Jarduerak

Jorge Oteizaren uharte utopikoa. Zorrotzaurreren inguruko iruditeriak eta modernitatearen amaierako arteak. Urriak 14 – azaroak 8


  • Mugak/ Bienalak “Jorge Oteizaren uharte utopikoa. Zorrotzaurreren inguruko iruditeriak eta modernitatearen amaierako arteak” proiektua aurkeztuko du
  • Oteiza Museoak eta Ahikuk sustatu dute ekimena, eta Donostian eta Bilbon eginen da 2025eko urriaren 14tik azaroaren 8ra bitartean, San Telmo Museoaren, Azkuna Zentroaren eta Krean Taldearen laguntzarekin

 

Mugak/Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren bosgarren edizioaren barnean, “Jorge Oteizaren uharte utopikoa. Zorrotzaurreren inguruko iruditeriak eta modernitatearen amaierako arteak” proiektua izanen da. Egitasmo horren bidez, hausnarketarako gune bat sortu nahi da, Oteizak eta arkitekto-talde batek 1994. urtearen amaieran Zorrotzaurrerako diseinatu zuten proiektuaren inguruan. Hala, aztergai izanen da arkitekturarekin eta artearekin lotutako gure memoria kulturala.

Proiektu hori Oteiza Fundazioak sustatua da, Ahiku – Arkitektura eta Hiri Kultura elkartearekin batera. Era berean, lankide izan ditu San Telmo Museoa, Azkuna Zentroa eta Krean Taldea. Orobat, zenbait programa publiko eta ekintza pedagogiko eginen dira Bilbon eta Donostian 2025eko urriaren 14tik azaroaren 8ra bitartean, eta, horretaz gainera, Santos Bregañak eta Emilio Varelak idatziriko Oteiza eta hiri mugigaitza. Zorrotzaurre uhartearen antolamendua. Bilbo, 1994 argitalpena aurkeztuko da. Proiektu hori Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak finantzatu du, Open Mugak/ Bienalaren deialdia baliaturik.

Jorge Oteizaren ibilbidearen kapitulu ezezagun baten berrikuspenetik abiatua da programa hori. 1994an, arkitektoz eta arkitektura-ikaslez osaturiko talde batek proposamen bat egin zuen Thyssen Arquitectura etxeak antolatutako lehiaketa baterako, zeinak Zorrotzaurre penintsula antolatzea planteatzen baitzuen, Bilboko itsasadarrean. Iñaki eta Jon Begiristain anaiek zuzendu zuten Santos Bregaña, Mikel Enparantza, Bakarne Iturrioz, Emilio Varela, Javier Perez eta Javier Zundak osatutako talde hura, eta bi anaiek antolatu zituzten, orobat, kolaboratzaileekin izaniko topaketak. Jorge Oteizak gainbegiratu eta aholkatu zuen hura guztia, Ramon Zalloren programari eta Iñaki Zubizarretaren kontsultei jarraikiz.

Eskultorearen ibilbidean inoiz ikusi gabeko pasarte horri esker, artistak estetikaren eta arteen arloko ikerketei buruzko ideiak proiektatu ahal izan zituen Bilbon, eta hiria eta lurraldea egiteko moduan aplikatu zituen. Proposamen horrek hausnarketa-esparru bat sortu nahi du proiektu horretatik abiatuta. Hala, aukera izanen da, batetik, gure historiako proiekturik berezienetako —eta gutxien ezagutzen denetako— bat aztertzeko, eta, bestetik, Jorge Oteizak eta beste sortzaile batzuek (Nestor Basterretxeak eta Juan Daniel Fullaondok, kasurako) artean eta estetikan oinarriturik eginiko ekarpenak berrikusteko eta testuinguruan kokatzeko. Egikaritu gabeko proiektuak dira, batzuetan gauzaezinak eta funtsean porrot eginikoak. Haien bitartez, barnean dituzten inguru utopikoak mugatzen ahalko dira, eta, atzera begira paraturik, ikusten ahalko da ezen utopia eta haren kontrako aldea —hots, porrota— modernitatearen amaiera ekarri zuten anbizioen neurria baino ez direla. Utopia kontzeptuaren eta Jorge Oteiza euskal eskultoreak Zorrotzaurre uharterako eginiko proposamenaren arteko hartu-eman horri esker, hirien etorkizunari buruzko zenbait gai aztertzen ahal dira Mugak/Nazioarteko Arkitektura Bienalaren bosgarren edizio honen esparruan: “Gazteluak airean: nola eraiki gaur egungo utopia”.

 

Nestor Basterretxea eta Jorge Oteiza

 

Programa publikoak

Programa horren barnean, ekintza publikoz eta pedagogikoz osaturiko programa bat eginen da. Horrekin batera, argitalpen-ekintza bat ere izanen da, urrian eta azaroan zehar.

Programak hiru gunetan garatuko dira: San Telmo Museoan, Azkuna Zentroan eta Zorrotzaurren.

 

– Formatik espaziora. Oteiza eta Basterretxearen arkitektura utopikoak

Emma Lopez Bahutek eskainitako saioa. Oteiza Museoko zuzendariorde J.P. Huercanos izanen da aurkezle eta moderatzaile.

San Telmo Museoa. Urriak 14 (asteartea), 19:00etan. Sarrera librea lekuak bete arte. Streaming bidezko emisioa San Telmo Museoko youtube-kanalean.

Saio horretan, Jorge Oteiza eta Nestor Basterretxea artistek arkitekturari buruz egindako hurbilketak izanen dira aztergai (2024an izan da Basterretxearen mendeurrena). Hala, ikergai izanen da posizio artistikoetatik eta diziplinari loturikoak ez direnetatik abiatuta arkitekturara hurbiltzeko gaitasuna; ildo horretan, hirian zer-nola agertu zen aztertuko da, betiere kontuan izanik espazioaren kontzeptua —Oteizaren kasuan— eta formarena —Basterretxearen kasuan—.

– Hiria Imajinatu. Arkitektura-lantegia

San Telmo Museoa. Urriak 18 (larunbata), 16:00etatik 19:00etara.

Erreserbak eta izen-emateak: www.santelmomuseoa.eus.

Aitziber Urtasun Oteiza Museoko Hezkuntza Estetikoko arduradunak diseinatua da tailer hori, eta hiri ideala irudikatzeko hurbilketa bat proposatzen du: ideal horretan, formak, bolumenak eta paisaiak ideia utopiko batean elkartzen dira, kontuan izanik betiere Oteizaren pentsamendua eta artearen eta arkitekturaren bidez eraikitako iruditeria sinbolikoa. Norentzat: Familiak 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat.

– 261141 Izarrak alde. Ametzagainako hilerria, Jorge Oteiza, Juan Daniel Fullaondo

Ana Arnaizek emaniko saioa. Ahiku-Arkitektura eta Hiri Kultura etxeko Emilio Varela izanen da aurkezle eta moderatzaile.

San Telmo Museoa. Urriak 21 (asteartea), 19:00etan. Sarrera librea lekuak bete arte. Streaming bidezko emisioa San Telmo Museoko youtube-kanalean.

Jorge Oteizak eta Juan Daniel Fullaondok orpoz orpo lan egin zuten 1985ean Marta Maiz, Enrique Herrada eta Maria Jesus Muñoz arkitekto gazteekin, Donostiako Ametzagaina muinoan hilerri berri bat eraikitzeko proiektu batean. Zenbait arrazoi tekniko zirela eta, ez zuten onartu Oteizak eta arkitekto-taldeak aurkeztutako proiektua. Alabaina, eraikuntza monumental eta sinbolikoaren adibide bat da, formalki modu suprematistan eratua, muinoaren gainean esekitako prisma zuzen handi gisa. Hain zuzen ere, “muinoaren gailurra itsasoaren gainetik zeruratzeko pista gisa geldituko litzateke, aireportukoen moduko bi seinaleren artean”, Oteizak berak proiektuaren memorian adierazten duen bezala.

– Oteiza eta hiri mugigaitza. Milurteko amaierako utopiak

Mahai-ingurua: Carmiña Dovale, (Ahiku etxeko arkitektoa), Emilio Varela eta Santos Bregaña (Oteiza eta hiri mugigaitza liburuaren egileak).

Azkuna Zentroa. Urriak 28 (asteartea), 19:00etan.Sarrerak: www.azkunazentroa.eus

Saio horretan, Jorge Oteizak eta arkitekto-talde batek (Ramon Zalloren laguntzarekin) 1994an egin zuten proiektua aurkeztuko da. Zorrotzaurreko penintsula birmoldatzeko lehiaketarako prestatu zuten proiektu hura. Artistaren ibilbideko pasarte berezi bat da egitasmo hori, eta artearen, arkitekturaren eta hiriaren arteko harremanari buruzko hausnarketetan kokatzen da. Izen bereko monografiaren egile Emilio Varela eta Santos Bregaña arituko dira, bai eta Ahiku kolektiboko Carmiña Dovale arkitektoa ere.

 

 

– Deustuko Erriberako eta Zorrotzaurreko deriba. Bisita-ibilaldi bat Imanol Orokietarekin

Zorrotzaurre. Frank Gehry Zubia (Deustuko Erriberako aldean). Azaroak 2 (igandea), 12:00etan.

Saio horretan, ibilaldi gidatu bat proposatzen da Zorrotzaurreko penintsulan eta Deustuko Erriberan barna Imanol Orokieta soziologoarekin. Ibilaldian, inguruko espaziorik berezienak zeharkatuko dira; aztergai izanen dira haien iragana eta etorkizuna, baita gizakiaren eta paisaia natural eta urbanoaren arteko harremana ere. Proposamen hori erdibidean dago deriba situazionistaren eta amets utopikoaren artean, eta ibilaldia eta bilakaera proposatzen ditu lurraldea ezagutzeko eta esperimentatzeko modu gisa.

 

– Zorrotzaurre 1994. Izan (ez) zitezkeen uhartea eta hiria

Azkuna Zentroa. Azaroak 4 (asteartea), 19:00etan. Sarrerak: azkunazentroa.eus

Elkarrizketa bat Ramon Zallorekin. Santos Bregaña diseinatzaile eta idazlea izanen da aurkezle eta moderatzaile.

Ramon Zallo arduratu zen Oteizak eta arkitekto-kolektibo batek Zorrotzaurre penintsula berrantolatzeko lehiaketarako 1994an aurkeztu zuten proiektuaren programa soziokulturala eta ekipamendu-programa kontzeptualizatzeaz. Alderdi arkitektonikoei eta kulturalei buruzko gogoetez gainera, proiektu hark bestelako proiekzio bat proposatzen zuen, hagitz aldendua Bilbok azken hamarkadetan bizi izan duen hiri-eraldaketatik.

– Hiria Imajinatu. Arkitektura-lantegia

Azkuna Zentroa. Azaroak 8 (larunbata), 11:00etatik 14: 00etara.
Norentzat: 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat. Inskripzioak: www.azkunazentroa.eus

 

 

Argitalpen-ekintza. Oteiza eta hiri mugigaitza

Programa horretan txertatutako ekintza publikoek osatu eta areagotu egiten dute Emilio Varelak eta Santos Bregañak eginiko Oteiza eta hiri mugigaitza. Zorrotzaurre uhartearen antolamendua. Bilbo, 1994 monografiaren argitalpenak ekarririko erresonantzia. Argitalpen-proiektu horrek Oteiza eskultoreak ikasle- eta arkitekto-talde horri proposatu zizkion esku-hartzeak kontatzen ditu, eta, haren bidez, bertatik bertara ezagutzen ahalko da zer esanahi izan zuen artez, arkitekturaz, hirigintzaz eta idealismo dosi handiz osaturiko proposamen integral horrek. Liburuan bildurik daude testuak, marrazkiak, planoak, ilustrazioak eta argazkiak, dokumentu originalak eta argitaragabeak… Guztiek ere Zorrotzaurrerako eginiko proposamena azaltzen eta deskribatzen dute, Bilboko hiriarekin eta paisaiarekin duen harremana kontuan izanik.

Ikerketa hori “Oteiza eta hiri mugigaitza” erakusketa-proiektuaren xede izan zen, zeina 2023ko azarotik abendura bitartean egin baitzen Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bilboko egoitzan, Mugak/Euskadiko Arkitektura Bienalaren aurreko edizioaren esparruan. Harrezkero, ikerketak zabaldu egin du dokumentu- eta testuinguru-erregistroa, eta argitaratu gabeko erreferentzia berriak txertatu ditu argitalpen-proiektuan. Horiek guztiek luze-zabal argitzen dute proiektu haren norainokoa, sustatzaileen ideien ondorioz sortua.

Monografia hori Ahikuk eta Oteiza Museoak emanen dute elkarrekin argitara, eta zentro honek editaturiko Koadernoak bildumaren hamargarren argitalpena izanen da. Euskaraz eta gaztelaniaz argitaratuko da.

 



De la Cuesta, 24. Altzuza, Nafarroa
T +34 948 332 074 info@museooteiza.org