Mikelats eta Atarrabi

Oteiza lagunartean programa sareko programa komunitario bat da. Horretan, museoak gonbidatu egiten zaituzte Jorge Oteizaren eskultura-lana familian egin jolasetik, lagunartetik, eta material sinpleak erabiliz berrinterpretatzeko. Ez dago planteamendu bakoitzarentzako erantzun itxirik, zuen irudimenak eta zuen esperimentatzeko gogoak jarriko dute muga.

Bigarren honetan, Oteizaren Mikelats eta Atarrabi obra berrikustea proposatzen dizuegu. Oteizak 1935ean egin euskal mitologiako bi figuraren interpretazio partikular bat da, igeltsuz egina, eta Museoko areto nagusian dago ikusgai.

Mikelats eta Atarrabi euskal mitologiako erregina dugun Mariren semeak dira. Elezaharrak dioenez, Atarrabi ikastera bidali zuten, anaia txikiarekin, deabruaren kobazulora. Biek asko ikasi behar izan zuten han, zenbait urtetan zehar. Ikasketak amaitu ondoren, deabruaren atzaparretatik askatu behar zituzten. Alabaina, azken unean honek esan zien bietako bat baino ezingo zela kobazulotik irten, eta besteak bertan geratu beharko zuela bizi izaten.

Eguna iritsita, Mikelatsi egokitu zitzaion kobazuloan geratzea. Alabaina Atarrabik, anaia nagusia izateaz gain oso bihotz onekoa baitzen, erabaki zuen deabruaren esklabo geratzea, anaia libre atera ahal izan zedin.

Oteizaren eskulturan ikus dezakezuen bezala, biek antz handia dute, baina garbi dago bata onbera zela eta bestea ez. Sarritan pertsonak, objektuak, antzekoak izaten dira, baina aldi berean desberdinak.

  • Ariketa:
  1. Interneten ikertu Mikelats eta Atarrabiren istorio osoa, abentura izugarri horren xehetasun guztiak ezagutzeko.
  2. Etxean zure inguruan dauzkazun objektuak aztertu, eta bilatu antzekoak diren baina, aldi berean, desberdinak diren objektu edo formak.

  1. Elkarren ondoan jarri, eta argazki bat egin mugikorrarekin.
  2. Azkenean, izena jarri irudiari, kontrako aldeak, aldi berean osagarriak ere izan daitezkeenak, nabarmenduta (ona-txarra/txikia-handia/biguna-gogorra/zuria-beltza). Zenbat eta gehiago aurkitu dibertigarriagoa izango da jolasa.

Lana amaitzen duzuenean emaitzen irudi edo bideo bat partekatu dezakezue, #OteizaMikelats traolarekin, eta Instagram, Twitter eta Facebook-eko gure sareekin lotu, partekatu ahal izan dezagun, eta denon artean obrak komentatuko ditugu, elkarrekin ikastearren. Ekin bada!!