Artista

Txomin Badiolak idatzia

Jorge Oteiza (Orio 1908 – Donostia 2003) XX. mendeko Espainiar Arteko funtsezko euskal artistetako bat da, eta besteengan eragin handiena izan duenetako bat gainera. Oteizaren obrak -alderdi plastiko zein teorikoaz- 50eko urteetan hasi eta gaur egun arte izan duen oihartzuna agerikoa da. Izan ere, oihartzun hori hainbat diziplinatan ikusten dugu, hala nola eskultura, pintura, arkitektura, poesia, estetika, zine, antropologia, hezkuntza edota politikan. Oteizaren ibilbide artistiko eta pertsonala beti egon zen halako mito ospe batez inguratuta, artistaren izaera ameslari eta istilutsuaren eraginez, eta batez ere 1959an, ustekabean, eskultura utzi egingo zuela iragarri izanaren ondorioz. Oso albiste harrigarria izan zen, are harrigarriagoa, gainera, kontuan hartzen badugu une horretan bere arte ibilbidearen goreneko mailan zegoela, hartu berria zuen eta Sao Pauloko Bienaleko Eskultura arloko Lehen Saria, 1958an hain justu, eta hainbat erakusketa zituen Amerikako zenbait galeriatan, Alemanian eta beste toki batzuetan zeuzkan kontratuez gain. Dena den, pertsonaiaren izaera bereziari eta zeukan estetikaren teoria landuari erreparatzen badiegu, erabaki hau ez zaigu, agian, hain harrigarria irudituko. Oteizak, lehen unetik beretik, esana zuen bera ez zen eskultorea izan nahi zuela eta, ondorioz, egin zuen bide guztia bere buruari uko egite bat besterik ez da, eta izan nahi duen hori lortu nahi bat, bere subjektibotasuna etengabe krisian jartze eta berreraikitze bat, betiere ideia bat izanik argi eta garbi, honakoa: artearen azken helburua ez da obra, pintura edo eskultura, baizik eta artista bera egitea, artetik hezitako eta gizartean zuzenean jarduteko prest dagoen pertsona gisa. Prestakuntza autodidaktakoa izanik, Oteiza espresionismoaren edo Gaugin, Picasso edo Derain-ek abiarazi eta Brancusi, Epstein eta beste batzuen bidez garatuko zen primitibismoaren esparruaren barnean hasi zen eskulturak egiten. Hego Amerikako egonaldi luze baten ondoren, eskultorea landuz joango zen, maila teorikoan eta praktikoan, bere estetikaren oinarriak, eta barnean zeraman eskultore “naturala” beharrezko pausoak egiten joango zen, bere mekanismoak eta lanabesak nolabait kontrolatzen dituen artista bihurtzeko. Abentura intelektual hau jasota geratuko zen hainbat testutan, esaterako Carta a los Artistas de América edo La interpretación estética de la estatuaria megalítica americana izenekoetan. Berrogeiko urteen amaiera aldean Espainiara itzuli zen.

Oteiza modu natural batez identifikatzen zen eskultura masibo eta monolitikoak materia-gabetze prozesu bat jasango zuen; honen arabera, masa-estatuak tokia utzi behar dio “trans-estatuari” edo etorkizuneko energia-estatuari, hau, funtsean, espazio eta energiazkoa izango baita. Oteizak, zientziaren garapenaren aurrean erne beti, masa energia bihurtze hau ikerkuntza nuklearrak garatutako prozesuarekin alderatuko du. Fisio eta fusio nuklearraren ideiek modua emango diote aukerak bazterrean uzten joateko; halaz, Henry Mooreren eskultura zulatua eredu izango zen masa astun baten “fisio” edo haustura ideiaren aurrean (Mooreren obrak oso eragin handia izan zuen Oteizarengan 40ko urteetan), Oteizak proposatuko duen eskultura-mota gai izango da unitate arinen “fusio” edo bategitearen bidez energia askatzeko. Hurbilketa mota berri honetako eskultura nagusietako bat Oteizak, 1952an, Londresen egin zuten Preso Politiko Ezezagunaren Monumenturako Nazioarteko Lehiaketara bidali zuena izan zen -lehiaketa honetarako aukeratutako espainiar eskultore bakarra izan zen-. 50eko urteen hasieran ikerkuntza abstraktu batean murgilduta zegoelarik, Oteizak onartu egin zuen Arantzazuko basilika berriko estatua sorta egiteko enkargua. Proiektu honen bidetik, Oteizari aukera fortunatu zitzaion arte modernoari zerion sorburu estetikoko espiritualtasun berriaren nozioa herri sentimendu erlijioso batekin lotzeko, eta horretarako uko egin zion zeharo adierazpide abstraktu bat erabiltzeari, honen ordez erabiliz erreferentzia figuratiboa ezinbestekoa zitzaion kolektibo batekin konektatzeko gai izango zen bat, trans-estatuaren aurkikuntza espazialak ere jaso arren. Hala eta guztiz, Oteizak 1952an hasitako lanak galarazi egin zituen Elizak 1954an, eta 1969 arte ezin izan zituzten amaitu.

Arantzazu

Arantzazuko galarazpenaren unetik aurrera, eskultoreak atzera heldu eta zehaztu egingo du bere Propósito experimental hura; honen oinarrian, hain zuzen ere, espazioa aktibatzea dago, hutsaren eta negatiboaren erabilera zehatz batetik eta harkorraren eta geldiaren bidezko espresioaren ahultze batetik abiaturik. Prozesu honek, Laborategi Esperimentala deitua osatuko duten oso oinarrizko materialez egindako ehunka maketetatik abiatuta garatuko da, hainbat eskultura izango ditu emaitza, harriz eginak batzuk, metalezko xafla meheak erabiliz osatutako eraikuntzez eginak beste batzuk; azken hauek “familia esperimentaletan” daude antolatuta, honakoak baitira: Esferaren desokupazioa, Poliedroak irekitzea, Eraikuntza hutsak, Kutxa Hutsak, etab. Materiaz gabetzeko eta eskultura isiltzeko prozesu horren barne-logikak berak berekin zekarren prozesuari amaiera eman beharra ere, eta hau konklusio esperimental gisa arrazoituko zuen Oteizak; konklusio hau 1958-59 bitartean egindako eskultura minimo eta huts batzuen bidez gauzatuko zuen, zenbaitek -Richard Serra eskultoreak esaterako-minimalismoaren aurrekari bat ikusi nahi izan duen eskulturez.

Azkenean, konklusio horiek zekarten Ezerezaren aurrean, Oteizak maila etikoko kontu bat topatu zuen parean: Prozesu esperimental bat amaitu ondoren, artistak jarraitu behar al du bere espresioan bertan, edo beste maila batera igaro behar du, bere jarduera profesionalari uko eginez eta sorkuntzazko esku-hartze berrietara joz gizarte mailan? Oteizak berak emango zuen erantzuna, artearen azken zentzua artetik beretik at dagoelako uste osoa adieraziz: “Gaur egungo artista ez bada artearen barnean konklusiora heltzen, sentiberatasun existentzial berria duen gizakia ez da jaiotzen, politikoki berria den gizakia ez da hasten”. Isiltasunak, absentziaren eta hutsaren lengoaia baten emaitza izanik, lengoaia-absentzia eta lengoaia-huts batez amaitu beharko du. Eskulturari uko egin eta gero, Oteizak Quousque Tandem! liburua argitaratuko zuen 1963an; testu honek laburbildu egiten ditu hogeita hamarreko urteetatik aurrera bizi eta arte ibilbidean aldean eraman zituen kezka teorikoetako asko eta asko, eta euskal inteligentziaren oinarrizko erreferentzia liburua izan zen une hartan, bai kultur mailan bai politikoan. Ondoren, Ejercicios Espirituales en un Túnel idatzi zuen. Francoren garaiko zentsurak debekatu egin zuen, eta ez zen 80ko hamarkada arte argitaratu, nahiz nahiko zabalkunde handia izan zuen fotokopiatutako bertsioan. Aldi berean, zinematografiaren eremuan esperimentatzen hasiko zen, X-films produkzio-etxearentzako Acteón filmaren proiektuaz. Dena den, azkenean beste zuzendari batek gauzatuko zuen proiektua, Oteizak sortutakoaren oso bestelako bertsio batez. Beste hainbat proiektu ere jarriko zituen abian, esaterako Malrauxi igorritakoa Ipar Euskal Herriak Ikerkuntza Estetikorako Institutu bat sortzeko, edota Elorrion Haur Unibertsitate pilotu bat antolatzeko, Gasteizko Euskal Antropologia Estetikoaren Museorako, abangoardiako artea espresio tradizionalaren formekin bateratzeko, eta Euskal Eskolako talde, Debako Eskola eta abarretarako. Proiektu hauetako gehienak porrot galantak izan ziren, eta abiatzera iritsitakoak ere sekula ez ziren Oteizaren igurikapenetara iritsi.

1972 eta 1974 bitartean, Oteizak erabaki zuen eskultura baztertzean amaitzeke lagatako lan sortetako batzuk osatzea, eta honen ildotik Klarion Laborategia garatuko zuen. Honen emaitzetako batzuk, lehenagoko eskultura ereduen gauzatze berri batzuekin batera, 1974an egon ziren ikusgai Hondarribiko Txantxangorri Galerian. 70eko urteen amaiera aldean Irundik -han bizi zen 1958az geroztik- Nafarroako Altzuzara aldatu zen, eta bere jarduera teorikoarekin jarraituko zuen hemen, Arantzazuko proiektuaren garaian Androcanto y sigo. Ballet por las piedras de los apóstoles en la carretera lanarekin hasitako olerkigintzari ere segida bizia emanez, besteak beste Existe Dios al Noroeste eta Itziar. Elegía y otros poemas liburuez. Oteizaren borondate proteikoak, bere proiektuak behin eta berriz zapuzturik ikustearekin batera, pertsonaia zeharo haserre baten irudia sortu zuen hedabideetan, bazirudien eta prest zegoela bere samina bidean topatzen zuen edozeinen aurrea agertzeko, amorru berezi batez, nolabait, beste hori politikaria zenean. Irudi honek izugarri lagunduko zuen “Oteiza mitoa” sortzen, halako moduan ezen neurri handi batean ilundu egingo zuen haren eskultura. 1988an, Caixa Fundazioak Oteizaren lehenbiziko erakusketa antologikoa antolatu zuen, Própósito Experimental izenekoa, Madril, Bilbo eta Bartzelonan; eskulturan egin lana jarri zuen honek lehen mailan. Veneziako Bienaleko Pabilioi Espainiarrera ere gonbidatu zuten, nazioarte mailan oihartzun handia lortuz. Urte horietan zehar hainbat sari jasoko zituen, hala nola Arte Ederren Domina edota Arteen Asturiasko Printzea saria. 1996an, Oteizak eta Nafarroako gobernuak berretsi egin zuten artistaren obra Oteiza Fundazio Museoaren barnean geratzeko akordioa. 2003ko apirilaren 9an zendu zen Oteiza, Donostian. Haren obraren hainbat erakusketa egin dira, Bilboko Guggenheim Museoak bere egoitzarako eta New Yorkeko 5. etorbideko Frank Lloyd Wright eraikineko egoitzarako antolatuaz goia joz. Hauez gain, Madrilgo Reina Sofía Museoan ere izan da erakusketarik. 2007an, Oteizaren obra sartu egin zen Kasselgo XII. Documenta-n, Is Modernity our Antiquity? (Modernotasuna gure antzinatasuna ote?) galderak sortu esparruaren barneko erreferentzia baliotsutzat. Azken urteotan zehar, Jorge Oteiza Fundazio Museoak haren obrarik garrantzitsuenen berrargitalpen kritikoak egin ditu, egin zuen eskultura-lanaren alderdi espezifikoak, hala nola 57ko Sao Pauloko Bienala, Santiago Bideko Kapera, Laborategi Esperimentala eta beste hainbat ikertu dituzten erakusketa eta argitalpenekin batera.

Jorge Oteiza


De la Cuesta, 24. Altzuza, Nafarroa
T +34 948 332 074 info@museooteiza.org