2019 / 05 / 27
‘Makla, mamua, bismuto, vicario’ argitalpena saritu egin dute DNA Paris Design Awards nazioarteko lehiaketan

 

 

DNA Paris Design Awards-ek saritu egin dute Franziska Estudio-k diseinatu eta Oteiza Museoak editatutako ‘Macla, mamua, bismuto, vicario’ katalogoa, Karlos Martinez B eta Javier Arbizu artistek garatutako izen bereko erakusketa-proiektuaren osagarri iaz argitaratua; erakusketa-proiektua bera 2018ko ekainaren 27tik 2019ko urtarrilaren 20ra bitartean gauzatu zen.

Katalogo argitaratua diseinu editorialaren atalean atera da irabazle. Argitalpena Uharteko Arte Garaikideko Zentroarekin batera garatutako Hazitegia programaren barruan egon zen, programaren laguntzaile izan zirela, era berean, Caniche Editorial, Nafarroako Kutxa Fundazioa, La Caixa Fundazioa eta Eguesibarko Udala.

 

Duela gutxi sortutako lehiaketa horrek German Design Awards-en ildotik segitzen du, eta europar erreferentzia da zenbait arlotan, hala nola arkitektura, interiorismo, packaging eta diseinu grafikoarenean beronen alderdi guztiak harturik, nazioarteko joerak aurkitzeko eta ezagutzeko bidean.

 

Epaimahaiak, diseinuaren munduko izen handiak tartean, esaterako Marcus Engman suediarra, 2018an munduko 50 sortzaile onenen artean aukeratua, eta Daft Punk taldearen laguntzaile diren Cattelan eta Ferrari italiarrak, proiektu hau eta beste hiru proiektu editorial saritu ditu diseinu grafikoaren atalean, inskripzioak milatik gora zirela.

 

‘Macla, mamua, bismuto, vicario’ argitalpenak erakutsi egiten du aipatu artistek Oteizaren obraren inguruan garatu zuten eskultura-proiektua, Madrilgo Huarte Etxean eta Oteiza Museoan egin ziren bi erakusketa-interbentziotan gauzatua.

 

Formatu arinekoa eta ikusteko egina, katalogoak proiektuaren espiritua islatzen du, batetik zenbait material konbinatuz –papera, gardenkiak, tinta metalikoak– eta, bestetik, maketazioa landuz, ezen forma eta bolumenen arteko segidako topaketak behartzen ditu, Oteizaren obran berezkoa den eta proiektu osoa gidatzen duen “makla” ideiaren aipamen gisa.

 

Sari banaketa datorren ekainaren 28an izango da, Parisko Magasins Généraux Sorkuntza Zentroan, eta Summer Design Conference izeneko lantegi eta hitzaldiz osatu hiru jardunaldiei amaiera emateko ekitaldia izango da.

 

Sari hori gehitu egingo zaio Franziska Estudio-k diseinatu eta Oteiza Museoak editatutako Orgazko kondearen hobiratzea argitalpenak 2015ean Fedrigoni Top Award-ean lortutako izendapenari.

 

Argibide gehiago: