Oteiza Museoak bat egin du Nafarroako Ondarearen 2024ko Europako Jardunaldiekin, eta zenbait ekintza antolatu ditu: ateak zabaltzeko hiru egun, bisita gidatu bat Museoko zuzendariarekin, eta bisita gidatu bat zentroko biltegietara eta artxibora.
Kulturaren bideak, Sareak eta Topaguneak da aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldien leloa, eta Oteiza Museoak programa berezi honekin parte hartuko du. Hori horrela, ateak zabaltzeko eta museora doan sartzeko jardunaldi-programazio bat izanen da irailaren 27an, 28an eta 29an. Bisitariak museoko bilduma iraunkorreko erakusketara eta Oteizaren tailer-etxera sartzen ahalko dira, eta, horretaz gainera, Agustina Otero artistak museorako berariaz garatutako Zirkuluaren zerumuga erakusketa-proiektua bisitatzen ahalko dute.
Ateak zabaltzeko jardunaldiez gainera, irailaren 28an (larunbata, 12:00etan) Oteiza topagune gisa jarduera eginen da, hau da, Gregorio Díaz Ereño Museoko zuzendariak gidatutako ibilbide bat: haren bidez, Jorge Oteizaren figurak eta obrak kulturaren eta artearen elkargune gisa duten garrantziaren hurbilketa proposatuko da. Hurbilketa horrek ibilbide gidatu bat proposatzen du Oteizaren obran eta pentsamenduan barna, eta haren proiektu artistikoaren mugarri garrantzitsuenak aztertuko dira, hala nola figurazio-lengoaiak, bukaerako obraren abstrakzio espaziala, eta artistaren legatuak iraganean eta etorkizunean duen garrantzia. Gregorio Díaz Ereño Oteiza Museoko zuzendariak gidatuko du ibilbide hori, zeinak Jorge Oteizaren pentsamenduaren eta obraren garrantzia azaleratzen baitu.
Azkenik, Oteiza Museoa barnetik. Bisita gidatua biltegietara eta artxibora jarduera ere antolatu da programazio horretan. Haren bidez, sakonagotik aztertzen ahalko da Jorge Oteizaren ondare artistiko eta dokumentalarekin eginiko lana, bai eta kontserbazio-baldintzak ere. Horretarako, Oteiza Museoko artxiboa eta biltegia bisitatuko dira. Bi guneok normalean ez dira ikusten ahal ohiko bisitaldietan, eta Oteiza Museoko Kontserbazio Zerbitzuko eta Ikasketa Zentroko arduradunek gidatuko dute. Irailaren 29an izanen da (igandea), 12:00etan.
Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak sustatzen ditu Nafarroako Ondarearen Europako Jardunaldiak, eta askotariko jarduerak antolatzen dira: ibilbideak, interpretazio-ibilaldiak, antzezpenak, bisita gidatuak, tailerrak, hitzaldiak eta kontzertuak. Haiei esker, kultura-ondarearen ondasun garrantzitsuenak eta Foru Komunitatean normalean ikusten ez diren lekuak bisitatzen ahal dira.
Jarduera guztiek plaza mugatuak dituzte, eta beharrezkoa da aldez aurretik erreserba egitea recepcion@museooteiza.org helbidera idatzita edo 948 332 074 telefonora deituta.
“Kulturaren bideak, Sareak eta Topaguneak”
Ondarearen 2024ko Europako Jardunaldiak
Oteiza Museoa
Programa:
▪ Ateak zabaltzeko jardunaldiak eta sarrera doan Oteiza Museora
– 2024ko irailaren 27a, ostirala. 11:00etatik 15:00etara
– 2024ko irailaren 28a, larunbata. 11:00etatik 19:00etara
– 2024ko irailaren 29a, igandea. 11:00etatik 15:00etara
▪ “Oteiza topagune gisa”, Gregorio Díaz Ereño Museoko zuzendariak gidatutako ibilbidea
2024ko irailaren 28a, larunbata. 12:00etan.
Jarduera horrek proposatzen du Jorge Oteizaren figurak eta obrak kulturaren eta artearen elkargune gisa duten garrantzia gerturatzea. Hurbilketa horrek ibilbide gidatu bat proposatzen du Oteizaren obran eta pentsamenduan barna, eta haren proiektu artistikoaren mugarri garrantzitsuenak aztertuko dira, hala nola figurazio-lengoaiak, bukaerako obraren abstrakzio espaziala, eta artistaren legatuak iraganean eta etorkizunean duen garrantzia. Gregorio Díaz Ereño Oteiza Museoko zuzendariak gidatuko du ibilbide hori, zeinak Jorge Oteizaren pentsamenduaren eta obraren garrantzia azaleratzen baitu.
Iraupena, gutxi goiti-beheiti: 75 minutu. Doako jarduera. Plaza mugatuak. Ezinbestekoa da aldez aurretik erreserba egitea recepcion@museooteiza.org helbidera idatzita edo 948 332 074 telefonora deituta.
▪ Oteiza Museoa barnetik. Bisita gidatua biltegietara eta artxibora
– 2024ko irailaren 29a, igandea. 12:00etan.
Jarduera horren bidez, sakonagotik aztertzen ahalko da Jorge Oteizaren ondare artistiko eta dokumentalarekin eginiko lana, bai eta haren kontserbazio baldintzak ere. Horretarako, Oteiza Museoko artxiboa eta biltegia bisitatuko dira. Bi guneok normalean ez dira ikusten ahal ohiko bisitetan, eta Oteiza Museoko Kontserbazio Zerbitzuko eta Ikasketa Zentroko arduradunak izanen dira gidari. Plaza mugatuak. Doako jarduera. Ezinbestekoa da aldez aurretik erreserba egitea recepcion@museooteiza.org helbidera idatzita edo 948 332 074 telefonora deituta.
De la Cuesta, 24. Altzuza, Nafarroa
T +34 948 332 074 info@museooteiza.org