Oteiza Museoaren Ikerkuntza Zentroaren eginkizun nagusia Jorge Oteizaren obra eta pentsamendua ikertzen eta behar duen zabalkundea ematen laguntzea da. Horretarako, dokumentazio zentro bat jarri du interesatuta dauden guztien eskura. Argitalpen programa bat ere kudeatzen du, honen bidez ari baita gauzatzen Jorge Oteizaren obra idatziaren berrargitalpen kritikoa, euskarazko itzulpen eta guzti.

Eta ikerkuntza beketarako programa bat ere garatzen ari da. Dokumentazio zentroak Jorge Oteizaren dokumentu legatua biltzen du, eta honi erantsi behar Oteizaren Oroitzapena programa eta gaur egungo eskultura eta arte liburutegi berria. Jorge Oteizaren legatu dokumentalean artistaren artxibo pertsonala (milaka eskuizkribu, apunte eta ohar, gutun, argazki eta ikus-entzunezko grabazio, eta prentsako ebakin pila itzela) eta osatu zuen liburutegi pertsonala daude (ia-ia 6.000 monografia eta milaka foileto eta aldizkari), kartel, disko eta musika-zintez gain. Jorge Oteizaren liburutegia erakusketaren zati da, eta piezekin eta hauei lotutako dokumentuekin batera ageri zaigu museoko ibilbideak proposatzen duen azkeneko aretoan. Liburutegi askotarikoa da zeharo, eta arte eta poesia gaiak nabarmentzen diren arren, badira tartean beste hainbat diziplina, hala nola antropologia, filosofia, narratiba, historia edota Euskal Herriko gaiak.

Gaur egungo eskultura eta arte liburutegi berriak talde teknikoaren, ikertzaileen eta Museora iritsitako ikusleen baliabide gisa funtzionatzen du. Hemeroteka digital bat ere eskaintzen du. Honetan, Jorge Oteizari eta Oteiza Fundazio Museoari buruzko prentsako fondoak daude, 2004tik honakoak, liburutegiak harpidetza egina duen zazpi arte aldizkarien bildumarekin batera. Dokumentazio Fondoaren katalogoa (Jorge Oteiza artxiboa) linean kontsulta daiteke museoko irakurketa-gelako postuetatik. Bibliografi Fondoa (Jorge Oteiza Liburutegia eta Liburutegi Berria), berriz, Interneten kontsulta daiteke.

Azkenik, Hemerotekako katologoari esker, egunkari eta aldizkarietako artikuluak aurkitu eta kontsultatu daitezke, bai Jorge Oteizaren ondarean baita 2004az geroztik bildutako funtsean ere

Dokumentazio zentroa fondoak kontsultatu nahi dituen ororentzat dago zabalik, aurrez erabiltzaile gisa izena emanez gero, 09:00etatik 15:00ak arteko ordutegian eta astelehenetik ostiralera bitartean, jaiegunetan izan ezik. Alta eskariak helbide honetara bidali behar dira: Dokumentazio Atala. Oteiza Museoa Cuesta kalea, 7 Altzuza 31486 Nafarroa Edo, bestela, posta elektroniko bidez documentacion@museooteiza.org helbidera.