2018 / 06 / 18
“Hoyo, agujero y vacío. Conclusiones espaciales en Jorge Oteiza” argitalpen berria
  • “Hoyo, agujero y vacío. Conclusiones espaciales en Jorge Oteiza” argitalpena aurkezten dute Oteiza Museoak eta COAVNek

 

  • Jorge Ramosek eskultorearen obra aztertu eta artearen eta arkitekturaren arteko begirada konparatua ezartzen du

 

 

Argitalpena: Hoyo, agujero y vacío. Conclusiones espaciales en Jorge Oteiza
Egilea: Jorge Ramos Jular
Editorea: Jorge Oteiza Fundazio Museoa eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoaren (COAVN) Nafarroako Ordezkaritza, Eguesibarko Udalarekiko lankidetzan.
360 or. Prezioa: 23 euro

 

Jorge Oteizak bere proiektu artistiko esperimentalean definitu zuen espazioaren identitate berezia aztergai da “Hoyo, agujero y vacío. Conclusiones espaciales en Jorge Oteiza” argitalpenean. Lan horrek jaso egiten du Jorge Ramos Jular arkitekto eta Valladolideko Arkitektura Eskolako irakasleak, zera arkitektonikoaren berezko tratamendu espazialarekiko lotura berriak ezarri ahal izateko abiapuntutzat, espazio oteitzarraren ontologiaren inguruan egin ikerlana.

 

Autoreak proposatzen duen irakurketa konparatuak premisa bat du abiapuntu; horren arabera Oteizaren eskultura, erlazio metaketa prozesutzat, arkitekturakotik hurbileko espazio-ideia baten erabileraren emaitzatzat azal daiteke, hark arkitekturako proiektuekin garatu zituen kolaborazio edo harreman zuzenetatik harago, zeren eta Oteizak berak esan baitzuen bere lan plastikoa testuinguruan kokatzeko “arkitekturaren arabera” jokatzen zuela.

 

Horretarako, lanak bi tresna eraginkor ditu oinarri. Lehenik, eskultoreak kontsultatu eta produzitu zituen idazlanetako asko baliatu dira, bai argitalpenetan jasoak bai eskuz idatzi edo mekanografiatutako testu ugari, oraindik argitaratzeke badaude ere horietako asko, Jorge Oteiza Fundazio Museoak berreskuratu eta ikertzaileen eskura jartzea lortu baitu.

 

Erabili den bigarren tresna Oteizaren obren analisi grafiko eta fotografikoa izan da, 1957ko São Pauloko Bienalean izan zuen partaidetza zela-eta finkatutako forma-familiak ordezkatzen zituzten zenbait piezatan eta 1959an eskulturaren praktika abandonatu zuen arte Bienalaren ondotik garatu zituenetan bildurik nagusiki.

 

Horiei buruz egin interpretaziotik atera konklusioek aukera eman dute diskurtso ireki berria eraikitzeko. Horretan, erlazio- eta esangura-hustzat ulertutako espazio kontzeptuaren gaineko gogoeta esperimentala dira eskulturak, espazio kontzeptu hori hiru kategoria espazialetan banatuta dagoela, hoyo, agujero eta vacío (hobi, zulo eta huts) gisa alegia; kategoria horiek, bere aldetik, eskultura oteitzarraren eta arkitektura esparruaren arteko analisi konparatiborako metodo gisa balia daitezke.

 

Argitalpena autoreak aurkeztutako El espacio activo de Jorge Oteiza tesitik abiatzen da, eta Jorge Oteiza Fundazio Museoak eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (COAVN) Nafarroako Ordezkaritzak editatu dute, Eguesibarko Udalarekiko lankidetzan. Ikerkuntzaren esparruan bildutako Centauro bildumako seigarren titulua da.

 

Jorge Ramos Jular (Valladolid, 1976) arkitekturan doktorea da, Nazioarteko Aipamenaz, 2014an, Valladolideko Unibertsitatean, “El espacio activo de Jorge Oteiza” tesiarekin. 2003an arkitekto titulua eskuratu zuen Valladolideko Arkitekturako Eskola Teknikoan. Arkitektura Proiektuetako irakasle lanean ari da bertan. Arkitekturako Teoria eta Proiektu irakaslea izan da, halaber, Universidade da Beira Interior-en (Portugal), hamaika urtez, eta Visiting Professor, 2018an, Università IUAV di Venezia-n. Zenbait arte diziplinaren eta arkitekturaren arteko harreman espazialei buruzko lan asko argitaratu ditu liburu, aldizkari edo biltzarretan.  2015 eta 2016 bitartean Venezia, Covilhã (Portugal) eta Burgosen erakusgai jarri zuen, Juan Carlos Quindos artistarekin batera, Jorge Oteizaren eskulturen espazio gaitasunei buruzko “Conclusión Abierta. El Espacio Activo de Jorge Oteiza” izeneko marrazki eta argazki sorta.