
Iruñeko Udalak eta Jorge Oteiza Fundazio Museoak bultzaturik, Oteiza, ihes lerroak izeneko programak jarduera sorta bat proposatu du Jorge Oteizaren lanaren eta pentsamenduaren irakurketa zabaltzeko eta dibertsifikatzeko. Ekimenak haren ondarearen zeharkako ikuspegia du abiapuntu, solasean aritzeko literaturekin eta musikarekin, zinemarekin eta zientziarekin, bai eta matematikarekin ere.
Hainbat sormen arlotatik datozen ahotsak baliatuz eta arte ekintza garaikide baten bidez, programak haren pentsamendua piztuko du orainari buruzko gune kritikoa izan dadin.
Lankidetza hau DANOK OTEIZA proiektuaren barnean kokatzen da. Komunitate hori Fundazioak sustatua da, Jorge Oteizaren figura eta pentsamenduaren inguruan.
Kondestable Civivoxa (Ekitaldi-aretoa), Iruña. 19:00.
Otsailak 4, asteazkena. Euskaraz. Hizlariak, Bernardo Atxaga eta Oskar Alegria, idazlea bata, zinemagilea bestea. Oteiza dute abiapuntu eta helmuga ibilera zirkular honek, geltoki direlarik Gabriel Arestiren poemak eta artistaren beraren filmak. Oteiza laburtezina.
Otsailak 18, asteazkena. “Nire iritziz, Oteiza, eskultorea izateaz gain, olerkari ameslari eta sutsua izan zen, bere izateari berari zentzua aurkitu nahi izan ziona, eta Orson Wellesek “maverick” gisa definitu zuen jarrera batetik egin zuen hori, hots, “markatu gabeko behi bat, artaldetik kanpo eta diziplinarik gabe bizi dena”. Haren poesia, izan ere, premiak markaturiko hitz uholde handia da, eta aski da olerkiak irakurtzea Oteizaren biografia bat izateko. Etxeko autobiografia bat, bai eta herrialdearen autobiografia bat ere.”
Martxoak 4, asteazkena. Hitzaldi-lantegi honetan, Jorge Oteizaren piezekin jolastuko gara. Piezak eraiki eta desmuntatuko ditugu. Hori egitean, Oteiza geometria aztertzera eta geometria mota jakin bat aztertzera bultzatu zuten arazoen izaera ulertuko dugu.
Martxoak 18, asteazkena. 1958ko irailean, São Pauloko Bienalean eskultore onenarendako saria jaso eta urtebetera, Oteizak esan zuen esperimentazioaren amaieran zegoela. Behaketa eta gogoeta aldia behar zuen, bere espazialismo hutsa artearen beste alor batzuetan aplikatzeko. Gutxienez, bitxia zaigu ikustea, nazioartean egin zitzaion aitortzak goia jo zuenean, nola erabaki zuen jarraipenik ez ematea bere arte bilakaerari eskulturaren bidez. Haren ideiak, dena den, muga artistikoak disolbatzen dituen garaiaren espirituarekin daude lotuak: “Dena da berbera”, Oteizak dixit.
Martxoak 11. Egun osoa. Aurkezpena: 19:00. Kondestable Civivoxa (Patioa).
– Argazkia eginen diozu?
– Ez, argazkirik ez. Bideo bat egin behar diot inguruz inguru.
– Zergatik…? Zergatik bideo bat inguruz inguru?
– Bestela, ez baikara oroituko…
– Zertaz ez gara oroituko?
– Badago, ikusten duzu? Horrela… Alde guztietatik nolakoa zen ez gara oroituko, lana egiten dugunerako.
(Aita batek eta haren semeak Jorge Oteizaren Esferaren Desokupazioa sortako eskultura bati grabatutako etxeko bideoaren transkripzioa)