• Oteiza y la música.
  • Egilea: Elixabete Etxebeste.
  • Edizioa: Jorge Oteiza Fundazio Museoa; laguntzaileak: Eguesibarko Udala, Nafarroako Musika Kontserbatorioa eta Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia.
  • Prometeo bilduma, 3. zk., 280. orrialde. 20 euro.

 

zoom

“Oteiza y la música” argitalpenak aztertu egiten du artista eta pentsalari polifazetikoak musika-sorkuntzarekin izan zuen harremana. Lotura zabal eta gutxi aztertua da, lekukotasun, idazki, argitalpen, eta artistak konpositore eta interpreteekin izandako harremanetan eta Oteiza Museoak gordea duen dokumentu-legatuko diskografian jasota geratu dena; argitalpen honek, orain, aztertu egiten du hori guztia, eta testuinguru bat ematen dio, autorearen pentsamendu estetikoarekiko harremanean.

         Dagoen dokumentazioaren azterketa zehatz eta sakonetik abiatuta, Oteizak musika-sorkuntzaren eta musika-praktikaren inguruan erakutsitako interesarekiko hurbilketa bat proposatzen digu argitalpen honen egileak. Obra honen edizioa ekarri duen ikerkuntzaren abiapuntua egileak eskuratutako 2008ko Itziar Carreño Beka izan zen, Oteiza Museoak eman baitzion. Eta lanaren helburua, egileak berak liburuan adierazi moduan, “Oteizak musikarekiko erakutsitako jarrera, intuizio eta kezka artistikoa marraztea da, eta erakustea nolako portaera duen diziplina honen aurrean, arteen arteko kontzeptu eta ideia translazioa naturaltasunez ikusten duen sortzaile batek”.

         Aztertutako dokumentazioa ugari izan da, oparoa eta baliotsua, eta horrek ahalbidetu du esan ahal izatea “erakustea lortu zuena baino askoz gehiago eskaini ziola Oteizak musika aztertzeari eta musikari berari”. Liburuak idazki eta ohar sorta aukeratu bat jasotzen du, batzuk eta besteak lotzen ditu, testuinguru bat ematen die, eta osatu egiten ditu, autoreak musikarekiko zuen interes agerikoa frogatzeaz gain artistak diziplina honekiko zituen kezken jarraipen bat egitea ahalbidetzen duen hainbat informazioz. “Horrela, hasiera batean eskultore batentzat interes txikikoa dela eman dezakeen jarduera batekiko hark zeuzkan interes eta kezkak itxuratzen dituzten datu esanguratsuak eskaintzen dira. Baina Oteiza ez zen soilik eskultorea izan, baizik eta baita pertsonaia oso eta poliedrikoa ere, pentsamenduz eraginkorra, diziplina arteko sortzailea eta oro har artearentzat eta, zehazki, entsegugintzaren eta poesiaren arloetan, ekarpen baliotsu askoren egilea”.

         Liburuaren egiturak bi zati dauzka. Alde batetik, hark musikarekin izandako harreman pertsonala aztertzen du, zeuzkan usadio, gustu, estiloen gaineko iritzi, adiskide, topaketa, kezka eta interesak analizatzearekin batera; horrela gizaki eta artista gisako lehen profil bat itxuratzen du. Bestetik, musikarekin izan zuen sorkuntzazko harremana jasoz, ahalegina egiten du hark musikaz zuen kontzepzioa, arte eta diziplina gisakoa, islatzeko, musika-sorkuntza eta soinu-fenomenoa nola ikusten zuen erakusteko, musikaren inguruan zeuzkan ideia eta proiektuekin batera. Ildo honetatik, aipatzekoa da ezen, artistaren liburutegian, euskal musika tradizionalari buruzko liburu asko daudela, baina baita teoria musikalari, etnomusikologiari, musika elektronikoari, edo musika eta zineari buruzko lanak ere. Gainera, Museoan gordeta dauden ehunka eskuizkribu eta idazmakinaz idatzitako testu ugari lekuko dira, jazz, musika tradizional, musika klasiko edo XX. mendeko abangoardien inguruko gogoeta eta proiektuen lekuko, inolaz ere.

zoom

         Oteizak inguruko hainbat konpositorerekin izan zituen harremanak, esaterako Fernando Remacha, Luis de Pablo, Carmelo Bernaola, Agustín González Acilu, Francisco Escudero edo María Luisa Ozaitarekin, kasu batzuetan elkarrekiko proiektuak sortzeko asmoz. Gaur egungo musikako sortzaileak interesatzen zitzaizkion, hala nola Luciano Berio, Bruno Maderna, Wim Mertens, Ianis Xenakis edo Pierre Boulez, eta Anton Webern, Arnold Schoenberg edo Karl-Heinz Stockhausen-enganako interes berezia erakutsi zuen; honekin elkartzera iritsi zen, hirurogeiko lehen urteetan, Iruñean.

         Musikarekiko zuen interesa hain zen handia ezen Oteizak adierazi zuen horretan aritzeko asmoa zuela; eta hainbat proposamen ere idatzi zituen, zenbait arte diziplina elkarrekintzan arituko ziren proiektu batzuen parte gisa sartzeko. Horretaz guztiaz hitz egiten du obra honek, Oteiza Museoan gordeta dauden eta, salbuespenak salbuespen, inoiz argitaragabeak diren jatorrizko agirietan oinarrituta. Kasu gehienetan jendaurrean aurkezteko edo argitaratzeko pentsatu ez diren ideiak eta gogoetak dira, datarik gabeak sarritan, Oteizaren adierazpen librea jasotzen dutenak, norbaitek irakur ditzakeenik kontuan hartu gabeko espekulazioak.

         Elixabete Etxebeste Espinak (Donostia, 1965) Magister Artium titulua lortu zuen Musikaren Zientzietan -Sistematika eta Historia- Hanburgoko Unibertsitatean; geroago zabaldu egin zituen bere ikasketak, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. 2002ko urteaz geroztik sorkuntza eta ikerkuntza proiektuetan ari da lanean, musika konposizioaren, interpretazioaren eta harreraren inguruan -XX. mendetik aurrerako musikari dagokionez, bereziki-, eta Musikaren Filosofia eta Estetika eta Etnomusikologia irakaslea da Musikenen (Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia).