Jarduerak

Oteiza, Basterretxea, Chillida, topalekuak. Kondestablea. Iruña. Azaroak 6-27


 

Jorge Oteiza eta Eduardo Chillida, 1965

Iruñeko Udalaren Civivox sareak eta Jorge Oteiza Fundazio Museoak jarduera-ziklo bat aurkeztu dute, euskal artegintzako hiru figura nagusiren —Jorge Oteiza, Eduardo Chillida eta Néstor Basterretxea— ondarea gogora ekartzeko, eta, orobat, haien lana eta pentsamendua zabaltzeko, azken bi sortzaile horien mendeurrenean. Hitzaldi-ziklo bat, tailer bat eta Néstor Basterretxea eta irudia ikus-entzunezko saioa prestatu dituzte hiru artisten ibilbidea aztertzeko. Egitarau horrekin, haien ondarean ez ezik, arte moderno eta garaikidean izaniko eraginean ere sakonduko dute. Saio guztiak 2024ko azaroaren 6tik 28ra bitartean izanen dira, Iruñeko Kondestablean (sarrera doan).

Programa berezi hori Javier González de Duranaren hitzaldi batekin hasiko da: Eduardo Chillida Jorge Oteizaren hitzetan (1958-1967), azaroaren 6an (asteazkena) 19:00etan. Saio horretan, Oteizak Chillidari eskaini zizkion testuak eta diskurtsoak aztertuko ditu historialari eta komisarioak; hala, ederki ulertzen ahalko da nor izan zen Chillida Oteizarentzat, zer balio egozten zizkion eta zer itxaropen paratu zituen haren nazioarteko aintzatespenetan. Urte haietan, Chillidak ez zuen zalantzarik izan Oteizari laguntzeko hark behar izan zuenean, eta biek ere elkarrekin defendatu zituzten egoera zailean zeuden beste artista batzuk.

Oteiza Kolonbian, 1945 inguruan

Programak Oteiza eta Chillida. Prestakuntza urteak, bidaiak saioarekin jarraituko du azaroaren 13an (asteazkena), 19:00etan. Hain zuzen ere, María Teresa Muñoz arkitekto eta komisarioak bi artista horien ibilbide profesionalak aztertuko ditu, zeinek elkarrekin jardun baitzuten 1950eko hamarkadaren hasieran Arantzazuko Basilikako obra kolektiboan. Ordura arte, bi bidaiak markatu zituzten Oteizaren eta Chillidaren prestakuntza-urteak (lehenbizikoak berrogei urte baino gehiago zituen; bigarrenak, berriz, hogeita hamar baino ez): Jorge Oteiza Hego Amerikara joana zen, eta egonaldi luzea egin zuen zenbait herrialdetan; Chillidak, berriz, hiru urte eman zituen Parisen. Konferentzia horretan, landuko dute zer gertatu zen artisten ibilbideetan urte haietan zehar; izan ere, erabakigarriak izan ziren egonaldiok bien etorkizuneko jardunean, bizitzaren parte handi batean iraun zuten adostasun eta desadostasunekin.

Arkitekturaren inguruko begirada gurutzaketak: Oteiza, Chillida eta Basterretxea da zikloaren hirugarren saioaren izenburua. Azaroaren 20an izanen da (asteazkena), 19:00etan, Emma López Bahut arkitekto eta irakasleak emanda. Hitzaldi horretan, arkitekturara ikuspegi eta asmo desberdinekin hurbildu ziren hiru artisten ibilbidea izanen da hizpide; hirurek ere nola proposatu eta ebatzi zituzten bizitako espazioaren eta pertsonen arteko harremanak. Saio horretan, artistek arkitektura-munduarekin izaniko sorkuntza-prozesuak izanen dira aztergai, eta, zehazki, zer ekintza, tresna eta metodologia hartu zituzten beste jakintza-arlo batzuetatik horretarako.

Egitasmoaren barnean dago, orobat, Néstor Basterretxea eta irudia programa, zeina azaroaren 27an izanen baita (asteazkena), 19:00etan. Saio berezi horrek Néstor Basterretxearen inguruko ikus-entzunezko hurbilketa bat proposatzen du, kontuan izanik hura izan zela XX. mendearen bigarren erdiko lengoaia plastiko eta bisualen berritzaile nagusietako bat. Punto de Vista Jaialdiak eta Oteiza Museoak elkarrekin antolatu dute, eta artistaren mendeurreneko programaren barruko ekintzen artean dago. Hala, Oteizak egindako pieza esperimentalen multzo bat biltzen du, baita haren iruditeria plastiko eta bisuala berrikusten duten beste batzuk ere. Hona hemen programa:

  • Alquézar. Retablo de Pasión, Néstor Basterretxea eta Fernando Larruquert, 1966. 12’.
  • Operación H, Néstor Basterretxea, 1963. 12’.
  • Titulurik gabea, Néstor Basterretxea, 5’
  • Un retrato de NB, Peio Aguirre, 2020. 24’
  • LABO, Jesús Mari Palacios, 2019. 13’

Aurkezpenaren ondotik, eztabaida-saio bat ere izanen da Juan Pablo Huercanos Oteiza Museoko zuzendariordearekin, Manuel Asín Punto de Vista jaialdiaren zuzendariarekin eta Peio Aguirre komisario eta errealizadorearekin.

Programa amaitzeko, Patxi Burillo arkitektoak Ideia bat ongi sartzen da esku batean (Oteiza, Chillida eta Basterretxearen prozesu esperimentalak) izeneko tailerra eginen du, Oteiza, Chillida eta Basterretxearen asmo esperimentala ardatz hartuta. Abentura horri esker hurbildu ziren hiru artistak beren sorkuntzaren sakonera, eskala txikiko material xumeak baliatuz. Hizkuntza eta praktika horiei jarraikiz, proiektu arkitektonikoak landuko dira tailerrean, eta parte-hartzaileek elkarrekin bilatuko dituzte espazioa sortzeko eta pentsatzeko modu berriak. Tailerra azaroaren 25, 26 eta 27an eginen da Kondestablean (16:00etan, aldez aurretik izena emanda).

 

 


De la Cuesta, 24. Altzuza, Nafarroa
T +34 948 332 074 info@museooteiza.org