Oteiza Museoko bildumak 1.690 eskultura, 800 marrazki, klarion laborategian landutako 2.000 azterketa, eta artistaren liburutegi pertsonaleko 5.000 liburu inguru ditu jasota. Horietaz gain, haren hemeroteka zabala eta katalogazio fasean dauden idazlan ugari ere bertan daude.

Altzuzako bilduman eskultorearen sormen aro guztietako oso pieza esanguratsuak daude jasota, eta, hori dela eta, aukera ematen du artistaren kezka eta praktika eskultorikoetan zehar ibilbide sakona egiteko, hain zuzen ere XX. mendeko artearen inguruko hizkuntza estetikoaren bilakaerarekin lotura estua dutenak.

Oteizaren legatuari haren lehendabiziko sormenen sorta batek ematen dio hasiera. Hogeita hamarreko hamarkadaren hasierako lanak dira, tankera figuratiboa eta espresionista dutenak. Sorta horrek, gainera, artistak 1948. urtean Ameriketatik itzultzean egindako pieza ugari ere biltzen ditu, zeramikan egindako batzuk, esaterako, edota progresiboki ezaugarri figuratiboak alde batera utzita masa husteko eta desokupatzeko prozesuan aurrera egiten dutenak, eskultura bertikal baterako bidea hartuta, arin eta sotila, artistak berak transestatua izenez bataiatu zuena.

Aurreko horietaz gain, bilduman Arantzazuko basilikan artistak egindako eskultura proiektuaren pieza ugari daude, hark egindako erretratu batzuk eta argi moduluak izenekoekin egin zituen ikerketak irudikatzen dituzten piezak ere bai. Azken horietan argia funtsezko elementua da espazioari buruz egin zituen ikerketetan eta masa eza dela eta eskultura espazioan proiektatzeko tratamenduan. Bildumari jarraipena emateko, “hormaren zabalkunde funtzionala” gaiaren gainean egindako ikerketak ditugu, hormetan egindako erliebeekin zerikusia dutenak. Sorta horrek hiperespazioak eskulturaren gainean duen ekintza dinamikoaren efektuak erakusteko egindako ikerketa formalen erakusgarri diren makla eta poliedroen zabaltzeak biltzen ditu.

Oteiza Museoan gorderik dagoen sormenezko legatuaren hurrengo sorta, irudi geometrikoak (kuboa, zilindroa, esfera) husteko eta desokupatzeko egindako zenbait prozesuri lotutako piezek osatzen dute. Horietako asko Propósito Experimental 1956-1957 sailekoak dira, eta horiekin irabazi zuen Sao Pauloko Bienaleko Gran Premio de Escultura izeneko saria.

Azkenik, ibilbidea bukatzeko, esperimentazio aroaren bukaeran egindako piezak ditugu, kutxa huts eta metafisikoak. Horietan eskulturaren tratamendu espaziala bukatutzat eman zuen artistak, eskultura teknika alde batera utzita. Izan ere, artistak esperimentazioari amaiera eman eta aldaera gehiago egitea bertan behera utzi eta “me quedé sin escultura en las manos” adierazi zuen.

Bildumako elementu nagusienetako bat Klarion Laborategia izenekoa da. Klarion, paper, letoi, igeltsu, egur eta kortxoz egindako piezek osatzen dute laborategia. 1959. urtean eskulturaren inguruko ikerketa esperimentala bukatutzat eman zuenean artistak horiekin jarraitu zuen ikerketa plastikoaren alorrean.

Sorta esperimental hori horma proiekturako eta arkitektura esku hartzeetarako egindako erliebeen zirriborroek osatzen dute, bai eta Pared-luz ikerketarako egindako beirazko maketek ere. Berezitasun handiko piezak dira horiek, eta bilduman garrantzi handia hartzen dute. Bilduman marrazki eta collage batzuk ere badaude.