Francisco Sáenz de Oizak gauzatu duen proiektua arkitektoaren lautasun asmoa betetzera dator; eta horixe izan da arkitektoak nabarmendu nahi izan duen asmoa: eduki eta edukitzailearen arteko oreka. Arkitektoak berak behin adierazi zuen moduan, “Fundazioak ez du eskultura bat egin behar eskulturak gordetzeko, hori kontraesana izan bailitzateke. Eraikina zenbat eta bakun eta sinpleago izan hainbat eta monumentalagoak izango dira barruan dauden eskulturak”.

Arkitektura monumentalari itzuri egiteko ideiak, obraren aldeko lautasun horrek, alegia, bultzatu zuen arkitekto-egilea eraikin hau beste era batera planteatzera. Berak utzitako idatziak adierazten duenez, eraikina “ohiko tenplu erlijiosoa iraultzea” bezala planteatu zuen. Idazki horretan honakoa ere gehitzen du, “Elizan, beirateek argitzen dute erdiko nabea, argizulo txikiagoek argitzen dituzte, ordea, alboko nabeak. Horrenbestez, argiztapen trinkoena nora, garrantzi erlijioso handiagoa hara, horregatik jartzen da aldare nagusia sortaldera begira. Nik hain justu ere kontrakoa egin nahi izan dut: argiztapen nagusia alboetatik hartuko duen tenplu profanoa; erdialdea kontrargiaz argituko dena; era horretara alde hori iluna eta misteriotsua izango da. Ideia hori bat dator Oteizak Arantzazun landu zuen tunelaren oroitzapenarekin: ez oso argia, baina misterio xarmangarria zuena”.

Francisco Javier Sáenz de Oizak egindako proiektu arkitektonikoa bat dator honako ideia generikoarekin: oso eskala desberdinetako espazioez eratutako sekuentziak elkarrekin erlazionatuta egituratzea. Sekuentzia horretan erdikoa da gune nagusia, eta horren neurriak artistak Arantzazuko santutegiaren bururako zizelkatu zituen irudiak egiteko zeharkatu behar izaten zuen tunela gogorarazteko modukoak behar zuten izan. Misterioz betetako erdiko gune nagusi horren arabera egituratuko dira gainontzeko areto guztiak, hau da, Jorge Oteizaren multzo esperimentala hartzeko asmatu direnak eta forma geometrikoen huste eta desokupatzeari buruzko ikerketek daukaten adierazpen espiritual eta metafisikoarekin bat datozenak.

Eraikina Altzuzako hego mazelaren gainean jaso da, gorriz tindatutako hormigoizko kuboa balitz bezala, eta gainean hiru argizulo prismatiko, tamaina ikaragarrikoak. Barrualdean, museoko argiztapen bide desberdinek agerian jartzen dituzten espazioak ondoz ondo nabarmenduta.

Eraikinaren beste ezaugarri bat da artistaren etxebizitza originalarekin dagoen komunikazioa, hain zuzen, orain Etxe-lantegia deitzen zaionarekin dagoena. Azpiegitura hori eta museoa elkarri lotuta daude beirazko galeria batekin; etxebizitzaren fatxada eta barrualdea zeuden zeudenean gorde dira, Oteiza herri honetan bizi izan zeneko urteen lekukotasun gisa. Bi egitura arkitektoniko horien arteko komunikazioa modu harmoniatsuan gertatzen da, eta bistan gelditzen da patio txiki bat, eskultorearen hasierako lantegiaren oroitzapena gordetzen duena.