Harpidetzen zaren unean, Fundación Museo Jorge Oteiza Fundaziom Museoak zure datuak erabil ditzakeela onartzen duzu, bere jarduerei eta lotutako komunikazioei buruzko informazioa bidaltzeko. Tratamenduaren arduraduna Fundación Museo Jorge Oteiza Fundaziom da, eta datuak DBEOaren arabera kudeatuko dira. Zure informazioa eskuratu, aldatu edo ezabatu dezakezu, baita edozein unetan baja eman ere, info@museooteiza.org helbidera idatzita edo bidalketa bakoitzean agertzen den estekaren bidez. Zure datuak ez zaizkie hirugarrenei lagako, legezko betebeharra izan ezean.


Jarduerak

Mònica Planes artistak irabazi du Oteiza–LABORAL Kutxa sorkuntza beka


  • Mònica Planes artistak irabazi du Oteiza–LABORAL Kutxa beka, Hacia con el brazo proiektuarekin
  • Obrak elkarrizketa kritiko bat planteatzen du eskulturarekin, material iragankorrez sorturiko friso batetik abiaturik

 

Mònica Planes artistaren Hacia con el brazo proiektuak irabazi du sorkuntza artistikoa sustatzeko Oteiza–LABORAL Kutxa bekaren lehen edizioa. Eskulturagintza garaikidetik abiatuta, Jorge Oteizaren obrarekiko eta pentsamenduarekiko elkarrizketa kritikoa pizteko gaitasuna aitortu zaio egitasmoari, bai eta gorputzaren, espazioaren eta arkitekturaren arteko harremana arakatzekoa ere.

Lehen edizio honetako epaimahaikide izan dira Uharteko Arte Garaikideko Zentroko zuzendari Oskia Ugarte, David Bestue artista, LABORAL Kutxako Enpresen Saileko Nafarroako arduradun Pello Baiona, Oteiza Museoko zuzendariorde J. P. Huercanos, eta Oteiza Museoko Finantzetako arduradun Miren Epalza, idazkari-lanetan.

Artistak gehienez sei hilabete izanen ditu proiektua gauzatzeko. Bekak 9.000 euroko zuzkidura du.

 

Hacia con el brazo proiektua

Hacia con el brazo egitasmoak eskultura-friso garaikide bat sortzea proposatzen du: ez du ulertzen eskultura objektu finko eta iraunkor gisa, baizik eta mugitzen ari den gorputzaren, objektuen eta arkitektura-egituren arteko harremanak aktibatzen dituen gertakari gisa.

Proposamena aldendu egiten da kontenplazio estatikotik, eta inguruari eragiteko eta inguruaren eragina jasateko gai den bitarteko gisa ulertzen du eskultura. Hala, gorputz-mugimenduaren eta espazialtasunaren arteko fusioa bistaratzen du.

Proiektua lasto konprimatuz eginiko eta ebakitako horma handi batean gauzatuko da, zeina arkitektura iragankor gisa baitago pentsatuta erakusketa-espazioaren barnean. Formatu handiko egitura lineal horrek zortzi metro ditu luzean eta bi altueran, gutxi gorabehera, eta friso garaikide bat da. Ikuslea igarobide fisiko batera gonbidatzen du, zeinean erliebea ez baita behatzeko bakarrik, baita bizitzeko ere.

Proposamenak, orobat, frisoaren tipologia historikoa hartzen du erreferentziatzat, zenbait adibide azterturik, hala nola asiriar erliebeak, Partenoikoak, Placeres aztarnategiko friso maiak edo

 

Mònica Planes, Rodeo IV, 2026

 

 

Arantzazuko santutegiko Jorge Oteizaren Apostoluen frisoa. Erreferentzia horietatik abiatuta, estrategia narratiboak ikertzen dira —linealak, espazialak eta sinbolikoak—, eta haien bidez hausnartzen da zer merezi duen kontatzea gaur egun eta nola baldintzatzen duen arkitekturak ikuslearen esperientzia.

Mònica Planes (Bartzelona, 1992) Arte Ederretan graduatua da (2014), eta Produkzio eta Ikerketa Artistikoko Masterra (2016) egin zuen Bartzelonako Unibertsitatean. Zenbait zentrotan paratu dituzte haren lanak erakusgai, hala nola Suñol Fundazioan (2017), Arranz-Bravo Fundazioan (2018), Can Felipa gizarte-etxean (2020), Boloniako Gelateria Sogni di Ghiaccio zentroan (2022), Àngels Barcelona galerian (2017, 2021, 2025) eta Turingo Fuorcherello galerian (2025). Planesen lana ikusgai jarri duten erakusketa kolektiboen artean, nabarmentzekoak dira Madrilgo Arte Gaztearen Aretoa (2021), TEA Tenerife (2023), Kordobako C3A eta TBA21 (2023), La Casa Encendida (2024), Valladolideko Patio Herreriano Museoa (2024), MACBA (2025) eta Reina Sofia Museoa (2026).

Era berean, zenbait beka eta sari jaso ditu, besteak beste, Felícia Fuster Fundazioa (2016), Han Nefkens – UB graduondokoak (2016), Guasch Coranty Fundazioa (2017), Premi Art Jove (2018), Gazte Sorkuntzarako Injuve Laguntzak (2018-2019), Barcelona Crea (2021) eta Generación Saria (2023). Finalista izan zen Cervezas Alhambra III. Txapelketan (2019), Miquel Casablancas sarietan (2020) eta Biennal d’Art Ciutat d’Amposta BIAM sarietan (2018, 2020). Egoitzak egin ditu Bulegoa z/b-n Bilbaon (2023), Erromako Espainiar Akademian (2024) eta Londresko Gasworks zentroan (2026). Planesen lana bilduma batean baino gehiagotan dago, eta nabarmentzekoak dira Reina Sofía Museoarena, Kataluniako Generalitatearen Bilduma Nazionala eta MACBA – Bartzelonako Udalaren bildumak, besteak beste.

 

Bekari buruz

Oteiza Museoak eta LABORAL Kutxak elkarrekin bultzatutako beka hau bereziki sortua da Jorge Oteizaren obran eta pentsamenduan oinarritutako ikerketa- eta ekoizpen-prozesu berriak bultzatzeko.

Ekimen honen helburua da sorkuntza garaikideari bultzada bat ematea eta Jorge Oteizaren ondarea aktibatzea, artegintzan ikertzeko, pentsatzeko eta produzitzeko espazio bizi gisa, eta 40 urte arteko artistei dago zuzenduta.

Deialdia urtero eginen da, eta Jorge Oteiza Fundazio Museoak bultzatutako DANOK OTEIZA komunitate-proiektuaren parte da, partaidetzan oinarrituriko komunitate ireki eta askotariko baten bitartez, Jorge Oteizaren pentsamendua eta obra zabaltzeko eta hedatzeko.

Laguntza ekonomikoaz gainera, Oteiza Museoak eta epaimahaikideek kuradoretza-laguntza eta babes teorikoa ere eskainiko dituzte proiektua garatzen den bitartean. Era berean, irabazlearen eskura paratuko dituzte Altzuzako zentroko funts dokumentalak, artxiboak eta bilduma artistikoa.

 



De la Cuesta, 24. Altzuza, Nafarroa
T +34 948 332 074 info@museooteiza.org