Jarduerak

“Gure bilduma handitu!” online jarduera eta “Museo ireki, inklusibo eta soziala. Erronkak eta estrategiak” online topaketarekin hartzen dugu parte 2020ko Museoen Nazioarteko Egunean


Oteiza Museoak bat egiten du Museoen Nazioarteko Eguneko ekitaldiekin. Nazioarteko Egunaren 2020ko edizioaren goiburua “Museoak berdintasunerako: aniztasuna eta inklusioa” da, eta online zabalkundera begirako programa berezia du, bi ekintza dituela bertan, hala nola Gure bilduma handitu! Askotariko eta berdintasunezkoagoa eta Museo ireki, inklusibo eta soziala. Erronkak eta estrategiak online topaketa, maiatzaren 18an egitekoa bera.

Gure bilduma handitu! Askotariko eta berdintasunezkoagoa  online jarduera

Lehenbiziko jarduera Gure bilduma handitu! Askotariko eta berdintasunezkoagoa online jarduera da, eta esperientzia partekatua proposatzen du, bildumaren zentzua eta Jorge Oteizaren obraren pentsamendu estetikoa zabalagotzearren. Oteizaren produkzio artistikoa lengoaia askotarikoak, hala nola eskultura, poesia, marrazkia, arkitektura edo zinema, biltzen dituen agertoki bat da. Sorkuntzarako prisma horrek ez du soilik europar modernitatea ordezkatzen, askoz urrunagora heltzen da eta, bat eginez izugarri eremu zabalekin, esaterako kolonaurreko kulturarekin eta Latinoamerikako tradizio poetiko surrealistarekin, XX. mendeko abstrakzio plastikoarekin, bertsolaritza, euskal pilota, pedagogia, ekintza sozial eta euskararen jatorriarekin, edo historiaurreko artearekin. Horren guztiaren ondorioz, Oteiza artista poliedrikoa dugu, egoera askotarikoekin bizi da, eta bere lana artistikoak ez diren eta nahitaez goi mailako kulturarekin identifikatzen ez diren beste elementu batzuekin lotzen du.

Horregatik guztiagatik, Museoko bilduma bera aberastu nahi genuke, euskal artistaren pentsamoldearen aniztasuna islatzen duten objektuak, liburuak, kantuak edo olerkiak baliatuz horretarako, eta, ildo horri jarraikiz, online jarduera bat proposatuko dugu, Zer erantsiko zenioke zuk Museoko bildumari, pentsamendu bide berriak aktibatzeko eta hura irekitasun eta inklusio irizpideen pean gaurkotzea ahalbidetzeko? izenekoa zehazki, Museoko bilduma beste elementu batzuen bitartez eta komunitatean handitzeko.

Orain, gure bilduma zabaltzera gonbidatzen zaituztegu; zuen proposamenaren irudi bat bidal dezakezue gure sare sozialetako edozeinetara, Twitter, Facebook edo Instagramen, edo didactica@museooteiza.org helbide elektronikora. Horrela, elementu horiek guztiak gure web orrian sartu ahal izango ditugu eta, denborarekin, gure bilduma bera ere handitu, multzo ireki, askotariko eta inklusiboagoa eratuz horrela.

 

Museo ireki, inklusibo eta soziala, Erronkak eta estrategiak online topaketa

Maiatzak 18, astelehena: 18:00etan. Streaming bitartez

Egungo egoera dela eta, museo eredu berriei eta arteek eta kulturak dinamizatzaile sozialtzat bete dezaketen eginkizunari buruzko gogoeta egin beharra dugu. Testuinguru honetan, sareko kolaborazio estrategiak atzera pentsatu behar ditugu, aniztasun eta inklusio egoerak bultzatu ahal izateko eta, horien bitartez, gizarte bidezkoago eta elkartasunezkoago bat garatzea bultzatzeko.

Gaiari buruzko gogoeta eta eztabaidarako, zenbait pertsonaren esperientziak eta partaidetza izango ditugu, tartean izango baitira honakoak:

Ana Lucía Llano Rodríguez, Caliko (Kolonbia) La Tertulia Arte Modernoko Museoaren zuzendaria.

Isidro López-Aparicio, artista, komisario, unibertsitateko irakasle eta Bake eta Gatazken Azterketa eta Ikerkuntza Institutuko kidea.

Aitziber Urtasun, Oteiza Museoko Hezkuntza Estetiko Sailaren arduraduna.

Saioa streaming bitartez segitu ahal izango da jitsi plataforman, edo ondoren Museoaren web orriko multimedia espazioan (museooteiza.org) kontsultatu ahal izango da. Saioa zuzenean segitu ahal izateko, bi prozedura gaituko ditugu: alde batetik, interesa dutenek izena eman ahal izango dute saioan, aurrez eskaera bidaliz comunicacion@museooteiza.org helbide elektronikora, eta saioa hasi baino 15 minutu lehenago, hitzaldira sartu ahal izateko esteka bat jasoko dute. Bestetik, Oteiza Museoak Facebook, Twitter eta Instagrameko bere profiletan argitaratuko du, halaber, saiora libre sartu ahal izateko esteka, saioa hasi baino ordu erdi bat lehenago.

Saioak 60 minutu iraungo du gutxi gorabehera, eta helburua izango du Oteizaren obraren eta figuraren funtsezko zenbait alderdi zehaztasun handiagoz ezagutu ahal izateko ikusizko edukietara iristea. Ikastaro hau #Oteizaetxean programaren barnean diseinatutako ekintzetako bat da. Programa horren xedea Jorge Oteizaren eta Oteiza Museoaren inguruko ezagutza partekatzea da, Covid 19ren krisiak eragin duen alarma egoerak eragindako testuinguruaren barnean.

Kontsulta ezazu Nafarroako museoen programa



De la Cuesta, 24. Altzuza, Nafarroa
T +34 948 332 074 info@museooteiza.org