Jarduerak

After cage Jaialdia. Urriak 24-25


  • Altzuzako Oteiza Museoak After Cage X.II. ‘Vertice’ Jaialdiaren Adierazpen Eremuen Gunea hartuko du asteburu honetan: soinu berrikuntza eta sorkuntza garaikidea Eszku eta Zukan Hirukotearekin
  • After Cage eta E7.2 kolektiboak diziplinaz gaindiko esperientzia bat aurkeztuko dute, musikaren, arte bisualaren eta performancearen arteko mugan, urriaren 24an eta 25ean Jorge Oteiza Fundazioan, Juanjo Eslava eta Zukan Hirukotea buru dituen Eszku proposamenarekin

 

E7.2 kolektibo artistikoak antolatutako After Cage jaialdiak sormen-esperimentazio garaikidearen epizentro bihurtuko du Oteiza Museoa 2025eko urriaren 24an eta 25ean. E7.2 Kolektiboak ‘Adierazpen Eremuen Gunea’ leloarekin Eszku proiektua aurkezten du. Zukan Hirukotearekin eta Juan Jose Eslava konpositorearekin egindako lankidetza hori 2023an Jorge Oteiza Fundazio Museoarekin hasitako lan baten emaitza da. Bi hitzordu izanen ditu. Alde batetik, urriaren 24an, 19:30ean, Oteiza Museoak topaketa ireki bat hartuko du Juanjo Eslava konpositorearekin, Zukan Hirukotearekin eta E7.2 Kolektiboarekin, Eszku proiektuaren sormen-prozesua azaltzeko.

Bestetik, urriaren 25ean, 12:00etan, Eszku taularatuko dute Altzuzako Oteiza Museoan, eta musika arte bisualekin eta kontzientzia espiritualarekin uztartuko dute. Emankizun horrek bira baten hasiera markatuko du.

Proposamen nagusia, Eszku, Juanjo Eslava konpositorearen eta Zukan Hirukote ezagunaren arteko lankidetzaren emaitza da, eta Jorge Oteiza Museoaren eta E7.2 kolektiboaren laguntza du. Kontzertuaren formatu tradizionala gainditzeko ideiatik abiatuta, Eszkuk musika gorputz-, espazio- eta argi-elementuekin bat egiten duten erakusketa-egoerak aztertzen ditu, eta, hala, “denbora bolumetrikoa eta gorpuztua” deiturikoa ezartzen dute.

Instrumentu-konbinazio ezohiko batekin —txistua, akordeoia eta perkusioa—, Zukan Hirukoteak eta Juanjo Eslavak Oteizaren poesia bisual eta eskultorikoarekin modu irekian mintzatzen den zentzumen anitzeko esperientzia batean murgiltzen dute publikoa. Ikuskizunak gainditu egiten du akustikotasun hutsa, eta ekintza performatiboak eta publikoarekiko interakzioa biltzen ditu, bai eta espazioa obra artistikoaren parte bihurtzen duen hedapen tekniko bat ere.

Zukan trio

Ekitaldiak zuzeneko performance-uneak zein soinu-instalazio interaktiboak biltzen ditu, eta horietan konposizioak eta espazio arkitektonikoak unitate berri bat osatzen dute. Eszkuren tasun modularraren bidez, parte-hartzaile bakoitzak modu bakarren esperimentatzen du soinu-topaketa, diskurtso lineala alde batera utziz eta harreman irekiak bultzatuz musikarien, ikusleen eta ingurunearen artean.

Eszkuk espazioaren teknologiaren eta akustikaren garrantzia azpimarratzen du; hala, zuzenean prozesatzen ditu maiztasunen analisiak eta erreberberazio naturala, argi- eta soinu-iturriak aktibatzen dituzten objektu-eskulturekin batera.

 



De la Cuesta, 24. Altzuza, Nafarroa
T +34 948 332 074 info@museooteiza.org