“Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969” erakusketa

 

  •  “Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969” erakusketak eskultorearen obra publikoko proiekturik garrantzitsuena aztertzen du, haren amaieraren 50. urteurrenean

 

  • Proiektua bi egoitzatan aurkezten da, Oteiza Museoan eta Gandiaga Topagunean, eta proiektuari lotutako 200 pieza ditu ikusgai

 

Erakusketa: Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969
Oteiza Museoa: 2019ko ekainak 19 – urriak 27. Gandiaga Topagunea: 2019ko ekainak 28 – urriak 27.
Komisarioa: Elena Martin Martin, Oteiza Museoko kontserbatzailea.
Erakusketaren diseinua: Javier Balda
Jorge Oteiza Fundazio Museoaren, Arantzazu Gaur Fundazioaren eta Arantzazuko Frantziskotarren produkzioa. Babesleak: Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentua eta Kutxa Fundazioa. Laguntzaileak: Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Acción Cultural Española (AC/E), Eguesibarko Udala, Ulma Fundazioa eta Arantzazuko Adiskideak Elkartea.

Jorge Oteizak Arantzazuko basilikako fatxadarako gauzatu zuen eskulturako esku-hartzea artistak egin zuen obra publikorik garrantzitsuena da, arte eta arkitektura modernoak iritsitako goreneko uneetako bat, eta estetika erlijiosoak XX. mendean izan zuen berrikuntzaren ikurretakoa halaber. Eskultorearen esku-hartzea amaitu eta 50 urtera, “Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969” erakusketak proiektua aztertu eta esku-hartze horri lotutako 200 piezatik gora erakusten ditu, inoiz erakutsi gabeak horietako asko eta asko.

Asmo handiko proiektu horren esangura artistiko eta kulturala aztertzea eta behar duen zabalkundea ematea xede duen erakusketaren sustatzaileak Jorge Oteiza Fundazio Museoa, Arantzazu Gaur Fundazioa eta Arantzazuko Frantziskotarrak dira. Erakusketak bi egoitza izango ditu, Oteiza Museoa (2019ko ekainak 19–urriak 27) eta Arantzazu Gaur Fundazioaren egoitza den Gandiaga Topagunea (2019ko ekainak 28–urriak 27). Programak zenbait egoitzatan garatuko ditu ekintzak  Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuaren eta Kutxa Fundazioaren babesarekin, eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren, Acción Cultural Española-ren (AC/E), Eguesibarko Udalaren, Ulma Fundazioaren eta Arantzazuko Adiskideak Elkartearen laguntzarekin.

Erakusketak arte prozesuaren bilakaera aztertzen du, bilakaera horrek izandako etapak zehazki, eta igeltsuz egin berrehundik gora eskultura-estudio erakusten ditu, inoiz erakutsi gabeak horietako gehienak. Oteizak planteatutako estatuariaren garapenaren bitartez, artistaren bilaketa kontzeptual eta sinbolikoak uler ditzakegu, haren eskulturak izandako eboluzioa, horretan islatu egin baitzuen espazioa eta hutsa espiritualarekin identifikatzearen inguruan egin zituen gogoeta estetikoen alderdi garrantzitsu bat, eta baita arteak imajinario sinboliko berriak sortu eta horiek gizartera proiektatzeko duen gaitasuna ere. Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 honek sakon analizatzen du eskulturako proiektuaren bilakaera, arkitektura alderdiarekin izan zuen loturarekin batera, ahantzi gabe ordea eskultoreak, 1969an, obra instalatzea lortu zuen arte instalazio hori eragotzi zuten eliz galarazpenak eta planteatu ziren aukerak. Proiektuak artista garaikide multzo aipagarria bildu zuen, tartean ziren-eta Carlos Pascual de Lara (Lucio Muñozek ordezkatu zuen geroago), Nestor Basterretxea, Eduardo Chillida, Xabier Alvarez de Eulate, Lucio Muñoz, Xabier Egaña eta Jorge Oteiza bera, proiektu komuna gauzatu behar zuten-eta Francisco Javier Saenz de Oiza eta Luis Laorgaren arkitekturako garapenetik abiatuta.

Erakusketa-proiektua erakunde antolatzaileen egoitzetan garatuko da, eta aukera emango du Oteizak basilikako fatxadan esku hartzeko landu proiektuaren funtsezko oinarriak ulertzeko zein haren garapena markatu zuten une erabakigarriak ezagutzeko. Proiektuko komisarioa Elena Martin da, Oteiza Museoko kontserbatzailea, erakusketaren diseinua Javier Baldak egin du, eta Arantzazuko obra instalatzeko prozesuan zehar Oteizak grabatutako irudi originaletatik abiaturik Xabier Erkizia artistak berariaz prestatutako soinuzko esku-hartzea ere izango da. Obrak Oteiza Museoko bildumakoak, Arantzazuko Frantziskotar Anaidia Bildumakoak, Sáenz de Oiza Artxibokoak eta mailegu emaile partikularrenak dira; aipatu behar, halaber, Elías Querejeta Zine Eskolaren laguntza.

Erakusketarekin batera, Oteiza Arantzazun argitalpenaren edizioa izango da. Horretan, eta aldizkari moduan, proiektuaren bilakaera kontatzen da, era dibulgaziozko eta ikusizko batez, dokumentazio grafiko ugarirekin eta Elena Martin eta J. P. Huercanosen testuekin. Argitalpen horren ondotik, Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 lanaren edizioa izango da, non Oteizaren eskultura-proiektuaren bilakaera jasoko baita, luze eta zabal eta osorik, fatxadaren behin betiko itxuraketan zerikusia izan zuten eragile eta zertzelada guztiez gain. Lan horren oinarrian autoreak, Elena Martinek, izen bereko doktore tesirako egin ikerkuntza dago.

Erakusketa Oteiza Museoan

2019ko ekainak 19 – urriak 27

Oteiza Museoak hartuko duen erakusketa prozesu artistikoaren bilakaeran bilduko da nagusiki, bilakaera horren etapetan, eta igeltsuzko eskultura-estudio sorta zabala erakutsiko du; inoiz erakutsi gabeko obrak dira gehienak, artistaren legatukoak, Oteiza Museoan gordeak.  Erakusketak planteatzen duen ibilbideak behin betiko proiektuaren klabeak eta artistak azken fatxadara iritsi arte planteatutako irtenbideak aztertzen ditu, hark “espazio harkorra, isolatzaile metafisikoa” izan behar baitzuen, Oteizak berak esan moduan. Erakusketak prozesuko zenbait atal aztertzen ditu, esaterako Oteizak Arantzazun planteatutako eskultura-kontzeptua, horma-erliebearen planteamendua, Apostoluen frisoaren eta Ama Birjinaren ikonografiaren definizioa edota espazio espirituala definitzeko klabeak, eta azalpen gisako kronologia batez amaitzen da, dokumentazio grafiko ugari emanez horretan.

 

Erakusketa Gandiaga Topagunean

2019ko ekainak 28 – urriak 27

Proiektu hau osatzen duen bigarren erakusketa Gandiaga Topagunean inauguratuko da, Arantzazu Gaur Fundazioaren egoitzan, ekainaren 28an. Oteizak Arantzazun zertu zuen esku-hartzearen kontakizun kronologikoa egingo du, eraikuntza-lanak 1950ean hasi zirenetik 1969an behin betiko instalazioa amaitu zen arte.

Sekuentzia gisa, eta garapen kronologikoa harturik oinarri, proiektuaren klabeak azalduko dira, 40 eskultura ingururen bitartez (Oteiza Museokoak eta Arantzazuko basilikako santutegiko komentukoak dira) eta Arantzazuko Santutegiko Artxiboko eta Oteiza Museoko Ikerkuntza Zentroko dokumentazio, argazki, prentsa eta ikus-entzunezko ugari baliatuta. Ibilbidea hasteko, proiektuaren hasierako arkitekturaren eta eskulturaren analisia egingo da, ondoren eskultura erlijiosoaren berrikuntzaren klabeak aztertuko dira, eta enkarguaren zehaztapena, artelanen geldiaraztea eta proiektua amaitzearren Oteiza Arantzazura itzultzea izango ditu hurrengo gaiak.

  • Ospakizun ekitaldia

 

Gandiaga Topaguneak, irailaren 21ean, Oteizaren obra Arantzazuko basilikako fatxadan instalatu zuteneko 50. urtemuga ospatzeko ekitaldia hartuko du.

Mahai inguru formatuan, Arantzazuren garrantzia aztertuko da, bere testuinguru historikoan.

Jardunaldia amaitzeko, Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 argitalpena aurkeztuko da, eta Arantzazuko basilikako fatxada bisitatuko da, multzo artistiko horren klabe estetikoak analizatzearren.

 

  • Bitartekaritza plana

 

Bi erakusketa-proiektuetarako bisita gidatuak

 

Doako bisita gidatuak izango dira, bai Oteiza Museoko bai Gandiaga Topaguneko erakusketetara, erakusketa-proiektuaren komisario Elena Martinekin.

 

Oteiza Museoko bisita gidatuak

Ekainak 22, larunbata, 12:00etan.

Urriak 5, larunbata, 12:00etan.

 

Gandiaga Topaguneko bisita gidatuak

-Ekainak 29, larunbata, 12:00etan.

-Abuztuak 24, larunbata, 12:00etan eta 17:00etan.

-Urriak 19, larunbata, 12:00etan.

 

Lantegi pedagogikoak

Proiektu honetarako berariaz diseinatutako lantegiak programatuko dira. Horiek haurrei lagundu egingo diete arkitekturako proiektu baten dimentsioa ulertzen: arkitekturaren eta beste arteen arteko funtsezko harremana, eta bereziki estatuaria garatzeko prozesu formala.

 

            Oteiza Museoa:

 

Eskultura lengoaia plastiko eta sentsorial gisa, Oteizaren Apostoluetatik.

Lantegia – Udalekua.

2018ko abuztuaren 19tik 23ra, 09:30etik 13:30 arte. 5 eta 11 urte bitarteko haurrentzat.

 

Apostoluen historian zeharreko ibilbidea familiarentzat.

5 eta 11 urte bitarteko haurrentzako bisita-lantegia, senide batek lagunduta.

Irailak 15. 11:00etatik 13:30 arte.

 

Irakasleentzako prestakuntza

Gorputza, ahotsa eta emozioak Arantzazuko apostoluetatik. Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleentzako bisita-lantegia. Irailak 25. 17:30etik 19:30 arte.

Oteiza eta espiritualtasuna artean. Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko irakasleentzako bisita-lantegia. Irailak 6. 17:30etik 19:30 arte.

Oteiza Museoko Hezkuntza Estetiko Sailaren arduradun Aitziber Urtasunekin.

            Gandiaga Topagunea

Harrizko gorputza, buztinezko arima haurrentzako lantegia.

Maushaus-ek diseinatu duen 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako lantegiak bi saio izango ditu.

– Irailak 28. 10:30etik 13:30 arte.

– Urriak 19. 10:30etik 13:30 arte.

Gandiaga Topagunean, Maushausen eskutik.

 

Hitzaldia

Oteiza Arantzazun. Espresioa ahultzetik espazio harkorrera.

Hizlaria: Elena Martin, Oteiza Museoko kontserbatzailea eta “Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969” proiektuaren komisarioa.

Urriak 7, astelehena, 19:00 h. Kutxa Kultur. Ruiz Balerdi aretoa (4. solairua, Tabakalera). Donostia.

 

Oteiza: natura—laborategia—Natura mintegia

Gandiaga Topagunea, 2019ko urria-azaroa. Antolatzaieak: TECTar y KREAREak Ikerkuntza taldeak. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Ederren Fakultateko Eskultura Saila.

ARGAZKIAK: https://drive.google.com/open?id=1J4MRC5F-zq1qQT4rHwnY_GDz2BGM4JIr

#OteizaArantzazu