Harpidetzen zaren unean, Fundación Museo Jorge Oteiza Fundaziom Museoak zure datuak erabil ditzakeela onartzen duzu, bere jarduerei eta lotutako komunikazioei buruzko informazioa bidaltzeko. Tratamenduaren arduraduna Fundación Museo Jorge Oteiza Fundaziom da, eta datuak DBEOaren arabera kudeatuko dira. Zure informazioa eskuratu, aldatu edo ezabatu dezakezu, baita edozein unetan baja eman ere, info@museooteiza.org helbidera idatzita edo bidalketa bakoitzean agertzen den estekaren bidez. Zure datuak ez zaizkie hirugarrenei lagako, legezko betebeharra izan ezean.


Jarduerak

ZABALIK DA ZAZPIGARREN JAI – JARDUN ARTISTIKOEN INSTITUTUAN PARTE HARTZEKO DEIALDIA


ZABALIK DA ZAZPIGARREN JAI – JARDUN ARTISTIKOEN INSTITUTUAN PARTE HARTZEKO DEIALDIA

JAI Jardun Artistikoen Institutuaren logoa, Gema Intxaustik diseinatuta

 

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, Jorge Oteiza Fundazio Museoaren lankidetzarekin, abian jarri dute JAI Jardun Artistikoen Institutua prestakuntza-programaren zazpigarren edizioa, izena emateko eskariak egiteko deialdiaren bidez. Programa 2020an sortu zen, eta 2026ko uztailean eta abuztuan egingo da haren zazpigarren edizioa, hiru erakundeen programetan parte hartzen duten artistek beste artista batzuei eta arte garaikidearen sektoreko eragileei jakintzak transmititzea ardatz harturik, ohi bezala. Honako artista hauek parte hartuko dute JAI 2026 edizioan irakasle gisa: Mariana Castillo Deball (Mexiko Hiria, 1975), Louidgi Beltrame (Marseilla, 1971), Nora Aurrekoetxea (Bilbo, 1989), Maddi Barber (Lakabe, 1988), Debris Stevenson (Londres, 1990), eta Carla Filipe (Aveiro, 1973). Baita Ibon Aranberri (Itziar, Deba, 1969), Alejandro Cesarco (Montevideo, 1975) eta Itziar Okariz (Donostia, 1969) artistek ere, tutore gisa. Eskariak aurkezteko epea otsailaren 16ra arte egongo da zabalik.

JAI Jardun Artistikoen Institutuaren 2026ko deialdia artearen metodologietan sakontzeko interesa duten artistei eta sektoreko eragileei begira antolatu da, eta ez da beste baldintzarik eskatzen parte hartzeko. Gehienez ere 16 ikasle onartuko dira, ordea, eta, hautaketa-prozesuan sartzeko, Artium Museoaren eta Tabakaleraren webguneetan topatuko duten inprimakia bete behar dute hautagaiek –hantxe dituzte deialdiaren oinarriak ere–; inprimakiarekin batera igorri behar dituzte curriculum vitae eta biografia, baita motibazio-gutuna eta aurretik eginda dituzten lanen irudien dosier digitala ere.

ikasketa-batzordea arduratuko da 16 parte-hartzaileak aukeratzeaz, eta martxoaren 14an jakinaraziko da hautaketaren emaitza. Ibon Aranberri (artista), Itziar Okariz (artista), Alejandro Cesarco (artista), Catalina Lozano (Artium Museoko komisario burua) eta Oier Etxeberria (Tabakalerako Programa Publikoen arduraduna) dira ikasketa-batzordeko kideak.

JAIk zortzi asteko iraupena izango du, artistek artistentzat diseinatutako proposamen pedagogikoetan oinarritzen da eta jarduera artistikoa ulertzeko modu desberdinen arteko elkarrizketa zabaltzeko bitartekoa izan nahi du. Sortu zenetik, mekanika hau planteatzen du programak: irakasleak beren lan-prozesuak definitzen dituzten jakintza praktikoak transmititzen saiatzea ikasleei.

Prestakuntza-saioak Gasteizko Artium Museoan izango dira 2026ko uztailaren 1etik 26ra eta Donostiako Tabakaleran 2026ko abuztuaren 1etik 31ra. Altzuzako Oteiza Museoan egonaldi bat egingo dute ere, uztailaren 2tik 31ra.

Matrikulak 400 euroko prezioa du. Hautatutako pertsonei orientazioa emango zaie Gasteizen eta Donostian ostatua bilatzeko; ostatua, dena den, ez dago ikastaroko matrikularen prezioan sartuta. JAIko ikasketa-batzordeak gehienez 6 beka ematea erabaki ahal izango du, matrikula ordaintzetik salbuestsita egoteko aukera emango dutenak.

 

JAI Jardun Artistikoen Institutua, 2026

Antolatzaileak: Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, eta Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa, Artium Museoa

Lankidea: Jorge Oteiza Fundazio Museoa

Deialdia 2025eko abenduaren 23tik 2026ko otsailaren 16ra egongo da zabalik
Informazio gehiago, deialdiaren oinarriak eta izena emateko inprimakia, hemen:

Jardun Artistikoen Institutua

Oinarri osoak (pdf)

 

 

 

 

 

Laguntzailea:



De la Cuesta, 24. Altzuza, Nafarroa
T +34 948 332 074 info@museooteiza.org