplinarteko sortzaile eta ikertzailea; bere lanean, eta besteak beste, jarduera kritikoa jorratzen du gaur egungo artearekin eta pentsamenduarekin lotutako ekitaldien bitartez, bere sorkuntza proiektu pertsonalaren partetzat. Marrodanen lana zenbait herrialdetan eta gaur egungo artearen zenbait feriatan egon da ikusgai, eta bera da AIR: Arte Independiente Revelador “Revealing Independent Art” kultur plataformaren/ingurunearen sortzailea. Erakusketak egin dituen herrialdeen artean Erresuma Batua, Frantzia, Alemania, Portugal, Belgika, Korea, Argentina, Txile, Suitza eta Estatu Batuak daude. Eta zenbait museo eta erakunde publikotako bildumetan du obra, espazio publikoan zertutako beste zenbait interbentzio eta eskultura iraunkor zein galkorrekin batera.

 

www.imanolmarrodan.com

 

 

Arma isilak gerra lasaietarako

Erakusketaren jatorrizko izena, Silent weapons for quiet wars (Arma isilak gerra lasaietarako), bat dator 1979ko maiatzean datatutako ustezko isilpeko dokumentu baten izenarekin; 1986an aurkitu zuten hori, enkante batean eskuratutako IBM fotokopiagailu batean. Dokumentua Bilderberg taldearekin dago lotuta. Talde horretan, ingeniaritza sozioekonomikoa aplikatuz, kontrol sozialerako zenbait forma garatzen dituzte, natur eta lan bitartekoak menderaturik ekonomia zeharo aurreikusgarria sortu ahal izatearren.  Metodologia horrek agerian uzten du eredu ekonomiko neoliberala produktu diseinatua izan zela, ez baina soilik ekonomia politikoari buruzko ikerkuntzetatik abiatuta, baizik eta diziplina anitzeko analisi bat hartuz abiapuntu, horretan bat egin baitzuten besteak beste matematika, fisika, kimika, psikologia, biologia, medikuntza, soziologia eta antropologiako printzipio zenbaitek.

Dokumentuaren izenburuari atzera testuingurua emanez, duen sorburuaren kontrako leku batean erabiliz, egungo egoeraren eszenatoki iragarle batean kokatuko dugu, gaur egungo sorkuntzako ikerkuntzak garatzen diren testuinguruan alegia, hain zuzen eboluzio, erresistentzia eta aurrerapen politiko-sozial ezaugarriak erakustearren. Kontra-neurriak baitira, berdintasun sozial eta ekonomiko handiagoa lortzearren jakintzaren horizontalizazioa bilatzeko.

Konklusio eta lehentasuntzat, nire sorkuntza proiektuak bilatzen du nabarmenaraztea, argitara ateratzea gaur egungo sorkuntzaren erabilerak, erabilgarritasunak eta aplikazio praktikoak, horiek komunitate sozial, politiko eta ekonomikoen etorkizuna egituratzeko funtsezko elementu eragileetakoak baitira, eta komunitate horietako aldaketa eta eboluzioak determinatzen baitituzte. Izan ere gaur egungo sorkuntza, filosofiarekin eta zientziarekin batera, sistemaren eboluzio lagundu eta kontrolatuan beharrezkoak diren aldaketak aurreikusi eta aplikatzearren botereak erabiltzen dituen tresnetako bat da, komeni berrikuntzak aplikatzen baititu une egokietan, bere interesen arabera betiere.

Esparru eta testuinguru komun orokorra determinatu nahi du, horretan publikoki aitor daitezen sorkuntzazko ikerkuntzaren (okerreko bidetik artistiko deitu horren) esparruko interes, erabilera eta aplikazio zehatzak, eta eginkizun horiek, hezkuntzaren bitartez, herritarrei aditzera eman dakizkien.

Pentsamendu ildo orokor hori esperientzia eta ikerkuntza pertsonalaren emaitza den diagrama edo eskema batean jaso da. Ariketa sintetiko eta eskematikoa da, eta ildo orokor sinple batzuk zabaltzeko erabil daiteke, egungo zein etorkizun hurbileneko zenbait ikerkuntzatarako erreferentzia izan daitezen.

Oteizak abandonatu egin zuen eskulturako hutsari eta desokupazioari buruzko bere asmo esperimentala, beste aplikazio eta jarduera antropologiko, sozial eta politiko batzuetan lan egitearren, betiere irmo defendatuz arteak, sorkuntzak, gizarte sisteman aldaketa positiboak bultzatzeko aurrerapen eta eboluzio eragile gisa izan behar duen erabilera eta funtzioa. Hona hemen nire ikerkuntzen eta Jorge Oteizaren filosofiaren artean dagoen funtsezko harremana, funtsezko lotura: “Pentsamendu sortzailearen aplikazioak”.

    Imanol Marrodán