Oteiza Museoak bat egin du Nafarroako Ondarearen 2026ko Europako Jardunaldiekin, eta zenbait proposamen antolatu ditu: ateak zabaltzeko hiru jardunaldi, gazteei zuzenduriko «Oteiza eskaneatzen: gainazala berrirudikatzea» tailerra, bisita gidatu bat biltegietara eta artxibora, eta ibilaldi bat Museoaren bilduman barna.
«Ondarea arriskuan: suspertu, eutsi, berrirudikatu» da aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldien leloa, eta Oteiza Museoak programa berezi batekin parte hartuko du. Ildo horretan, urriaren 2an, 3an eta 4an ateak zabaltzeko jardunaldiak eta Museora doan sartzeko egunak programatu dira, eta bisitariek aukera izanen dute bilduma iraunkorraren erakusketa, Oteizaren tailer-etxea eta «Basterretxea–Oteiza. Espazioaren arazoa» aldi baterako erakusketa-proiektua ikusteko, zeinak bi artisten ibilbide pertsonala eta profesionala arakatzen baitu, sei azterketa-kasuren bidez.
Jardunaldi irekiez gainera, programak beste jarduera bat ere izanen du: Oteiza Museoa barnetik. Bisita gidatua biltegietara eta artxibora. Haren bidez, sakonago ezagutzen ahalko da Jorge Oteizaren ondare artistiko eta dokumentalarekin eginiko lana, bai eta haren obraren kontserbazio-baldintzak ere. Espazio horiek normalean ez dira egoten ikusgai, eta Oteiza Museoko Kontserbazio Zerbitzuko eta Ikaskuntza Zentroko arduradunek gidatuta bisitatzen ahalko dira —Elena Marínek eta Itziar Aldatzek, hurrenez hurren. Jarduera hori urriaren 2an izanen da (ostirala), 18:00etan.
Bestalde, urriaren 3an (larunbata), «Oteiza eskaneatzen: gainazala berrirudikatzea» jarduera berezia izanen da; hau da, tailer formatuko bisita bat antolatuko da Museoan, 15 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzendurik. Jarduera horrek bestelako ibilbide bat proposatzen du Oteiza Museoko aretoetan barna artistaren obra berriz deskubritzeko, eta ez begiz bakarrik, baita materia zuzenean atzituta ere. Izan ere, parte-hartzaileek gainazalak, materialak, testuak eta planoak zeharkatuko dituzte esku-eskanerrak erabiliz, eta, hala, ikuspegi hurbiletik digitalizatuko dituzte testurak, xehetasunak eta formak.
Ondareari buruzko Europako Jardunaldiek planteatzen duten bezala, «berrirudikatzeak» ondarearekin konektatzeko modu berriak sustatzen ditu —modu digitalean eta artistikoan—, etorkizuneko belaunaldientzat irisgarria izaten jarraituko duela eta bizirik egonen dela bermatzeko.
Tailerra urriaren 3an izanen da (larunbata), 10:30etik 12:30era, eta 15 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzenduta egonen da. Museora iritsi ahal izateko, garraio-zerbitzua eskainiko da Iruñetik, Uharten geldialdi batekin.
Amaitzeko, urriaren 4an (igandea) 12:00etan, Oteiza Museoa, ondare bizia jarduera eginen da: hau da, ibilbide gidatu bat, Museoa eta haren bilduma ezagutzeko. Saio horrek proposatzen du Jorge Oteizaren figurak eta obrak duen garrantzia gerturatzea, kontuan izanik gure kulturaren ondare-erreferentzia handienetako bat dela. Bisita horrek Oteizaren obra eta pentsamendua zeharkatuko ditu, eta haren ibilbide artistikoaren mugarri garrantzitsuenak aztertuko dira, hala nola figurazio-lengoaiak, bukaerako obraren abstrakzio espaziala, eta artistaren legatuak iraganean eta etorkizunean duen garrantzia.
Jarduera guztiak doan dira, mugatuak dira plazak, eta erreserba egin behar da aurrez aurre.

▬ Ostirala, 2026ko urriaren 2a, 10:00etatik 15:00etara.
▬ Larunbata, 2026ko urriaren 3a, 11:00etatik 19:00etara.
▬ Igandea, 2026ko urriaren 4a, 11:00etatik 15:00etara.
Jorge Oteizaren ondare artistiko eta dokumentalarekin eginiko lana eta obraren kontserbazio-baldintzak sakonago ezagutzeko aukera ematen du jardunaldiak. Kontserbazio Zerbitzuko eta Ikasketa Zentroko arduradunak izanen dira gidari, eta normalean bisitarientzat itxita egoten diren espazioetara sartzeko aukera emanen du.
▬ Ostirala, 2026ko urriaren 2a, 18:00etan.
▬ Iraupena, gutxi goiti-beheiti: 75 minutu. Plaza mugatuak.
Tailer formatuko bisita Oteiza Museora, 15 eta 25 urte bitarteko gazteentzat. Jarduera horrek bestelako ibilbide bat proposatzen du Oteiza Museoko aretoetan barna artistaren obra berriz deskubritzeko, eta ez begiz bakarrik, baita materia zuzenean atzituta ere. Izan ere, parte-hartzaileek gainazalak, materialak, testuak eta planoak zeharkatuko dituzte esku-eskanerrak erabiliz, eta, hala, ikuspegi hurbiletik digitalizatuko dituzte testurak, xehetasunak eta formak.
▬ Larunbata, 2026ko urriaren 3a, 10:30etik 12:30era.
▬ Norentzat: 15 eta 25 urte bitarteko gazteentzat (gehienez 15 lagun).
▬ Garraioa: garraioa eskainiko da Iruñetik abiatuta, Uharten geldialdi batekin, Oteiza Museora iritsi ahal izateko.
Jarduera horrek proposatzen du Jorge Oteizaren figura eta obra gerturatzea, kulturaren eta artearen elkargune gisa. Ibilbide gidatu bat proposatzen da Oteizaren pentsamenduan eta sorkuntzan barna, eta haren proiektu artistikoaren mugarri garrantzitsuenak aztertuko dira, hala nola figurazioa, bukaerako obraren abstrakzio espaziala, bai eta artistaren legatuak egun duen indarra ere.
▬ Igandea, 2026ko urriaren 4a, 12:00etan.