Jarduerak

TABAKALERAK, ARTIUM MUSEOAK ETA OTEIZA MUSEOAK SORTZAILEEI ZUZENDUTAKO JARDUN ARTISTIKOENTZAKO INSTITUTUAREN HIRUGARREN EDIZIOA AURKEZTU DUTE


 

  • Hiru hilabetez, 16 parte-hartzailek euren proiektu artistikoak garatuko dituzte, sektoreko tutore profesionalek lagunduta.
  • Jorge Oteiza Fundazio Museoak bat egin du egitasmoarekin institutuaren hirugarren edizioan.

 

Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak; Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa, Artium Museoak eta Jorge Oteiza Fundazio Museoak sorkuntzaren esparruan diharduten profesionalei zuzendutako Jardun Artistikoentzako Institutua-ren (JAI) hirugarren edizioan parte hartzeko deialdia ireki dute. Artistei zuzendutako ikasketa-programa honek ekainean hasiko du ibilbidea. Praktika artistikoa izango da beste behin programaren muina; eta ikerketa, ekoizpena, pertzepzioa eta lan kritikoa sustatuko ditu.

 

Aurten, Altzuzako Jorge Oteiza Fundazio Museoak ere bat egin du egitasmoarekin.  Fundazio Museoa artista handiaren bilduma pertsonala jasotzen duen espazio monografikoa da. Nafarroako Altzuza herrian dago kokatuta, Iruñetik 9 kilometrora. JAI egitasmoari paisaia berrietara irekitzeko aukera eman dio elkarlan berri honek, ingurune urbanotik landa eremura hedatzekoa. Testuinguru horrek bestelako eragin bat gehitzen dio artearen esperientzia praktikoari; eta era berean, proiektu pedagogiko esperimental honen oinarriak lurraldean sendotu ere egiten dira.

 

Prestakuntza saioak Tabakalerako Artisten Guneko Tailerrean izango dira, Ekainaren 1tik abuztuaren 31era bitartean. Eremu komun horretarako sarbideaz gain, parte-hartzaile bakoitzak estudio bat ere izango du prestakuntza aldiak irauten duen bitartean, eta tutoreek jarraipen berezia egingo diote euren lanari, indibidualki. Gainera, abuztuan zehar, programako parte-hartzaileek Oteiza fundazioa kokatzen den Altzuza herrian egun batzuk igaroko dituzte. Gainera, programaren zenbait jarduera Artium Museoan egingo dira.

 

Jardun Artistikoentzako Institutua

 

Jardun Artistikoentzako Institutuaren (JAI) ikasketa-programa Tabakalerak eta Artiumek bultzatutako ekimen gisa sortu zen 2019an. JAI-k udako eskola baten moduan egituratzen da, baita truke eta gurutzaketa artistikoak garatzeko gune gisa ere.  Jatorri oso ezberdineko ahots profesionalak elkartzen ditu, praktika artistikoak mundu garaikideari begiratzeko duen ahalmena identifikatzeko eta haien lengoaien erabilerari buruzko harreman kritikoa ezartzeko gai direnak.  Ibon Aranberri (artista), Asier Mendizabal (artista eta KKHko irakaslea, Stockholmeko Royal Institute of Art) eta Itziar Okariz (artista) izango dira hirugarren edizio honetan ere institutuaren tutoreak. Eurekin batera, gaur egun deialdia sustatu duten erakundeen erakusketa-programetan eta programa publikoetan parte hartzen duten eragile profesionalek osatuko dute irakasle-taldea:  Rosalind Nashashibi, Georgia Sagri, Lea Porsager, David Bestué, Ainara Elgoibar, Alejandro Cesarco, Jon Mikel Euba, Mattin, Pierre Bal-Blanc, Isabel Herguera, Erlea Maneros eta Txaro Arrazola.

 

Horrez gain, institutuak ikerketa batzorde bat izango du, Catalina Lozano (Artium Museoko komisario-burua), Oier Etxeberria (Donostiako CICC Tabakalerako Programa Publikoen arduraduna) eta aipatutako hiru tutoreek osatua. Batzordekideak izango dira artista eskola osatuko duten 16 partaideen aukeraketa egingo dutenak.

 

Deialdia

 

Deialdia artearen metodologietan sakontzeko interesa duten artistei edo sektoreko eragileei zuzenduta dago. Izena emateko epea zabalik egongo da 2022eko martxoaren 17tik apirilaren 14ra arte. Parte hartzeko, hautagaiek Tabakaleraren (tabakalera. eus), Artium Museoaren (artium.es) eta Jorge Oteiza Fundazio Museoaren (museooteiza.org)  webguneetan eskuragarri dagoen galdetegi baten bidez eman beharko dute izena, eta curriculum vitaea, biografia, motibazio gutun bat eta aurreko lanen dosier digital bat -irudiekin- erantsi beharko dituzte bertan.

 

Hautatutako pertsonek 450€ ordainduko dituzte prestakuntzarako matrikula gisa, eta, horrez gain, ostatua hartzera bideratutako bost laguntza eskainiko dira.

 

Oinarrhttps://www.tabakalera.eus/eu/jai-2022/iak eta inskripzioak:


De la Cuesta, 24. Altzuza, Nafarroa
T +34 948 332 074 info@museooteiza.org