Harpidetzen zaren unean, Fundación Museo Jorge Oteiza Fundaziom Museoak zure datuak erabil ditzakeela onartzen duzu, bere jarduerei eta lotutako komunikazioei buruzko informazioa bidaltzeko. Tratamenduaren arduraduna Fundación Museo Jorge Oteiza Fundaziom da, eta datuak DBEOaren arabera kudeatuko dira. Zure informazioa eskuratu, aldatu edo ezabatu dezakezu, baita edozein unetan baja eman ere, info@museooteiza.org helbidera idatzita edo bidalketa bakoitzean agertzen den estekaren bidez. Zure datuak ez zaizkie hirugarrenei lagako, legezko betebeharra izan ezean.


Jarduerak

Museoen Nazioarteko Eguna: Ateak zabalik, gidaturiko ibilbide bat, eta topaketa Iñaki Garmendia artistarekin. Maiatzak 16-18


Oteiza Museoak bat eginen du Museoen Nazioarteko Egunaren 2025eko ospakizunekin, eta berariazko jarduera-programa bat izanen du Jorge Oteizaren obraren eta pentsamendu estetikoaren ezagutzan sakontzeko. «Nafarroako museoen etorkizuna etengabe aldatzen ari diren komunitateetan» izeneko programan bilduriko ekintza-sorta bat da, eta barnean hartuko ditu ateak zabaltzeko hiru egun, museoaren zuzendariak gidaturiko ibilbide bat, eta topaketa bat Iñaki Garmendiarekin, artista horren Faux Départ proiektuari loturik.

Oteiza Museoan eginen diren ekintzak abiarazteko, ateak zabaltzeko doako jardunaldiak antolatuko dira maiatzaren 16an, 17an eta 18an. Egun horietan, Oteiza Museoaren bilduma bisitatzen ahalko da, zeinak ibilbide sakon bat proposatzen baitu artistaren ibilbide eskultoriko osoan barna, baina baita Oteizaren lantegi-etxea eta Iñaki Garmendiaren Faux Départ aldi baterako erakusketa ere. Esposizio hori probesturik, topaketa bat antolatu da artista horrekin larunbatean (maiatzak 17), 12:00etan. Ondoren, erakusketa bera bisitatuko da. Egitasmo horren abiapuntua José Sarriegi (Ordizia, 1911–1967) margolariaren busto galdua da, Jorge Oteizak 1934an zizelkatua. Gaur egun, jatorrizko obra haren irudi batzuk baino ez zaizkigu gelditzen. Presentzia sinboliko baina immaterial hartatik aitzina, Garmendiak obra-multzo bat garatu du, desagerturiko piezaren inguruko gerturatzea eta harekiko elkarrizketa proposatzeko. Hala, eskulturagintzak gure memoria aktibatzeko duen gaitasuna nabarmentzea du helburu. Topaketa horri esker, proiektu horren gakoak ezagutzen ahalko dira, Iñaki Garmendia artistarekin solasean.

 

Programa berezi horrek igandean jarraituko du (maiatzak 18), 12:00etan, «Masatik hutsera. Oteiza Museoko zuzendariak gidaturiko ibilbide bat» saioarekin. Han, artistaren eskultura-prozesuetan eta obraren ezaugarrietan sakonduko da, eta Oteizaren proiektu artistikoaren mugarri garrantzitsuenak aztertuko dira, hasi figurazioaren lengoaietatik eta bukaerako obraren abstrakzio espazialeraino. Bisitaren gidari izanen da Gregorio Díaz Ereño, Oteiza Museoko zuzendaria eta Jorge Oteizaren obran eta pentsamenduan aditua.

Jarduera guztiak doakoak dira. Plaza mugatuak. Beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea, 948 332 074 telefonora deituta edo recepcion@museooteiza.org helbidera idatzita.

 

Museoen Nazioarteko Eguna / MNE 2025.

Museo Oteiza Museoa

Programa:

▬▬ Ateak zabaltzeko jardunaldiak eta sarrera doan Oteiza Museoan

Maiatzaren 16an, 17an eta 18an

Ateak zabaltzeko egun horietan, Oteiza Museoaren bilduma bisitatzen ahalko da, zeinak ibilbide sakon bat proposatzen baitu artistaren ibilbide eskultoriko osoan barna. Era berean, ikusten ahalko da artistaren lantegi-etxea ere. Horretaz gainera, zabalik egonen da Faux Départ. Buru ezabatzailea aldi baterako erakusketa, zeina Iñaki Garmendiak garatua baita berariaz Altzuzako zentrorako, Uharteko Arte Garaikideko Zentroarekin batera garaturiko Hazitegia programaren barnean.

 

▬Topaketa Iñaki Garmendia artistarekin eta Faux Départ erakusketa bisitatzea

Larunbata, maiatzak 17. 12:00etan.

Faux Départ. Buru ezabatzailea Iñaki Garmendia artistak (Ordizia, 1972) garaturiko sorkuntza-proiektu bat da, Oteiza Museoan ikusgai paratzeko sortua. Egitasmo horren abiapuntua José Sarriegi (Ordizia, 1911–1967) margolariaren busto galdua da, Jorge Oteizak 1934an zizelkatua. Gaur egun, jatorrizko obra haren irudi batzuk baino ez zaizkigu gelditzen. Presentzia sinboliko baina immaterial hartatik aitzina, Garmendiak obra-multzo bat garatu du, desagerturiko piezaren inguruko gerturatzea eta harekiko elkarrizketa proposatzeko. Hala, eskulturagintzak gure memoria aktibatzeko duen gaitasuna nabarmentzea du helburu. Topaketa horri esker, proiektu horren gakoak ezagutzen ahalko dira, Iñaki Garmendia artistarekin solasean.

 

→ Iraupena, gutxi goiti-beheiti: 60 minutu Plaza mugatuak. Beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea, 948 332 074 telefonora deituta edo recepcion@museooteiza.org helbidera idatzita.

 

▬▬ «Masatik hutsera. Oteiza Museoko zuzendariak gidaturiko ibilbide bat»

Igandea, maiatzak 18. 12:00etan.

Jarduera horrek ibilbide gidatu bat proposatzen du museoan bildutako Jorge Oteizaren lana ezagutzeko. Bertan, artistaren eskultura-prozesuetan eta obraren ezaugarrietan sakonduko da, eta Oteizaren proiektu artistikoaren mugarri garrantzitsuenak aztertuko dira, hasi figurazioaren lengoaietatik eta bukaerako obraren abstrakzio espazialeraino. Bisitaren gidari izanen da Gregorio Díaz Ereño, Oteiza Museoko zuzendaria eta Jorge Oteizaren obran eta pentsamenduan aditua.

→ Iraupena, gutxi goiti-beheiti: 75 minutu. Plaza mugatuak. Ezinbestekoa da aldez aurretik erreserba egitea recepcion@museooteiza.org helbidera idatzita edo 948 332 074 telefonora deituta.



De la Cuesta, 24. Altzuza, Nafarroa
T +34 948 332 074 info@museooteiza.org