“AGIÑA”, Maria Sanchezen ikus-entzunezko obra

 

  • Pieza hori Hazitegia programakoa da. Uharteko Arte Garaikideko Zentroarekin batera garatzen ari den programa horren xedea Jorge Oteizaren inguruko sorkuntza sustatzea da.
  • 2019 ekainak 7- irailak 29

Argazkia: Jon Cazenave

Maria Sanchez artista, Agiña ikus-entzunezkoaren bitartez, Jorge Oteizaren unibertsora hurbildu da. Guztira 14 minutu egiten duen pieza horretan, autoreak aurrez aurre jartzen ditu abandonuaren, porrotaren ideia eta arte eta sorkuntzaren berezko zentzua, Jorge Oteizak eta Luis Vallet arkitektoak Agiñako inguru naturalean 1959an egin “Aita Donostiaren omenez” obrari lotuta.

Ikus-entzunezkoa Oteiza Museoan aurkeztu da, eta espazio horretan bertan emango da 2019ko ekainaren 7tik irailaren 29a arte, Hazitegia programaren barnean. Oteiza Museoak eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroak sustatzen duten eta Nafarroako Kutxa Fundazioaren eta La Caixa Fundazioaren laguntza duen Hazitegia programak Jorge Oteizaren obraren inguruko gogoeta gune berriak sortzea du xede.

Agiña proiektuaren sorburua topaketa bat da, Lesakako udal barrutian dagoen Agiña mendian zehar ibilaldi bat egitearren arrantzale talde batekin egin topaketa, zehazki. Ibilbideak izen bereko megalitogunea zeharkatu zuen –historiaurreko esku-hartze sekuentzia oso bat da bertan, hala nola cromlechak, tumuluak eta trikuharriak–, “Aita Donostiaren omenez” obra (1959) dagoen lekura iritsi arte. Obra hori osatzen duten elementuak Jorge Oteizak egin eskultura eta Luis Vallet arkitektoak proiektatutako kapera dira, paisaian hondartutako ontzi baten formakoa azken hau. Leku horretako Neolitoko cromlechekiko solasean, nostalgia agertzen da, hutsa, isiltasuna eta zoria, eta horiexek dira Maria Sanchezek Jorge Oteizaren figurara hurbiltzeko baliatu duen obra egituratzen duten elementuak.

Maria Sanchezen Oteizarekiko lehen hurbilketa berak egin tesiko ikerketari lotuta garatu zen; izan ere, sorkuntza-lana bere bizitzako etapa goiztiar batean abandonatu zuten artistak izan zituen ikerketagai. Abiapuntu horretatik, eta Oteizaren obra poetikoa ezagutu eta Oteiza Museoko dokumentu artxiboa aztertu ondoren, artistak Agiñako espazioa bisitatu eta bere proiektua inguru esanguratsu horretan kokatzea erabaki zuen. “Nire ideia zen Oteiza idulkitik jaistea sinbolikoki, eta harengan bilatze lana egitea, pertsonalaren errepertoriotik abiatuta. Une horretatik aurrera, eta Agiña bisitatu ondoren, leku gordetzat, leku ezkututzat interesatu zitzaidan, misterio karga duen lekutzat, eta leku horrekin lan egiten hasi nintzen, abandonu eta porrot ideiatik”, diosku egileak.

Luis Valletek proiektatutako kaperaren presentziak, paisaian hondartutako ontzi baten antzera dago formalki sortuta, arrantzale taldearekiko topaketa eragin zuen eduki metaforikoa eskaini zuen. “Ontziaren egoera bizi izatea interesatzen zitzaidan, mendian finkatuta baitago, testuingurutik kanpo eta erabilerarik gabe, betiko osatugabe geratu beste paturik izango ez duen objektu gisa. Elementu horiek guztiek aukera ematen zidaten Oteizari eta artearen eginkizun beti osatugabeari lotutako porrot ideiarekin konektatzeko.”

Osterantzean, Agiña lanak Andoni Egañaren bertso bat ere badauka, proiektu honetarako berariaz egin eta kantatua.

Museoko bigarren solairuak hartuko du ikus-entzunezkoaren proiekzioa, eta Jorge Oteizak 1959an Agiñako espazioan gauzatutako esku-hartzearen prozesuaren parte gisa egin zuen “Aita Donostiaren omenez” eskulturari lotuta ikusi ahal izango da bertan.

Maria Sanchez espazio publiko eta intimoetan esku-hartzeak garatzera bildutako artista bat da; esku-hartze horiek dokumentatzeko, ikusizko zenbait bitarteko erabiltzen ditu, argazkia edo bideoa kasu. Jaso dituen sari eta errekonozimenduen artean, nabarmenenak Encontro Artistas Novos Argentina (2016), Santander Fundazioak eman Produkzio Saria (2014), Roberto Villagraz Nazioarteko Beka (2011), eta Artista Gazteentzako Luis Adelantado Nazioarteko Deialdia (2011) dira. 2014an Mieldeabeja argitaratu zuen, PHE 15ean 2014ko argazki-liburu onenen artean aukeratua bera.

 

  •  “Gertutik sentitu guztia” lantegia dute Maria Sanchez artistarekin

Oteiza Museoak eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroak “Gertutik sentitu guztia” lantegia programatu dute. Maria Sanchez artistak garatuko duen lantegia 2019ko ekainaren 2tik 23ra izango da, egoitza bietan.

Lantegi honen programazioa sorkuntza proiektu bat gauzatzera zuzenduko da, eta objektuekin eta pertsonekin erlazionatzeko modu berriei ekingo die, gogoeta eta jardun artistikotik abiatuta. Lantegiaren antolaketa ariketa sinple batzuetatik abiatuko da, horiek bultzada izango baitira, eta abiapuntua, jardun artistikoek gure ingurune fisiko eta afektiboarekin lotzeko modu berriak ezartzeko duten gaitasuna esploratu, berraztertu eta birdefinitzearren.

Datak. 2019ko ekainaren 21etik 23ra. Egoitzak. Oteiza Museoa + Uharteko Arte Garaikideko Zentroa

Ordutegia:Ekainaren 21a, ostirala. 16:00etatik, 19:00etara. Oteiza Museoa. Ekainak 22, larunbata. 10:00etatik, 14:00etara eta 16:00etatik, 19:00etara. Oteiza Museoa. Ekainak 23, igandea. 10:00etatik 14:00etara. Uharteko Arte Garaikideko Zentroa.

Nori zuzendua: Arte Ederretako, Artearen Historia edo antzeko gradu ikasleak, gradu-ondoko ikasketak eta doktoregaiak, artistak, arkitektoak, komisarioak, arte-kritikariak sormen-proiektu bat egiteko interesa duen edozein pertsonari zuzendua.

Bertaratuek eman beharreko materialak: Sakelako telefonoa kargatuta eta selfie makila.

Parte hartzeko baldintzak: Posta elektroniko bat bidali didactica@museooteiza.org helbidera, profil profesionala eta tailerra egiteko motibazioa adieraziz. Gehienez 15 parte-hartzaile onartuko dira.