
“Oteiza hedatua” proiektua Mapoutguides plataformak garatua da, Jorge Oteiza Fundazio Museoarekin lankidetzan. Jorge Oteizaren ondarera hurbiltzeko bestelako modu bat proposatzen du: aire zabalean kokatutako lanen bidez, hain zuzen ere. Proiektu horrek eskulturak, esku-hartzeak eta lankidetza arkitektonikoak identifikatzen, kokatzen eta dokumentatzen ditu, bilduma hedatu, ireki eta bizi baten parte gisa ulertuta.
Ekimenak ibilbide bat proposatzen du Oteizaren obra garrantzitsuenetako batzuk ezagutzeko, zeinak plazetan, unibertsitateetan, fatxadetan, santutegietan eta bestelako topagune batzuetan baitaude instalatuta. Kokaleku bakoitzak informazioa, testuingurua eta dokumentazioa biltzen ditu, dela piezei berei lotuta, dela eskultoreak arkitekturarekin eta hiri-ingurunearekin duen harremanari buruz.
Instagram sare sozialeko @oteizaexpandido @mapout.studio eta @Oteizamuseoa profilen bidez, proiektuak Oteizaren ondarearen funtsezko konstelazioa osatzen duten berrogeita hamar lan baino gehiago zabalduko ditu, Oteiza Museoan eta beste bilduma instituzional batzuetan kontserbatutako piezetatik harago. Aldi berean, obra horiek guztiak mapa ireki batean integratuko dira, zeina bereziki sortua baita lanok errazago deskubritzeko, zeharkatzeko eta bisitatzeko.
Proposamenaren abiaburu gisa, Oteizaren pentsamenduaren ideia nagusi bat hartzen da: artea tresna espiritual, sozial eta politiko gisa, bizitza kolektibotik bereizezina. Obra artistikoa objektu isolatu edo espazio elitistetarako erreserbatutako objektu gisa ikusi beharrean, Oteizak defendatzen zuen beharrezkoa dela artea eguneroko esperientzian eta komunitateak partekatutako lekuetan integratzea.
Bere idatzi eta proiektuetan, bereziki azpimarratu zuen artistaren erantzukizun publikoa, eta nabarmendu zuen, berebat, artea gai dela pentsamendu kritikoa, kontzientzia kulturala eta eraldaketa soziala eragiteko. Horregatik zegoen interesaturik artearen, hezkuntzaren eta espazio publikoaren arteko harremanean, eta horregatik zuen interesa, berebat, eskultura testuinguru arkitektoniko eta urbanoetan integratzeko. Ikuspegi horretatik, “Oteiza hedatua” egitasmoak artistaren obraren dimentsio publikoa berreskuratzen eta berraktibatzen du, eta haren pentsamoldea zehartzeko aukera eskaintzen du, lurraldean habitatzen eta memoria kolektiboaren parte izaten jarraitzen duten piezen bidez.