Jarduerak

Oteiza Shanhaiko Bienalean


  • Oteizaren 5 obrak Shanghaiko XIV. Bienalean parte hartuko dute
  •  Etxepare Euskal Institutuaren ZABAL programari esker atera da aurrera partaidetza, Oteiza Fundazioarekin elkarlanean

 

Jorge Oteizaren obra Shanghaiko Bielanaren edizioan egongo da, artistaren 5 pieza, 3 eskultura eta 2 collage izango baitira bertan, nazioarteko lehiaketaren erakusketa-ibilbidearen baitan. Shanghaiko Bienala Asiako agertoki artistikoko eta nazioarteko erakusketa-testuinguruko lehiaketa nagusienetako bat da.

Cosmos cinema” da Shanghaiko XIV. Bianalaren izenburua, eta hirian bertan dagoen Power Station of Art-en ospatuko da, 2023ko azaroaren 9tik 2024ko martxoaren 31ra arte. Komisariotzaren ardura Anton Vidoklerena da; artista eta e-flux argitaratze-programaren sortzailea. Erakusketak “unibertsoaren funtzionamenduaz eta bertan dugun lekuaz hausnartzeko espazio-denbora” eskainiko die bisitariei, komisarioak proiektua azaltzeko erabilitako hitzen arabera.

Vidoklek berak aukeratu ditu Oteizaren 5 obrak: bi Kutxa harrian (1958), Malevitx unitate irekiaren bidezko espazio errotazioa / Malevitxen omenez (1957) eta 1958an egindako bi collage, Jorge Oteiza Fundazio Museoaren bildumakoak. Etxepare Euskal Institutuaren ZABAL programari esker parte hartu ahal izan dute Jorge Oteizaren obra horiek, Oteiza Fundazioarekin elkarlanean.

Jorge Oteiza, Kutxak Harrian. Argazkia: Erika Barahona

Komisarioak joan den abuztuan bisitatu zuen Oteiza Museoa, eta aukeratu zituen artelanak Jorge Oteizaren esperimentazio-prozesuaren azken faseetakoak dira, hutsa esanahi-espazio gisa tratatzeari eta eskultura unitate espazial gisa hartzeari buruzkoak. Zehazki, Kutxak harrian serieak Oteizaren esperimentatzeko nahi bati erantzuten dio, bolumen baten alde positibo eta negatiboak modu materialean irudikatzeari, alegia, kolore desberdineko elementuak sartuz (zuriak eta beltzak). Kasimir Malevitxen eta antzeko artisten ikerketa estetiko eta espazialei buruzko erreferentziak oso presente daude pieza horietan, baita, modu adierazgarriagoan, Malevitx unitate irekiaren bidezko espazio errotazioa/ Malevitxen omenez obran ere.

Jorge Oteiza, Malevitxen omenez

Lan horrek Oteizaren proiektu eskultorikoaren arintasun espazialaren nahia irudikatzen du, non formak biratuta agertzen baitiren, erabateko aktibazio espaziala lortzeko asmoa daukan dinamismo baten ondorioz. Txomin Badiolak Oteiza: eskultura katalogo arrazoitua lanean adierazi zuen eskulturaren adibide bikaina zela, non elementu materiagabeena (espazioa) kausa eta efektua baiten; hau da, eskulturak espazioa sortzen du, eta espazioak, eskultura.

Collageek, berriz, Oteizak solido geometrikoen funtzionamendu espaziala ikertzeko zeukan nahia irudikatzen dute, planoan elementu desberdinak gainjarriz. Horrela, bere ikerketa estetiko eta espazialistetarako lengoaia artistikoaren berezko edozein elementu erabiltzeko asmoa ase zuen.

Jorge Oteiza, izenik gabe

Jorge Oteiza, izenik gabe


De la Cuesta, 24. Altzuza, Nafarroa
T +34 948 332 074 info@museooteiza.org