
“Film honetan, 14 aldiz sartuko du gaua. Kontatu eginen ditugu”. Esaldi horrexekin hasten da Oskar Alegriak Jorge Oteiza euskal artistaren unibertso sortzailearen eta ideien inguruan egiten duen bidaia zinematografikoa. Proposamen horrek 14 gautan zeharkatuko ditu XX. mendeko euskal artearen erreferentzia handienetako baten obrari lotutako espazio, ideia eta misterioetako batzuk.
Arantzazuko basilika da pelikularen agertoki nagusia, eta hantxe igarotzen da bidaia berezi horretako gaurik luzeena. Zinemagileak, santutegiko organoaren alboan erretiraturik, 14 gaueko segida bat kontatzen dio Iñar Sastre piano-jotzaileari, eta erronka berezi bat proposatzen dio: pianoaren teklen bidez, musikariak ikusten ahalko ez dituen irudi batzuk irudikatzeko, alegia.
Zinema, musika eta pentsamenduaren arteko elkarrizketa horretatik sortua da 14 ilargiz, 14 iluntasunez eta 14 misterioz osaturiko bilduma bat, zeinak friso beraren parte gisa baitaude kontzebituta. Hori horrela, 14 zenbakiak ezartzen du filmaren haria, eta zuzenean lotzen du Arantzazuko historiarekin eta Oteizaren kontzepzio artistikoarekin berarekin.
14 gau EITBren proiektu bat da, Oskar Alegria artistaren ekoiztetxeari zuzendua, Jorge Oteiza Museo Fundazioaren eta Artingeniumen laguntzarekin. Oteizaren unibertsoaren esplorazio zinematografikoarekin jarraitzen du, egileak berak DANOK OTEIZA programaren testuinguruan filmatutako Oteiza 14 apostolu dokumentalaren ondoren.
Zinemaldian lau emanaldietan izango da ikusgai filma, eta hurrengo urratsetarako ere hautatua izan da dagoeneko: Mexikoko, Alemaniako, Italiako eta Espainiako hainbat jaialditan.