
Oteiza Museoak eta LABORAL Kutxak sorkuntza artistikoa bultzatzeko beka bat deitu dute, helburu gisa harturik Jorge Oteizaren obran eta pentsamoldean inspiraturiko ikerketa- eta produkzio-prozesu berriak bultzatzea. Praktika artistikoa sustatzeko OTEIZA–LABORAL Kutxa sorkuntza-bekak gonbita egiten die sortzaile-belaunaldi berriei Jorge Oteizaren ondarearekin elkarrizketa kritikoa izanen duten proposamenak gauzatzeko. Hala, artistaren figura aktibatu nahi da sorkuntza garaikidetik abiatuta, bai eta haren iruditeria artistikoa hurrengo belaunaldiei transmititzen lagundu ere.
Beka urtean behin deituko da, eta konbentzimendu batetik sortua da: Jorge Oteizaren obra lurralde bizia dela, laborategi kontzeptual bat, oraina interpelatzen duena artistaren intuizio estetikoen erradikaltasunarekin eta konpromiso humanistarekin. Oteizaren figura aparteko esparrua da sorkuntzaz keinu eraldatzaile gisa pentsatzeko, gai baita oraina bizitzeko eta etorkizunari heltzeko moduan eragiteko. Ildo horretan, badu konbentzimendu partekatu bat: artea eta sorkuntza ezinbesteko tresnak direla eraldaketa-prozesu sozial eta kultural orotan.
Beka honen azken helburua izanen da obra edo proiektu artistiko bat sortzea eta ekoiztea, jendaurrean eta zenbait formatutan aurkezten ahalko dena (erakusketa, elkarrizketa irekia, argitalpena, ikus-entzunezko pieza edo proiekturako egokia den beste edozein formatu), dela Oteiza Museoan, dela LABORAL Kutxaren egoitzetan.

Pello Bayona, Laboral Kutxaren ordazkaria eta Jaione Apalategi, Oteiza Fundazioko lehendakaria
Beka 2026ko martxoaren 18an deituko da eta dokumentazioa Jorge Oteiza Fundazio Museora helarazi beharko da 2026ko maiatzaren 10a baino lehen. Ondoren, 6 hilabete izanen dira hautatutako proiektua egikaritzeko. Bekak 9.000 euroko zuzkidura aurreikusten du, eta 40 urte arteko artistei dago zuzenduta.
Proiektua obra artistiko original bat ekoiztearekin amaituko da, arte bisualen edozein formatu edo diziplina garaikidetan (eskultura, instalazioa, ikus-entzunezkoa, arte digitala, performancea eta abar).
Diru-zuzkiduraz aparte, Jorge Oteiza Fundazio Museoak kuradoretzan eta esparru teorikoan ere lagunduko du, eta proiektua garatzeko behar diren lan-saioak ezarriko ditu. Era berean, eskura jarriko dira Oteizarekin erlazionatutako funts dokumentalak eta artxiboak, bai eta artistaren bilduma artistiko osoa ere.
Beka hau DANOK OTEIZA proiektuaren barnean kokatzen da. Komunitate hori Jorge Oteiza Fundazio Museoak sustatua da, artistaren obra eta pentsamendua zabaltzeko eta partaidetzan oinarritutako komunitate ireki eta askotariko bat sortzeko haren ideien inguruan.
