Oteiza Museoak bat eginen du 2026ko Museoen Nazioarteko Egunaren ospakizunekin, eta berariazko jarduera-programa bat antolatu du Jorge Oteizaren obrari eta pentsamendu estetikoari buruzko ezagutzan sakontzeko. Ekintza-sorta hori “Museoak mundu zatitu bat elkartzen” programaren barnean bildua da, eta barnean hartuko ditu ateak zabaltzeko hiru jardunaldi, ikus-entzunezko emanaldi bat eta museoko kontserbatzaileak gidatutako ibilbide bat.
Oteiza Museoan eginen diren ekintzak abiarazteko, ateak zabaltzeko doako jardunaldiak antolatuko dira maiatzaren 16an, 17an eta 18an. Jardunaldiotan, Oteiza Museoaren bilduma bisitatzen ahalko da. Hala, errepaso sakon bat proposatzen da artistaren ibilbide eskultoriko osoan, artistaren lantegi-etxean eta “Basterretxea–Oteiza. Espazioaren arazoa” izeneko aldi baterako erakusketan, zeinak bi egileon ibilbide artistikoa eta pertsonala aztertzen baitu.
Oteiza Museoak maiatzaren 18an ere (astelehena) irekiko ditu ateak salbuespen gisa, Museoen Nazioarteko Eguna dela eta.
Maiatzaren 16an (larunbata), 12:00etan, Nestor Basterretxeak zuzendutako Operación H (1963, 12’) filma emanen da. Aldi baterako erakusketaren testuinguruan antolatutako jarduera horrek barnean hartuko du, era berean, Peio Aguirreren eta J. P. Huercanosen aurkezpen bat. Haren ondotik, eta solasaldi bat eta gero, erakusketa bisitatzen ahalko da. Pieza hori jatorriz spot komertzial gisa pentsatua da, eta gaur egun erreferentzia bilakatu da bere garaiko ikus-entzunezko sorkuntza esperimentalean. Jorge Oteizak, Luis de Pablok edo Marcel Hanounek parte hartu zuten hura sortzen.
Egitarau bereziak maiatzaren 17an jarraituko du (igandea), 12:00etan, Oteiza barrutik. Ibilbide bat Museoko kontserbatzailearekin izeneko jarduerarekin, artistaren eskultura-prozesuetan eta obraren ezaugarrietan sakontzeko. Bisitan, Oteizaren proiektu artistikoaren mugarri garrantzitsuenak aztertuko dira: figurazioaren lengoaiak, haren amaierako lanaren abstrakzio espaziala, baita obrak kontserbatzearekin lotutako alderdiak ere. Bisita Elena Martín Oteiza Museoko kontserbatzaileak gidatuko du. Artistaren obran eta pentsamenduan aditua da Martín.
Jarduera guztiak doakoak dira. Plaza mugatuak. Beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea museooteiza.org webgunean.

Museoen Nazioarteko Eguna / MNE 2026
Museo Oteiza Museoa
Programa:
▬▬ Ateak zabaltzeko jardunaldiak eta sarrera doan Oteiza Museoan
Maiatzaren 16an, 17an eta 18an
Ateak zabaltzeko Jardunaldiotan, Oteiza Museoaren bilduma bisitatzen ahalko da. Hala, errepaso sakon bat proposatzen da artistaren ibilbide eskultoriko osoan, artistaren lantegi-etxean eta “Basterretxea–Oteiza. Espazioaren arazoa” izeneko aldi baterako erakusketan, zeinak bi egileon ibilbide artistikoa eta pertsonala aztertzen baitu. Oteiza Museoak maiatzaren 18an ere (astelehena) irekiko ditu ateak salbuespen gisa, Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko.
▬▬ Nestor Basterretxearen Operación H (1963, 12’) filmaren emanaldia.
Martxoak 16 (larunbata), 12:00etan
Jarduera hori “Basterretxea–Oteiza. Espazioaren arazoa” aldi baterako erakusketaren testuinguruan antolatua da, zeina ikusgai baitago uneotan Oteiza Museoan. Saio horretan, berebat, Operación H aurkeztuko dute Peio Aguirrek eta J. P. Huercanosek, eta, solasaldi baten ondoren, erakusketa bisitatzen ahalko da. Pieza hori jatorriz spot komertzial gisa pentsatua da, eta gaur egun erreferentzia bilakatu da bere garaiko ikus-entzunezko sorkuntza esperimentalean. Nestor Basterretxeak zuzendua da, eta Jorge Oteizak, Luis de Pablok eta Marcel Hanounek parte hartu zuten.
→ Gutxi gorabeherako iraupena: 60 minutu. Plaza mugatuak. Beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea museooteiza.org webgunean.
▬▬ “Oteiza barrutik”. Ibilbide bat Museoko kontserbatzailearekin
Maiatzak 17 (igandea), 12:00etan.
Jarduera horrek ibilbide gidatu bat proposatzen du museoan bildutako Jorge Oteizaren lana ezagutzeko. Bertan, artistaren eskultura-prozesuetan eta obraren ezaugarrietan sakonduko da, eta Oteizaren proiektu artistikoaren mugarri garrantzitsuenak aztertuko dira, figurazioaren lengoaietatik hasi eta bukaerako obraren abstrakzio espazialeraino. Aldi berean, bildumaren xehetasunak eta artelanen kontserbazio-neurriak izanen dira aztergai. Bisita Elena Martín Oteiza Museoko kontserbatzaileak gidatuko du. Artistaren obran eta pentsamenduan aditua da Martín.
→ Gutxi gorabeherako iraupena: 75 minutu. Plaza mugatuak. Ezinbestekoa da aldez aurretik erreserba egitea esteka honetan