2019 / 10 / 17
Sarrera libreko egunak eta ikustaldi gidatua, Jorge Oteizaren urteurrenean
  • Erakusketa iraunkorra, “Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969” proiektua eta AGIÑA ikus-entzunezkoa bisitatu ahal izango dira, azken hau azaroaren 3ra arte egongo baita

 

Oteiza Museoak Jorge Oteizaren jaiotzaren 111. urteurrena gogoratuko du (1908ko urriak 21 – 2003ko apirilak 9) sarrera libreko hiru egunez. Horietan zehar, bisitariek aukera izango dute Museoko Bilduma eta aldi baterako bildumak ikusteko, Museorako ikustaldi gidatua ere izango duen programa baten barnean. Ikustaldi gidatua, Museoaren zuzendari Gregorio Diaz Ereñoren eskutik, urriaren 20an izango da, igandea, 12:00etan.

Sarrera libre eta doakoa izango den egunak 2019ko urriaren 18, 19 eta 20an izango dira, Museoaren ohiko ordutegian. Egun horietan zehar, bisitariek aukera izango dute artistaren eskultura-lanaren bilakaeran zeharreko ibilbidea eskaintzen duen “Oteiza 1908-2008. Bilduma” erakusketa ikusteko. Gainera, bisitariak lantegi-etxean sartu ahal izango dira, eta horretan ikusgai izango dituzte bai artistari eta artistaren obrari buruzko ikus-entzunezkoak, bai artistaren dimentsio biografiko eta sorkuntzazkoari lotutako unitate tematiko eta geografikoak.

Igandean, hilak 20, eguerdiko 12,00etan Museorako doako ikustaldi gidatua izango da Museoaren zuzendari Gregorio Diaz Ereñoren eskutik. Horretan zehar, Oteizaren obra eta pentsamendu estetikoaren klabe nagusiak azalduko dira, Saenz de Oizak altxatutako Museorako arkitektura-proiektuari loturik.

Ibilbideak aukera emango du, era berean, “Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969” aldi baterako erakusketa ikusteko. Arantzazuko Gandiaga Topagunean osatzen den erakusketa proiektu horrek arte-prozesuaren bilakaera aztertzen du, bilakaera horrek izandako etapak zehazki, eta igeltsuz egin berrehundik gora eskultura-estudio erakusten ditu, inoiz erakutsi gabeak horietako gehienak. Erakusketa honetan, eta Oteizak planteatutako estatuariaren garapenaren bitartez, artistaren bilaketa kontzeptual eta sinbolikoak uler ditzakegu, haren eskultura-prozesuak izandako eboluzioa; izan ere, espazioa eta hutsa espiritualarekin identifikatzearen inguruan egin zituen gogoeta estetikoen alderdi garrantzitsu bat islatu zuen horretan.

Azkenik, egun horietan zehar Museora datozen bisitariek Maria Sanchez artistak Oteiza Museorako berariaz egin AGIÑA ikus-entzunezkoa ikusi ahal izango dute. Pieza horretan, autoreak aurrez aurre jartzen ditu abandonuaren, porrotaren ideia eta arte eta sorkuntzaren berezko zentzua, Jorge Oteizak eta Luis Vallet arkitektoak Agiñako inguru naturalean 1959an egin “Aita Donostiaren omenez” obrari lotuta.

Ikus-entzunezko hori Oteiza Museoak eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroak sustatzen duten Hazitegia programaren parte da, eta azaroaren 3ra arte luzatu da Museoan ikusteko aukera.

 
2019 / 10 / 10
Irakasleentzako prestakuntza

Jorge Oteiza esperimentazio prozesuan

Jorge Oteiza XX. mendeko sortzailerik garrantzitsuenetakoa da. Egin duen obrak oso lengoaia desberdinak biltzen ditu, hala nola eskultura, poesia, zinema edo arkitektura. Horregatik, lan hori oso aukera ona da irakasleei hainbat lan-agertoki eskaintzeko, forma, gorputz, espazio, hitz edo soinuarekin lotutako kontzeptuak ikasgelan bertan esperimentatzearren.

Ikastaroa metodologia teoriko-praktiko batez garatzen da museo-espazioan bertan. Horrela, aukera ematen du irakaspenak Museoko bildumaren eta arkitekturaren aurrean praktikara eramateko, ondoren esperientzia horiek ikastetxean bertan zabaltzera begira.

HELBURUAK:

  • Jorge Oteizaren obraren bidez irakasleei laguntzea ikasleak arte garaikidearen munduko lehen pausoetan gidatzen, betiere pedagogia esperimental batetik abiatuta.
  • Museorako bisita posible bat prestatzeko beharrezko tresnak ematea.
  • Irakasleei eztabaidarako gaiak eta lantegi posibleak eskaintzea, ikasgelan ikasleen sentsibilitate artistiko eta emozionala garatzeko.
  • Irakasleei analisi eta komunikazio tresnak ematea, arte garaikidea aintzat hartzeko eta arte horretaz disfrutatzeko.
  • Ikasleen sormena garatzea, aurkikuntzatik, jolasetik eta esperimentaziotik.

HARTZAILEAK:Jorge Oteizaren obratik abiatuta ikasgelan arte-hezkuntzaren praktika lan tresnatzat erabiltzeko interesa duten Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleak eta hezkuntza ez formalekoak.

DATAK: 2019ko urriak 16 eta 17. 17:00etatik 20:00ak arte.

PREZIOA: Doakoa.

MATERIAL DIDAKTIKOA: Bai.

ANTOLATZAILEA: Fundación Museo Jorge Oteiza Fundazio Museoa.

ESKAERAK: Mezu elektroniko bidez didactica@museooteiza.org helbidean.

INFORMAZIOA: https://www.museooteiza.org/

 

Jorge Oteiza. Transbertsalitatea lengoaiatzat artean

Oteiza dugu, zalantzarik gabe, XX. mendeko sortzailerik garrantzitsuenetakoa.

Ikastaro honek Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko irakasleei aukera ematen die euskal artistaren obra eta pentsamendua sakonago ezagutzeko, horretarako baliatuta elkarren desberdinak baina, aldi berean, transbertsalak diren lengoaiak, hala nola eskultura, poesia, arkitektura edo zinema.

Ikastaroko saioak lehen azalpen teoriko batetik abiatuko dira, horren osagarri Museoko aretoetan beretan obra bisitatuz, eta gogoeta eta esperimentazio espazio bateraino iritsiko dira, partaideen artean era kolektiboan garatuko diren jarduera praktikoen bidez. Ikastaroa amaitzean, eta proiektu-metodologiaren ildotik, ikasgela bakoitzean egiteko lan bat planteatuko da, eta Museoko didaktika departamentua bera izango da horretarako tutorea, ikasturtean zehar.

HELBURUAK:

  • Jorge Oteizaren obraren bidez irakasleei laguntzea ikasleak arte garaikidearen munduko lehen pausoetan gidatzen.
  • Museorako bisita posible bat prestatzeko beharrezko tresnak ematea.
  • Irakasleei eztabaidarako gaiak eta lantegi posibleak eskaintzea, ikasleen sentsibilitate artistiko eta emozionala garatzeko.
  • Irakasleei analisi eta komunikazio tresnak ematea, arte garaikidea aintzat hartzeko eta arte horretaz disfrutatzeko.

HARTZAILEAK: Geografia eta Historia, Artearen Historia, Marrazketa, Heziketa Plastikoa eta Ikusizkoa eta Matematikak ematen dituzten Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko irakasleak.

DATAK: 2019ko urriak 24 eta 25. 17:00etatik 20:00ak arte.

PREZIOA: Doakoa.

MATERIAL DIDAKTIKOA: Bai.

ANTOLATZAILEA: Fundación Museo Jorge Oteiza Fundazio Museoa.

ESKAERAK: Mezu elektroniko bidez didactica@museooteiza.org helbidean.

 

 
2019 / 09 / 24
Oteiza Museoak, “Ondare aktiboa” programaren bitartez, bat egingo du Ondare Jardunaldiekin. Horretan zehar, sarrera libreko 3 jardunaldi, zentrorako ikustaldi gidatua eta lantegi pedagogiko bat izango dira

 

Oteiza Museoak bat egingo du Europako Ondarearen Nafarroako Jardunaldien 2019ko edizioarekin. Horretarako “Oteiza Museoa, ondare aktiboa” programa garatuko du, ekintza-sorta bat bilduz bertan, tartean izango baitira sarrera libreko hiru jardunaldi, zuzendariarekin berarekin egingo den zentrorako ikustaldi gidatua eta “Gure ondarea aktibatuz” ikustaldi-lantegia.

“Artea eta aisia” da Oteiza Museoak programa berezi horren bitartez parte hartuko duen 2019ko Europako Ondare Jardunaldien leloa. Ildo horretatik, irailaren 27, 28 eta 29an zehar, museorako sarrera librea eta doakoa izango den jardunaldi batzuk programatu dira. Horietan zehar bisitariek aukera izango dute museoko bilduma iraunkorra, Oteizaren lantegi-etxea eta “Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969” aldi baterako erakusketa ikusteko.

Programaren barnean izango da, halaber, museoaren zuzendari Gregorio Díaz Ereñoren eskutik egingo den zentrorako ikustaldi gidatua. Bisitan zehar, eta Oteiza Museoa, arte- eta arkitektura-topaketa izenburuarekin, Oteizaren obraren funtsezko klabeak azalduko dira, Sáenz de Oizak garatu arkitektura-proiektuari lotuta. Ikustaldia 2019ko irailaren 28an izango da, larunbata, 12:00etan.

Azkenik, programa osatzeko Gure ondarea aktibatuz lantegi-ikustaldia izango da. Jarduera hori 6 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzendua da, betiere heldu batek lagunduta, eta irailaren 29an, igandea, izango da, 11:30etik 13:00ak bitartean. Jarduera guztiak doan dira, eta aurrez erreserba egin behar da 948 332074 zenbakian edo recepcion@museooteiza.org helbidean.

Europako Ondarearen Nafarroako Jardunaldiek, Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundeak sustatuek, jarduera sorta bat biltzen dute asteburu batean zehar, hala nola ibilbideak, interpretazio paseoak, antzezpenak, ikustaldi gidatuak, lantegiak, hitzaldiak eta kontzertuak. Horien guztien bitartez, kultura ondareko ondasunik garrantzitsuenak bisita ditzakegu, normalean ikusteko aukera izaten ez den foru komunitateko leku batzuekin batera.

 

2019ko Ondare Jardunaldietako jarduerak, “Oteiza Museoa, ondare aktiboa”

Egitaraua

1 Sarrera libreko jardunaldiak eta doako sarrera Oteiza Museoan

2019ko irailaren 27an, ostirala – 10:00etatik 15:00ak arte.

2019ko irailaren 28an, larunbata – 11:00etatik 19:00ak arte.

2019ko irailaren 29an, igandea – 11:00etatik 15:00ak arte.

 

2 “Oteiza Museoa, arte- eta arkitektura-topaketa”.

Doako ikustaldi gidatua Oteiza Museoaren zuzendari Gregorio Díaz Ereñorekin. 2019ko irailaren 28an, larunbata, 12:00etan.

(Toki kopuru mugatua. Ezinbestekoa da 948 332074 telefono-zenbakian edo recepcion@museooteiza.org helbidean aurrez erreserba egitea).

3 “Gure ondarea aktibatuz” ikustaldi-lantegia.

6 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzendutako jarduera (heldu batek lagunduta joan behar dute). Irailak 29, igandea. 11:30etik 13:00ak arte.

(Toki kopuru mugatua. Ezinbestekoa da 948 332074 telefono-zenbakian edo recepcion@museooteiza.org helbidean aurrez erreserba egitea)

 
2019 / 09 / 17
Oteizaren obra Arantzazun jarri zuten 50. urteurrenaren Oroitzapen-jardunaldia

 

 

  • Oteizaren obra Arantzazun jarri zuten 50. urteurrenaren Oroitzapen-jardunaldia hartuko du Gandiaga Topaguneak
  • Jardunaldiak mahai ingurua, Elena Martinen azalpen irakurketa eta Kukai Dantza hartuko ditu

 

 

Argazkia: Maritxu Urreta

Gandiaga Topaguneak, 2019ko irailaren 21ean, Oteizaren obra Arantzazuko basilikako fatxadan jarri zuten 50. urteurrenaren oroitzapen-jardunaldia hartuko du. Horretan zehar, Oteiza eta Arantzazu gai dituzten adituek osatu mahai ingurua izango da, Elena Martinek Oteizaren proiektuari buruz egingo duen azalpen irakurketarekin batera; eta, guztia osatzeko, Kukai Dantza-ren emanaldia.

Ekitaldia 11:00etan hasiko da Gandiaga Topaguneko ekitaldi aretoan, mahai inguruko partaideak Miguel A. Alonso del Val arkitektoa, Javier Gonzalez de Durana historialaria, Juan Ignacio Larrea frantziskotarra eta “Oteiza eta Arantzazuko estatuaria” proiektuaren komisario eta Oteiza Museoko kontserbatzaile Elena Martin direla; Jorge Oteizak Arantzazun egin lanaren garrantzia aztertuko dute, une hartako testuinguru kultural, sozial eta politikoarekin batera.

Ondoren (13:00 h), Elena Martinek Oteizaren proiektuari buruzko azalpen irakurketa bat egingo du, horretan aztertuz bai haren bilakaeraren giltzak bai enkargu horrek Oteizaren ibilbide pertsonal eta artistikoan izan zuen garrantzi eta esangura. Saio hori basilikan bertan izango da, eta Kukai Dantza-ren partaidetza ere izango du, eskultorearekin eta horrek Arantzazurekin izan zuen harremanarekin lotutako pieza batzuk interpretatuko ditu eta.

Saioetarako sarrera librea da, baina toki kopurua mugatuta dago. Beraz, ezinbestekoa da bertaratzea berrestea, irailaren 20a baino lehen betiere, 943-716575 telefono zenbakian edo info@arantzazugandiaga.com helbidean.

Ekitaldi hau Jorge Oteiza Fundazio Museoak, Arantzazu Gaur Fundazioak eta Arantzazuko Frantziskotarrek sustatu duten “Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969” programaren parte da. Programa hori urtean zehar ari da garatzen, Arantzazuko proiektu artistikoaren garrantzia eta kultur esangura analizatu eta hedatzearren.

Programaren atal nagusi bat Oteiza Museoan eta Gandiaga Topagunean aldi berean egiten ari den izen bereko erakusketa zabala da, urriaren 27a arte ikusgai egongo dena bera. Oteizak planteatutako estatuariaren garapenaren bitartez, artistaren bilaketa kontzeptual eta sinbolikoak uler ditzakegu, haren eskulturak izandako eboluzioa; izan ere, espazioa eta hutsa espiritualarekin identifikatzearen inguruan egin zituen gogoeta estetikoen alderdi garrantzitsu bat islatu zuen horretan, eta baita arteak imajinario sinboliko berriak sortu eta horiek gizartera proiektatzeko duen gaitasuna ere. Beraz, erakusketa proiektu honek, 300 obra baino gehiago ikusgai jarririk, are horietako gehienak inoiz erakutsi gabeak direla, Oteizaren lanaren esangura aztertzen du, garatu zuen prozesu artistikoak etapetan zehar izan zuen bilakaerarekin batera.

Proiektuko bitartekaritza planari dagokionez, datozen egunetan zehar zenbait jarduera izango dira, esate baterako Elena Martinekin egingo diren erakusketarako bisita gidatuak, urriaren 5ean, larunbata, Oteiza Museoan (12:00 h) eta urriaren 19an, larunbata, Gandiaga Topagunean (12:00 h eta 17:00 h).

Horretaz guztiaz gain, Harrizko gorputza, buztinezko arima haurrentzako lantegia emango du Maushaus-ek irailaren 28an eta urriaren 19an Gandiaga Topagunean (10:30 – 13:30 h), eta urriaren 7an (19:00 h), Tabakalerako Kutxa Kultur espazioan, Oteiza Arantzazun. Espresioa ahultzetik espazio harkorrera hitzaldia emango du Elena Martinek.

Azkenik, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Eskultura Saileko TECTar eta KREAREak ikerkuntza taldeek antolatutako Oteiza: natura—laborategia—Natura mintegia hartuko du Gandiaga Topaguneak 2019ko urriaren 18 eta 19an.

Programa honek babesle ditu Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentua eta Kutxa Fundazioa, eta laguntzaile, berriz, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Acción Cultural Española (AC/E), Eguesibarko Udala, Ulma Fundazioa eta Arantzazuko Adiskideak Elkartea

#OteizaArantzazu

Irudiak: https://drive.google.com/open?id=1J4MRC5F-zq1qQT4rHwnY_GDz2BGM4JIr

 

 
2019 / 06 / 18
“Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969” erakusketa

 

  •  “Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969” erakusketak eskultorearen obra publikoko proiekturik garrantzitsuena aztertzen du, haren amaieraren 50. urteurrenean

 

  • Proiektua bi egoitzatan aurkezten da, Oteiza Museoan eta Gandiaga Topagunean, eta proiektuari lotutako 200 pieza ditu ikusgai

 

Erakusketa: Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969
Oteiza Museoa: 2019ko ekainak 19 – urriak 27. Gandiaga Topagunea: 2019ko ekainak 28 – urriak 27.
Komisarioa: Elena Martin Martin, Oteiza Museoko kontserbatzailea.
Erakusketaren diseinua: Javier Balda
Jorge Oteiza Fundazio Museoaren, Arantzazu Gaur Fundazioaren eta Arantzazuko Frantziskotarren produkzioa. Babesleak: Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentua eta Kutxa Fundazioa. Laguntzaileak: Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Acción Cultural Española (AC/E), Eguesibarko Udala, Ulma Fundazioa eta Arantzazuko Adiskideak Elkartea.

Jorge Oteizak Arantzazuko basilikako fatxadarako gauzatu zuen eskulturako esku-hartzea artistak egin zuen obra publikorik garrantzitsuena da, arte eta arkitektura modernoak iritsitako goreneko uneetako bat, eta estetika erlijiosoak XX. mendean izan zuen berrikuntzaren ikurretakoa halaber. Eskultorearen esku-hartzea amaitu eta 50 urtera, “Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969” erakusketak proiektua aztertu eta esku-hartze horri lotutako 200 piezatik gora erakusten ditu, inoiz erakutsi gabeak horietako asko eta asko.

Asmo handiko proiektu horren esangura artistiko eta kulturala aztertzea eta behar duen zabalkundea ematea xede duen erakusketaren sustatzaileak Jorge Oteiza Fundazio Museoa, Arantzazu Gaur Fundazioa eta Arantzazuko Frantziskotarrak dira. Erakusketak bi egoitza izango ditu, Oteiza Museoa (2019ko ekainak 19–urriak 27) eta Arantzazu Gaur Fundazioaren egoitza den Gandiaga Topagunea (2019ko ekainak 28–urriak 27). Programak zenbait egoitzatan garatuko ditu ekintzak  Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuaren eta Kutxa Fundazioaren babesarekin, eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren, Acción Cultural Española-ren (AC/E), Eguesibarko Udalaren, Ulma Fundazioaren eta Arantzazuko Adiskideak Elkartearen laguntzarekin.

Erakusketak arte prozesuaren bilakaera aztertzen du, bilakaera horrek izandako etapak zehazki, eta igeltsuz egin berrehundik gora eskultura-estudio erakusten ditu, inoiz erakutsi gabeak horietako gehienak. Oteizak planteatutako estatuariaren garapenaren bitartez, artistaren bilaketa kontzeptual eta sinbolikoak uler ditzakegu, haren eskulturak izandako eboluzioa, horretan islatu egin baitzuen espazioa eta hutsa espiritualarekin identifikatzearen inguruan egin zituen gogoeta estetikoen alderdi garrantzitsu bat, eta baita arteak imajinario sinboliko berriak sortu eta horiek gizartera proiektatzeko duen gaitasuna ere. Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 honek sakon analizatzen du eskulturako proiektuaren bilakaera, arkitektura alderdiarekin izan zuen loturarekin batera, ahantzi gabe ordea eskultoreak, 1969an, obra instalatzea lortu zuen arte instalazio hori eragotzi zuten eliz galarazpenak eta planteatu ziren aukerak. Proiektuak artista garaikide multzo aipagarria bildu zuen, tartean ziren-eta Carlos Pascual de Lara (Lucio Muñozek ordezkatu zuen geroago), Nestor Basterretxea, Eduardo Chillida, Xabier Alvarez de Eulate, Lucio Muñoz, Xabier Egaña eta Jorge Oteiza bera, proiektu komuna gauzatu behar zuten-eta Francisco Javier Saenz de Oiza eta Luis Laorgaren arkitekturako garapenetik abiatuta.

Erakusketa-proiektua erakunde antolatzaileen egoitzetan garatuko da, eta aukera emango du Oteizak basilikako fatxadan esku hartzeko landu proiektuaren funtsezko oinarriak ulertzeko zein haren garapena markatu zuten une erabakigarriak ezagutzeko. Proiektuko komisarioa Elena Martin da, Oteiza Museoko kontserbatzailea, erakusketaren diseinua Javier Baldak egin du, eta Arantzazuko obra instalatzeko prozesuan zehar Oteizak grabatutako irudi originaletatik abiaturik Xabier Erkizia artistak berariaz prestatutako soinuzko esku-hartzea ere izango da. Obrak Oteiza Museoko bildumakoak, Arantzazuko Frantziskotar Anaidia Bildumakoak, Sáenz de Oiza Artxibokoak eta mailegu emaile partikularrenak dira; aipatu behar, halaber, Elías Querejeta Zine Eskolaren laguntza.

Erakusketarekin batera, Oteiza Arantzazun argitalpenaren edizioa izango da. Horretan, eta aldizkari moduan, proiektuaren bilakaera kontatzen da, era dibulgaziozko eta ikusizko batez, dokumentazio grafiko ugarirekin eta Elena Martin eta J. P. Huercanosen testuekin. Argitalpen horren ondotik, Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 lanaren edizioa izango da, non Oteizaren eskultura-proiektuaren bilakaera jasoko baita, luze eta zabal eta osorik, fatxadaren behin betiko itxuraketan zerikusia izan zuten eragile eta zertzelada guztiez gain. Lan horren oinarrian autoreak, Elena Martinek, izen bereko doktore tesirako egin ikerkuntza dago.

Erakusketa Oteiza Museoan

2019ko ekainak 19 – urriak 27

Oteiza Museoak hartuko duen erakusketa prozesu artistikoaren bilakaeran bilduko da nagusiki, bilakaera horren etapetan, eta igeltsuzko eskultura-estudio sorta zabala erakutsiko du; inoiz erakutsi gabeko obrak dira gehienak, artistaren legatukoak, Oteiza Museoan gordeak.  Erakusketak planteatzen duen ibilbideak behin betiko proiektuaren klabeak eta artistak azken fatxadara iritsi arte planteatutako irtenbideak aztertzen ditu, hark “espazio harkorra, isolatzaile metafisikoa” izan behar baitzuen, Oteizak berak esan moduan. Erakusketak prozesuko zenbait atal aztertzen ditu, esaterako Oteizak Arantzazun planteatutako eskultura-kontzeptua, horma-erliebearen planteamendua, Apostoluen frisoaren eta Ama Birjinaren ikonografiaren definizioa edota espazio espirituala definitzeko klabeak, eta azalpen gisako kronologia batez amaitzen da, dokumentazio grafiko ugari emanez horretan.

 

Erakusketa Gandiaga Topagunean

2019ko ekainak 28 – urriak 27

Proiektu hau osatzen duen bigarren erakusketa Gandiaga Topagunean inauguratuko da, Arantzazu Gaur Fundazioaren egoitzan, ekainaren 28an. Oteizak Arantzazun zertu zuen esku-hartzearen kontakizun kronologikoa egingo du, eraikuntza-lanak 1950ean hasi zirenetik 1969an behin betiko instalazioa amaitu zen arte.

Sekuentzia gisa, eta garapen kronologikoa harturik oinarri, proiektuaren klabeak azalduko dira, 40 eskultura ingururen bitartez (Oteiza Museokoak eta Arantzazuko basilikako santutegiko komentukoak dira) eta Arantzazuko Santutegiko Artxiboko eta Oteiza Museoko Ikerkuntza Zentroko dokumentazio, argazki, prentsa eta ikus-entzunezko ugari baliatuta. Ibilbidea hasteko, proiektuaren hasierako arkitekturaren eta eskulturaren analisia egingo da, ondoren eskultura erlijiosoaren berrikuntzaren klabeak aztertuko dira, eta enkarguaren zehaztapena, artelanen geldiaraztea eta proiektua amaitzearren Oteiza Arantzazura itzultzea izango ditu hurrengo gaiak.

  • Ospakizun ekitaldia

 

Gandiaga Topaguneak, irailaren 21ean, Oteizaren obra Arantzazuko basilikako fatxadan instalatu zuteneko 50. urtemuga ospatzeko ekitaldia hartuko du.

Mahai inguru formatuan, Arantzazuren garrantzia aztertuko da, bere testuinguru historikoan.

Jardunaldia amaitzeko, Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 argitalpena aurkeztuko da, eta Arantzazuko basilikako fatxada bisitatuko da, multzo artistiko horren klabe estetikoak analizatzearren.

 

  • Bitartekaritza plana

 

Bi erakusketa-proiektuetarako bisita gidatuak

 

Doako bisita gidatuak izango dira, bai Oteiza Museoko bai Gandiaga Topaguneko erakusketetara, erakusketa-proiektuaren komisario Elena Martinekin.

 

Oteiza Museoko bisita gidatuak

Ekainak 22, larunbata, 12:00etan.

Urriak 5, larunbata, 12:00etan.

 

Gandiaga Topaguneko bisita gidatuak

-Ekainak 29, larunbata, 12:00etan.

-Abuztuak 24, larunbata, 12:00etan eta 17:00etan.

-Urriak 19, larunbata, 12:00etan.

 

Lantegi pedagogikoak

Proiektu honetarako berariaz diseinatutako lantegiak programatuko dira. Horiek haurrei lagundu egingo diete arkitekturako proiektu baten dimentsioa ulertzen: arkitekturaren eta beste arteen arteko funtsezko harremana, eta bereziki estatuaria garatzeko prozesu formala.

 

            Oteiza Museoa:

 

Eskultura lengoaia plastiko eta sentsorial gisa, Oteizaren Apostoluetatik.

Lantegia – Udalekua.

2018ko abuztuaren 19tik 23ra, 09:30etik 13:30 arte. 5 eta 11 urte bitarteko haurrentzat.

 

Apostoluen historian zeharreko ibilbidea familiarentzat.

5 eta 11 urte bitarteko haurrentzako bisita-lantegia, senide batek lagunduta.

Irailak 15. 11:00etatik 13:30 arte.

 

Irakasleentzako prestakuntza

Gorputza, ahotsa eta emozioak Arantzazuko apostoluetatik. Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleentzako bisita-lantegia. Irailak 25. 17:30etik 19:30 arte.

Oteiza eta espiritualtasuna artean. Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko irakasleentzako bisita-lantegia. Irailak 6. 17:30etik 19:30 arte.

Oteiza Museoko Hezkuntza Estetiko Sailaren arduradun Aitziber Urtasunekin.

            Gandiaga Topagunea

Harrizko gorputza, buztinezko arima haurrentzako lantegia.

Maushaus-ek diseinatu duen 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako lantegiak bi saio izango ditu.

– Irailak 28. 10:30etik 13:30 arte.

– Urriak 19. 10:30etik 13:30 arte.

Gandiaga Topagunean, Maushausen eskutik.

 

Hitzaldia

Oteiza Arantzazun. Espresioa ahultzetik espazio harkorrera.

Hizlaria: Elena Martin, Oteiza Museoko kontserbatzailea eta “Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969” proiektuaren komisarioa.

Urriak 7, astelehena, 19:00 h. Kutxa Kultur. Ruiz Balerdi aretoa (4. solairua, Tabakalera). Donostia.

 

Oteiza: natura—laborategia—Natura mintegia

Gandiaga Topagunea, 2019ko urria-azaroa. Antolatzaieak: TECTar y KREAREak Ikerkuntza taldeak. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Ederren Fakultateko Eskultura Saila.

ARGAZKIAK: https://drive.google.com/open?id=1J4MRC5F-zq1qQT4rHwnY_GDz2BGM4JIr

#OteizaArantzazu