• Lan hau, herri kulturaren unibertso metaforikoen bidez alderatutako ibilbide antropologiko bat da
  •  Ikerketa proiektuetara bideratutako Centauro bildumaren hasiera da

 

Crónlech vasco y zorro japonés. De Jorge Oteiza a Akira Kurosawa

Jorge Oteiza Fundazio Museoak argitaratua, Kutxaren Gizarte Ekintzaren laguntzarekin.

Centauro bilduma. 1. liburukia

Egileak: Juan Antonio Urbeltz eta Mikel Urbeltz Navarro

350 orrialde. 18 euro.

zoom

Jorge Oteizak, saiakera askotan zehar, Pirinioetako harrespilaren edo mairu-baratzearen esanahi espazial eta sinbolikoari buruz hausnartu zuen. Bestalde, Akira Kurosawa-k, Konna yume wo mita (Ametsak, 1990) filmean, zinemaren lengoaiara esaera meteorologiko alegoriko bat eraman zuen. Esaera horren arabera, euria ari duenean eta eguzkia dagoenean, azeriek beren ezteiak ospatzen dituzte. Bi erreferentzia horiek, itxuraz loturarik ez dutenak, Juan A. Urbeltz eta Mikel Urbeltz Arregik Crónlech vasco y zorro japonés. De Jorge Oteiza a Akira Kurosawa lanean egiten duten azterketaren abiapuntua dira. Ibilbide iradokitzaile eta adierazgarria da, erreferentzia antropologikoz betea, herri kulturaren unibertso metaforikoen bidez, partekatutako erreferentzia sinboliko harrigarriak ezagutarazten dituena.

         Argitalpen honek hasiera ematen dio Centauro bildumari eta Kutxaren Gizarte Ekintzaren laguntza du. Elkarrekiko loturak dituzten era askotako ikerketak laburbiltzen dituen saiakera bikoitza aurkezten du. Lehenengoak, Jorge Oteizak aipatutako harrespilari edo mairu-baratzeari buruz hitz egiten du. Bigarrena, Kurosawaren Ametsak filmaren zortzi kontakizunetako lehenengoari buruzkoa da. Film horren lehendabiziko eszenak kitsuné no yome-iri esaera japoniarraren inguruan eraikitzen dira; horren baliokidea euskaraz eguzkia ta euria, axeri boda da.

      

zoom
   Gai hauen inguruan egindako ibilbide luze hori, bisita gutxi izan dituzten esparruak aztertzeko ariketa bat da. Bai euskal mairuak bai japoniar eta euskal esaerek biziki interesgarria den zibilizazio baten hondoa ukitzen duten irudiak ezkutatzen dituzte. Mairua, islamarekin jaiotako mairutik at dagoen irudikapen mental bat bada, nahiz eta horrekin nahasten den; euria ari duenean eta eguzkia dagoenean «ezkontzen diren» azeriak ez dira halakoak. Bi erreferentziak ordezkapen misteriotsua eta adierazgarria dira, sinbologia metaforiko eta alegoriko bat osatzen dutenak, eta transferentzia moduan, gizakiaren etsairik handienetakoa irudikatzen dute: eltxoak.

         Hemen aztertutako irudi metaforikoak horren iraunkorrak izatearen arrazoia da “errealitatearen zati bat tabutzat jotzean, burutzen duen ordezkapena aurkitu behar dela, eta hori oso zaila da. Hortaz, folklorearen azeriaren edo mairuaren atzean ezkutaturik, eltxoa da guztiok asaldatzen gaituen ezkutatutako pertsonaia nahasia, eta ondo adierazten du Ernest Jones-ek formulatutako ideiak; hau da, errefusatzen dena soilik sinbolizatzen da”, argudiatzen dute egileek lan honetan.

         “Kasu honen ezohikotasunak aditzera ematen du horrelako transferentziak biziki arkaikoak diren zibilizazio aldietan duela jatorria. Ziur-ziur jakin ez arren, ez da ausartegia pentsatzea, zorigaiztoko egoeretan, eltxo laino boteretsuak deabruaren lana zirela, eta eltxoa, deabrua bera. Hortik aurrera, eltxoa aipatzeko beldurra aspalditik dator. Beti kontuz ibili behar izan dira, izan ere, deabrua nahiz eltxoa izendatzerakoan, aipaturikoa bertan azaltzeko arrisku larria dago, edo, bere izenean madarikazioren bat botaz gero, madarikazioa betetzeko arriskua”, adierazten dute. “Guztia antzinako gorabehera batetik dator; horren arabera, eta gizateria primitiboarentzat, izena eta izendatutakoa gauza bera dira, eta horren ondorioz ordezkapenak ez zuen metaforara irekitzea beste aukerarik izan”. Horrela, gorabehera horrek esaera bera zerrenda euroasiarraren bi aldeetan ematea ahalbidetu zuen.

         Centauro bildumak, ikerketa saiakerei buruzkoa eta lan honekin abiatzen dena, datorren edizioan Oteiza y Unamuno: dos tragedias epigonales de la modernidad, Juan Arana Cobos-ena, eta Oteiza y los nuevos paradigmas científicos, Ignacio Sánchez Simón-ena, argitaratuko ditu. Oteiza Museoa Nafarroako Gobernuak finantzatutako erakundea da.

Juan A. Urbeltz (Iruñea, 1940), euskal dantza tradizionalaren ikertzailea da. Bere lana berrogeita hamar urtetik gorakoa da eta Argia euskal dantza taldea Euskal Arte Garaikidearen Eskolan sartu zuen. Hitzaldi eta ikastaro ugari emateaz gain, Urbeltzek dozenatik gora disko, liburu eta monografia argitaratu ditu, besteak beste: Dantzak. Notas sobre las danzas tradicionales de los vascos (Caja Laboral-Euskadiko Kutxa, 1978), Música militar en el País Vasco. El problema del zortziko (Pamiela, 1989), Alardeak (Gipuzkoako Foru Aldundia, 1995), Los bailes de espadas y sus símbolos. Ciénagas, insectos y «moros» (Pamiela, 2000), Danza vasca. Aproximación a los símbolos (Etor-Ostoa, 2001), Euskal Herria eta Festa  (Elkar, 2004), Danzas morris. Origen y metáfora (Pamiela, 2007), Gipuzkoa mairu-lur / Gipuzkoa tierra de «moros» (Elkar-Gipuzkoako Foru Aldundia, 2009). Juan A. Urbeltz Jorge Oteiza Fundazio Museoko Patronatuan dago.

 Mikel Urbeltz Arregi (Donostia, 1969), EHUn (Euskal Herriko Unibertsitatea) Euskal Filologian lizentziatua da, Ikerfolk elkartearen kidea da eta Udazkenean Folk jaialdiaren zuzendaria (1995-2005). 1995ean, Berrizko Itsuari diskoa argitaratu zuen, non biolin tradizionalaren estilo berri bat planteatzen duen, oinarri gisa albokaren soinua hartuz.  Ikerfolk eta Foni Musicali-k argitaratutako Bedaxagar diskoan parte hartu du, baita talde eta bakarlari ugarirekin ere, zuzenean nahiz estudioan: Anje Duhalde, Mikel Udangarin, L.T., Txuma Murugarren. Argia taldearekin Zortziko, Muriska, Alakiketan ikuskizunetan parte hartu du, besteak beste, eta duela gutxi Axeri boda eta Aunitz urtez izenekoetan. Zuberoako herri antzerkien (Pastoralak) zenbait antzezpenetan ere parte hartu du, esaterako, Sabin Arana Goiri, Atharratze Jauregian eta Iparragirre lanetan. Folklorearen eta musika tradizionalaren alderdi desberdinei buruzko ikastaroak eta hitzaldiak eman ditu, Bilbo Hiria Irratian Baskistan bezalako irratsaioak egin ditu eta Bilbon Dantza Ganbara bezalako folk elkarteetan parte hartu du. Egun, Zenbat Gara elkarteko kidea da eta Kafe Antzokiaren kudeaketa taldean dago.