Jorge Oteizaren lantegi-etxeari bisitak Oteiza Museoak eskainitako erakusketa luzatuko dugu artistaren biografian oinarrizkoa den bizi eszenatokiraino. Jorge Oteiza eta Itziar Carreño bere emaztea 1975. urtean instalatu ziren Altzuzako etxe abandonatu honetan, eta etxebizitza hau lanerako gune eta babesleku bihurtu zuten. Artistak ordurako zuen urruntzeko borondatearen eszenategi bilakatu zen Altzuza, bertan aurkitu baitzuen poetika eta saiakera sormena lantzeko zein ikerketa lanean aritzeko behar zuen bakardadea. Dena dela, Oteizarekin harremanetan zegoen komunitate intelektualarentzat elkargune ere izan zen Altzuza.

Gune honek artistaren nortasun sortzailera hurbiltzeko aukera ematen du. Horretarako, gaikako unitateak, unitate geografikoak eta ikus-entzunezkoak jartzen ditu ikusgai, eta horiek guztiek artistaren bizi eta sormen ibilbidea osatzen laguntzen dute. Lantegi-etxearen gune guztiak Jorge Oteizaren eszenategiek eta sormenezko diziplinek erakusten dituzten informazio eta dokumentu elementuen arabera daude antolatuta. Kontuan hartu behar da horiek egilearen bizi eta sormenezko ondarea ezagutzeko aukera emateaz gain, haren nortasun eta sormen adierazpenen ikuspegi kartografikoa ere ematen dutela.

Museoan ikusgai dauden elementu horien artean, azpimarratzekoak dira argitaratu gabeko dokumentazio idatzi eta grafikoa, proiektu arkitektonikoen inguruan gauzatutako zenbait maketa, eskulturak, klarion laborategian egindako azterketak eta artistaren beste hainbat objektu. Gaur egun dauden gune eta funtsak bi ardatzen arabera antolatu dira, geografikoa bata eta gaikakoa bestea.

Ardatz geografikoak Oteizaren bizitzaren irudi ugari eskaintzen ditu, eta horiekin batera testuak jartzen ditu eskura, artistaren bizitzaren hainbat garai azaltzeko asmoz.

Ikusgai jarritako materialen antolaketa ardatz tematikoak arautzen du eta artistak garatutako proiektu artistiko eta kultural ugarirekin zerikusia duten hainbat unitateren berri ere ematen du, eta agerian uzten du artistak arkitekturarekin izandako harremana, euskara aurre-indoeuroparrari buruz egin zituen ikerketak, lan poetikoa, zinearekin izan zuen lotura, testu eta liburuetan planteatu zituen arazo estetikoak, bizitza osoan zehar garatu zuen gizarte eta kultur ekintza, edo abangoardiako taldeen Euskal Eskolarekin izan zuen harremana. Epigrafe horietako bakoitza laguntzeko Oteizak talde horietako bakoitzean landutako alderdien inguruan zuen pentsamendua bildu eta azaltzen duen dokumentazioa eskaintzen da.

erakusketa iraunkorra