Nafarroako Oteiza Museoak autokontsumoarekin bat egin du Iberdrolaren eskutik. Eguzki-instalazio fotovoltaikoak 72 eguzki-panel inguru ditu, eta urtean 39 MWh-ko autokontsumoa ahalbidetuko du. Hala, Museoaren kontsumo elektrikoaren % 25 inguru aurreztuko da, eta erakusketa-areto guztien argiztapen-beharrak estaliko dira. Instalazioak 30 kW-eko potentzia du orotara. Eguzki-panelen instalazio berritzailea bertikalki kokatu da Sáenz de Oizak diseinatutako eraikinaren kanpoko hormetan, eta eraikinaren arkitekturan integratuta gelditzen dira.
Autokontsumo-jarduketa horren bidez, atmosferara 5,6 tona CO₂ isurtzea saihestuko da, 293 zuhaitz inguru landatzearen baliokidea.
Azpiegitura hori Iberdrolak egikaritua da Nafarroako ISFOT instalatzailearekin. Museoko talde teknikoa izan du lankide, eta Marisa Sáenz Guerra arkitekto eta Oteiza Fundazioaren patronatuko kideak gainbegiratu ditu lanak.
Ildo horretan, hauxe adierazi du Eduardo Lobato Iberdrolak Foru Komunitatean duen ordezkari komertzialak: “Horrelako proiektuekin, garbi geratzen da konpainiak Nafarroan tokiko jarduketa jasangarri eta berritzaileen alde egiten duen apustua, bezeroentzako hurbileko energia hornitzea ahalbidetzen duten proiektuen alde eginikoa”.
Bestalde, Gregorio Díaz Ereño Oteiza Museoko zuzendariak nabarmendu duenez, instalazio horrek “mendekotasun energetikoa murrizteko eta Museoa erakunde berritzaile eta jasangarri gisa kokatzeko ekintza-programa berri bat abiarazten du, eta ziurtatzen du Jorge Oteizaren ondarea transmitituko zaiela etorkizuneko belaunaldiei”.
Iberdrola: lider autokontsumoan
Iberdrola da Espainiako autokontsumo fotovoltaikoaren merkatuko liderra. Trantsizio energetikoa bizkortzeko eta energia-efizientzia eta -aurrezpena hobetzea ahalbidetuko duten produktu berriak garatzeko apustuaren barruan, Iberdrola sektoreko lehen enpresa bihurtu zen 2015ean, autokontsumorako soluzioak zerbitzu-eskaintzan txertatzen.
Autokontsumorako eguzki-sistemei esker, urteko fakturan % 30 ere aurreztu dezakete bizilagun-erkidegoek, % 50 enpresa eta negozioek, eta % 70 familia bakarreko etxebizitzek. Aurrezpen hori hiru bidetatik gertatzen da: instalazioak sortutako energia, erabiltzaileak erosi behar ez duena; kontsumitu gabeko energia-soberakinak sarera isurtzeagatik jasotako konpentsazioa; eta zerga txikiagoek emandako aurrezkia.
Iberdrolak aukera ematen du kontsumitzen ez den energia sarera isurtzeko, Solar Cloud zerbitzuaren bidezko konpentsazio baten truke, edo are beste hornidura batean kontsumitzera bideratzeko.
Oteiza Museoa, jasangarritasunarekin
Oteiza Museoan 72 eguzki-panel jartzea urrats garrantzitsua da Museoaren jasangarritasunaren eta konpromiso ekologikoaren alde. Ekintza jakin horrek zentroaren karbono-aztarna murriztea ahalbidetzen du, eta, aldi berean, energia-eredu garbiagoa eta berriztagarriagoa sustatzen da. Neurri hori jasangarritasun-estrategia zabalago baten barruan kokatzen da, eta, etorkizun hurbilean, egungo argiztapen-sistemaren ordez LED teknologia ezartzea aurreikusten du. Etorkizuneko inplementazio horri esker, energia-kontsumoa are efizienteagoa izanen da, eta murriztu eginen ditu kostuak eta emisioak. Neurri horiekin, Museoak, Jorge Oteizaren ondare artistikoa babesteaz gain, rol aktiboa hartzen du ingurune naturalaren babesean, eta bere gain hartzen du, orobat, ingurumena zaintzeko erantzukizuna.
Eguzki-panelak Oteiza Museoan instalatzeko, enpresa turistikoen energia-efizientziako eta ekonomia zirkularreko proiektuan jasotako laguntzak baliatu dira, Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsek finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barnean.