Argitalpenak

La nada poética. Mística y poética en la estética contemporánea.


Banaketa: Machado Grupo de Distribución (pedidos@machadolibros.com)


Izenburua: La nada poética. Mística y poética en la estética contemporánea. Cajas metafísicas de Jorge Oteiza. Tres lecciones de Tinieblas de José Ángel Valente

Egilea: Javier Pueyo

Editorea: Jorge Oteiza Fundazio Museoa, Santiago de Compostelako Unibertsitateko Valente katedraren eta Eguesibarko Udalaren babesarekin.

Prometeo bilduma, 7. zk., 324 orrialde. Prezioa: 18 €

Kutxa metafisikoak, Jorge Oteiza eskultorearenak, eta Jose Angel Valente poetaren Tres lecciones de tinieblas lana funtsezko bi erreferentzia dira XX. mendeko artean eta literaturan. Obra bi horien analisi konparatua da Javier Pueyo ikerlariaren La nada poética. Mística y poética en la estética contemporánea lanaren abiapuntua. Horretan zehar, Pueyok aztertu egiten ditu abstrakzioa eta aszetikatik hurbileko espresio formala erakusten dituzten obra bi horien ezaugarriak eta oihartzunak.

 

Oteizak eta Valentek sekula ez zuten elkar zuzenean ezagutu, baina gutun bidezko harremana izan zuten, elkarrekiko begirune eta miresmenean oinarrituta, biei 1988an Asturiasko Printzea Saria eman zietenetik aurrera. Orain, hogeita hamar urtetik gora igaro direla, Jorge Oteiza Fundazio Museoak Santiago de Compostelako Unibertsitateko Valente katedraren eta Eguesibarko Udalaren babesarekin argitaratutako lan honek egile horien bi obra zeharo esanguratsu aztertzen ditu; obra horiek ezerezaren esperientziarekiko hurbiltasuna eta absolutua iristeko borondatea dituzte ezaugarri, eta poetika eta mistika lotzen dituzte, modu bereziki adierazgarrian.

 

Laneko sarreraren ondoren, horretan ezerezaren kontzeptuaz, sinboloaz edo estetika apofatikoaz (negatibotasunaren hermeneutikei buruzkoaz) hitz egiten baitigu egileak, Pueyok bi liburutan banatzen du saiakera; hala, begirada zorrotza eskaintzen dio sortzaile bakoitzari, Heideggerren, Eckhart maisuaren edo Joan Gurutzekoaren testuetan oinarrituta. Egileak proposatzen duen testuaren antolaketak, bloke tematikoak baitauzka eratuta, aukera ematen du “irakurketa horizontal” argigarri bat ere egiteko, horren bitartez agerian jartzearren itxura batean zeharo desberdinak diren lengoaia plastikoaren (Oteizak 1958 eta 1959 bitartean egindako Kutxa metafisikoak) eta poetikoaren (1978 eta 1980 bitartean sortutako Tres lecciones de Tinieblas lana) arteko lotura ezkutuak.

Pueyok erabiltzen dituen epigrafeek, Ars combinatoria, Simbología, Kairós, Témenos, Ascesis edo Abstracción-ek, argi egiten dute Oteiza eta Valenteren arteko solasaldi horren gainera, eta analisiaren ardatza subjektuaren eta objektu poetikoaren arteko harremanetan jartzen dute, egitate poetikoaren espazio-denborazko errealitatean, edo elementuen permutazio eta konbinazio gisako arte sorkuntzan. Ikerlariaren ikuspegitik, Kutxa metafisikoak eta Tres lecciones de tinieblas lanek bereganatu egiten dute Arteari eman ohi zitzaion jatorrizko izaera sakratua, ulertezinaren adierazpena izatea.

Jorge Oteiza. Kutxa metafisikoa

Saiakera zabalaren osagarri, argitalpeneko protagonista bien dokumentu originalez osatutako atal dokumentala dago, hurrenez hurren Oteiza Fundaziotik eta Valente katedratik heldutako dokumentuez osatua. Eta aipatu elementu guztiokin taxututako lana Jorge Oteizaren obrari eta haren garaiari buruzko ikerlanak argitaratzera zuzendutako Centauro bildumako zazpigarren titulua da, bilduma berean beste hauek izan baititu aurretik: Crónlech vasco y zorro japonés. De Jorge Oteiza a Akira Kurosawa, Juan Antonio Urbeltz eta Mikel Urbeltzena; Oteiza y Unamuno: dos tragedias epigonales de la modernidad, Juan Aranarena; Oteiza y los nuevos paradigmas científicos, Ignacio Sánchez Simónena; Jorge Oteiza y la  finalidad del arte, Jon Echeverria Plazaolarena; Yuri Gagarin y el Conde de Orgaz. Mística y estética de la era espacial (Jorge Oteiza, Yves Klein, José Val del Omar), Javier Ortiz-Echagüerena, Jon Macarenoren Laboratorios experimentales del escultor Jorge Oteiza y el psiquiatra Carl Gustav Jung. La operación simbólica en la construcción del tejido sujeto-comunidad lanarekin batera.

Javier Pueyo (Iruñea, 1979) doktorea da Hizkuntza eta Literatura espainiarrean Bourgogneko Unibertsitatean, eta Literaturaren teoria eta literatura konparatuan Santiago de Compostelako Unibertsitatean. Aldi berean, musika-master bat egin du Moskuko Xolokhov Unibertsitatean, eta zenbait piano errezitaldi eskaini ditu Espainian eta atzerrian. Egin dituen ikerlan zientifikoak sinboloaren interpretazioaren eta estetika eta mistikaren arteko harremanen ingurukoak dira.


De la Cuesta, 24. Altzuza, Nafarroa
T +34 948 332 074 info@museooteiza.org