Jarduerak

“Nola aztertu eskultura bat” ikastaroa. Urriak 9-30


Nola aztertu eskultura bat

Borja González Riera Oteiza Museoko Ikasketa Zentroko arduradunaren ikastaroa.

(Leku guztiak beteta)

Jorge Oteiza, Arantzazuko Pietaterako estudioa, 1969.

Artelan batez gozatzeko, beharrezkoa da haren ezaugarri estetiko eta formalak ulertzea; era berean, ezinbestekoa da, ezaugarri horiei loturik, obraren eduki ikonografikoaz, inguruabar historikoez eta ezaugarri teknikoez jabetzea ere. Praktika baliagarria da artelana eskema ordenatu baten bidez aztertzea, alderdi guzti-guztiei kontu egiteko eta azterketa osotzat jo ahal izateko.

Ikastaroaren helburuak:

– Artelanaren analisi eskuarki intuitiboa sistematizatzea.

– Azterketa horretarako elementuak ematea eta haien arteko erlazioa lantzea.

– Diziplina akademikoak Artearen Historia aztertzeko aintzat hartzen dituen ikuspegi edo metodologia nagusiak ezagutzea.

Metodologia:

Azterketa-elementu bakoitza ilustratzeko eta azaltzeko, elementuon agerpen nabarmena duten obrak lantzen dira. Azkenik, eta kasu praktiko gisa, obra jakin bati aplikatzen zaio elementu horien guztien analisia.

Aurkezpenak obren irudiak eskaintzen ditu adibide gisa baliatzeko, gako-kontzeptuak eta hiztegi espezifikoa hitz gutxitan finkatu ahal izateko.

Programa:

  • Identifikazioa: erakusketa-kartelaren datuak. Titulua eta haren baldintzatzaileak. Eskultura exentua eta erliebe-eskultura.
  • Iturriak eta bibliografia: ikusten duguna, baina baita dakiguna ere.
  • Eskultorea: sinadurak eta inskripzioak obran. Obra biografiaren barruan. Artistaren psikologia eta horrek obran duen isla. Artearen Historia artisten bizitzen historia gisa.
  • Obraren historia. Enkarguz eginiko obrak eta merkaturako eginikoak. Komisio-emailea. Artearen Historia gustu sozialaren historia gisa. Eskulturagintza-prozesua. Aldaketak eta lehengoratzeak. Kopiak, erreplikak eta bertsioak.
  • Eskulturaren edukia: deskribapen aurreikonografikoa eta edukiaren identifikazioa. Eskultura-generoak. Eskola ikonologikoa historiografia artistikoan.
  • Obraren testuingurua eta funtzio soziala. Ikonografia eta ikonologia. Artearen Historiaren ikuspegi soziologikoak.
  • Materialak eta teknikak: taillatzea, modelatzea eta mihiztatzea. Eskultura galdatzea eta forjatzea. Teknika eta materiala, edukiaren, funtzioaren eta formaren arabera.
  • Analisi formala: kokalekua eta ingurunea, egikera eta testurak, neurriak eta proportzioak, argia eta kolorea, espazioa, konposizioa eta mugimendua. Artearen Historia, estilo artistikoen eta ikuspegi purobisibilisten historia gisa.
  • Proposatutako elementuen arteko loturak.

Kasu praktikoa: Gian Lorenzo Berniniren Apolo eta Dafne obraren analisia.

 

Publiko orokorrari zuzendua.
Hizlaria: Borja González Riera, Oteiza Museoko Ikasketa Zentroko arduraduna.
Lekua: Oteiza Museoa
Iraupena: 90na minutuko lau saio.
Datak: 2024ko urriaren 9a, 16a, 23a eta 30a (asteazkenak). Ordutegia: 18:00etan
Doako jarduera. Plaza mugatuak. Ezinbestekoa da aldez aurretik erreserba egitea recepcion@museooteiza.org helbidera idatzita edo 948 332 074 telefonora deituta.

De la Cuesta, 24. Altzuza, Nafarroa
T +34 948 332 074 info@museooteiza.org