Iruñeko Udalak eta Jorge Oteiza Fundazio Museoak lankidetza-hitzarmena sinatu dute lehen aldiz, arte garaikidea sustatu eta eskultore oriotarraren lana ezagutzera emateko. Hauek parte hartu dute hitzarmen-sinaduran: Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak, Jaione Apalategi Begiristain fundazioaren lehendakariak, Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak eta Gregorio Díaz Ereño Museoaren zuzendariak.
Hitzarmenak kultur proiektuak elkarlanean bultzatzea du xede, hala nola Jorge Oteizaren lana, mintzaera eta pentsamolde estetikoa ezagutzera eman eta sozializatzeko programa publikoak, Iruñeko ikastetxeetan Oteizaren irudia eta ondarea hedatzeko programa eta material pedagogikoak, bisita gidatuak, baita Jorge Oteizaren memoria eta garaiarekin lotutako beste ekintza batzuk ere.
Iruñeko Udalak bere gain hartuko ditu jardueren ondoriozko gastuak, eta gehienez ere 10.000 euro ordainduko ditu urtean. Horretarako, fundazioak Udalarekin lankidetzan eginen dituen jardueren berariazko proposamena aurkeztuko du urtero, eta Udalaren partaidetzak eta finantzaketak ezin izanen du 10.000 euroko zifra hori gainditu. Behin sinatuta, hitzarmenak lau urte iraunen ditu, eta behin baino ezin izanen da luzatu, gehienez ere lau urtez.

Gregorio Diaz Ereño, Jaione Apalategi, Joseba Asiron, Maider Beloki
Zazpi lankidetza-esparru
Udalak eta fundazioak elkarrekin lan egiteko hainbat esparru hauteman dituzte, eskultoreari ikusgarritasuna eman eta haren ondarearen eta hiriko ikuspegi artistikoaren euskarri izateko. Hauek dira garatu beharreko jarduketa-ildo nagusiak: Jorge Oteizaren lanari eta pentsamoldeari buruzko programa publikoak, egiten ahal diren erakusketa- eta ikerketa-proiektuak eta Oteizaren memoriarekin eta artistak hirian utzi zuen aztarnarekin lotutako argitalpenak, bai, inprimatutakoak, bai Interneten eskuragarri daudenak.
Hezkuntzaren alorrean, fundazioak konpromisoa hartzen du hiriko ikastetxeetarako esperientzia eta material pedagogikoak sortzeko: batetik, fitxak, materialak eta osagai iraunkorrak sortuko ditu, hezkuntza-ziklo bakoitzerako berariaz eratutakoak; bestetik, irismen handiagoko programa pedagogiko bat sortuko du, eta denbora gehiago iraunen du: lantegi hedatuko formatuan, txandaka ematen ahalko da Iruñeko ikastetxeetan.
Era berean, hitzarmenaren bidez, Jorge Oteizak Iruñean dituen lanak aintzat hartu eta babestuko dira: fundazioak hiriko eskultura-lanak kontserbatzen lagunduko du, eta Udalak fundazioaren irizpide teknikoak hartuko ditu kontuan eskulturen kontserbazio- eta mantentze-lanekin eta kokapenarekin lotutako esku-hartzeak egiteko. Arte inklusiboari dagokionez, artea abiapuntu hartuta gizarteratzeko programak proposatzen dira udal-guneetan, hezkuntza bereziko zentroetan eta adinekoendako zentroetan.
Hitzarmenak azken urtean jorratutako lankidetza sendotzea du helburu, eta hauek dira lankidetza horren adibide nagusiak: 2024an, azaroaren 6tik 27ra bitarte lankidetzan egin zuten Oteiza, Basterretxea, Chillida, elkarguneak programa; Agustina Oteroren erakusketa-proiektua (Kondestablen eta Ziudadelako Bolborategian egon zen ikusgai, 2024ko ekainaren 20tik azaroaren 24ra arte eta 2024ko abuztuaren 2tik irailaren 29ra arte, hurrenez hurren); eta bi erakundeek batera egin duten lana Oteizaren eskulturak etorkizuneko Sarasate pasealekura lekualdatzeko.

Joseba Asiron, Jaione Apalategi
Fundazioa eta DANOK OTEIZA komunitatea
Jorge Oteiza Museoa fundazioa zerbitzu publikoko kultur erakunde pribatua da, Nafarroako Gobernuak finantzatuta, eta xede du Nafarroari 1992an dohaintzan emadako Jorge Oteizaren sormen-ondarea kontserbatzea eta ezagutzera ematea. Jorge Oteizak (Orio, 1908; Donostia, 2003) ematen dio izena fundazioari, eta, hain zuzen ere, erakunde hori arduratzen da artistaren ondarea zaintzeaz, kontserbatzeaz eta katalogatzeaz, baita hura ezagutzera emateko beharrezko tresnak eskaintzeaz eta ikerketa-proiektuak abian jartzeaz; hain zuzen ere, fundatzaileak berak 1996an sinatu zituen fundazioaren estatutuetan daude jasota proiektu horiek.
Artistaren jaiotzaren urteurrenaren karietara, joan den urriaren 21ean, DANOK OTEIZA fundazioaren lagunak proiektua aurkeztu zen: Jorge Oteizaren pentsamoldearen eta haren sormen- eta kultur ondarearen inguruko komunitate ireki eta parte-hartzailea da, eta Iruñeko Udalak parte hartzen du bertan, bazkide eta mezenasei eskainitako EMEN kategoriaren barruan.