Harpidetzen zaren unean, Fundación Museo Jorge Oteiza Fundaziom Museoak zure datuak erabil ditzakeela onartzen duzu, bere jarduerei eta lotutako komunikazioei buruzko informazioa bidaltzeko. Tratamenduaren arduraduna Fundación Museo Jorge Oteiza Fundaziom da, eta datuak DBEOaren arabera kudeatuko dira. Zure informazioa eskuratu, aldatu edo ezabatu dezakezu, baita edozein unetan baja eman ere, info@museooteiza.org helbidera idatzita edo bidalketa bakoitzean agertzen den estekaren bidez. Zure datuak ez zaizkie hirugarrenei lagako, legezko betebeharra izan ezean.


Erakusketa

Basterretxea–Oteiza. Espazioaren arazoa. Martxoak 25 – abuztuak 30


Oteiza Museoak XX. mendearen bigarren erdialdeko artearen berrikuntzan funtsezkoak izan ziren bi sortzaileren, Néstor Basterretxea eta Jorge Oteiza, arteko harreman artistiko eta bizitzazkoa aztertzen duen erakusketa hartzen du. Obren, dokumentuen eta argitaratu gabeko materialen bidez, erakusketak haien sormen-trukearen eta kultura garaikidean izan duten eraginaren irakurketa berria proposatzen du.

Néstor Basterretxea eta Jorge Oteiza, 1979.

Nestor Basterretxeak (1924–2014) eta Jorge Oteizak (1908–2003) artegintzan eta bizitzan izaniko ibilbideak dira kapitulu nagusietako bat Modernitatearen amaierako artearen eta sorkuntzaren bilakaeran. Bi artistek gogotik parte hartu zuten XX. mendearen bigarren erdialdeko lengoaia estetikoak berritzeko prozesuetan. Haien jarduna tentsio-eremu batean gertatzen da: esperimentazio formalaren, konpromiso kulturalaren eta artearen funtzio sozialari buruzko hausnarketaren artean, alegia.

Proiektu honek bi sortzaileon arteko harremana aztertzea proposatzen du, eta, horretarako, aintzat hartzen ditu biek ala biek partekatu zituzten tokiak, proiektuak eta gertakariak. Hartu-eman hori denboran iraun zuen truke profesional eta pertsonal baten emaitza gisa ulertzen da, ikusirik ondorio nabarmenak izan zituela garai hartako testuinguruan. Truke horrek bat-etortzeak ez ezik desadostasunak ere piztu zituen, eta, horri esker, eraikuntza sinboliko eta kolektiborako tresna gisa kontzebitu zuten artea, erreferentziazkoa inondik ere bi artisten iruditerian.

80 obraz, filmaz, jatorrizko material dokumentalez eta argazkiz osaturiko multzo zabal baten bidez, erakusketak luze-zabal trazatzen du bi artisten arteko harremanaren momentu erabakigarrien kartografia. Gertakari horien artean ageri dira, esate baterako_

  • Arantzazuko Basilikako proiektua prestatzeko lanak (1952–1955)
  • Nebli aretoko erakusketa (1960)
  • Irungo Etxea (1958–1975)
  • Operación H (1963) ikus-entzunezko
  • Ama Lur (1965–1968) zinemagintza-proiektua eta GAUR taldearen eta Euskal Eskolaren inguruko mugimenduekin izaniko lotura,
  • Sabino Arana Fundaziorako eginiko proiektua (1979).

Berrikuspen honetan, toki nabarmena hartzen du 1960an Madrilgo Neblí galerian antolatutako erakusketari buruzko erreferentziak —huraxe izan zen bi artistek batera gauzaturiko bakarra—. Esposizio hartan aurkeztutako zenbait lan berreskuratu ondotik, Basterretxeak eta Oteizak garai hartan izaniko elkarrizketa artistikoa birformulatzea proposatzen da, eta, horri esker, gaur egun berriz aztertzen ahal ditugu artista bakoitzaren jarrera estetikoak eta bien arteko topaketaren garrantzia.

Erakusketak Gipuzkoako Foru Aldundiaren partaidetza,  Eguesibarko Udalaren eta Artingeniumaren lankidetza izan ditu, eta 2026ko martxoaren 26tik abuztuaren 30era egonen da ikusgai Oteiza Museoan. Peio Aguirre eta J. P. Huercanos dira komisarioak, eta Xabier Salaberriak esku hartu du erakusketa-diseinuan.

Erakusketa hau osatzeko, faksimile bat aurkezten dugu, bi artistek elkarrekin eginiko erakusketa hartarako argitaratu zuten eskuorrian txertatua. Basterretxeak eta Oteizak Madrilgo 1960ko apirilaren 20tik maiatzaren 13ra bitartean aurkeztu zuten esposizio hura, Madrilgo Neblí aretoan. Argitalpen hartan, bazen Francisco Javier Sainz de Oiza arkitektoaren testu bat ere. Jarraian, Oteizak Limatik igorritako gutun bat jasotzen da: Arte garaikidearen amaiera. Artistak haren bidez jakinarazi zuen bere ikerketa eskultorikoaren ustekabeko amaiera. Keinu erradikal haren ondotik, hausnartzeko eta esku hartzeko beste eremu batzuetara igaro zen —bereziki arkitekturara eta hirira—, eta, hala, artearen dimentsio kolektibo eta hedatua nabarmendu zituen. Basterretxeak, berriz, Espazio plastikoa izeneko testua argitaratu zuen apirilaren 6an Irunen: planoaren eta bi dimentsioen mugei buruzko manifestu pertsonal haren bidez aurreratu zuen, hain zuzen, eskulturagintzari heltzeko asmoa. Paradoxikoki, topagune berberak xede desberdinak izan zituen bi igarokortasun berezi eta menderaezin haientzat: helmuga Oteizaren kasuan, eta abiaburua Basterretxearenean.

Erakusketa honetan ikusgai daude, orobat, Oteiza Museoaren artxibotik eta Basterretxea-Irurtzun familiaren bildumatik datozen obrak eta erreferentzia dokumentalak, baita beste emaile batzuek lagatakoak ere —hala nola Artium Museoak, Reina Sofia Arte Zentroa Museo Nazionalak, Arte Abstraktuaren Cuencako Museoak, Juan March Fundazioak, San Telmo Museoak, Euskal Filmategia, Kutxa Fototeka, Arte Ederren Bilboko Museoak edo Studiolire Galeriak—.

Erakusketa hau DANOK OTEIZA proiektuaren barnean kokatzen da. Komunitate hori Jorge Oteiza Fundazio Museoak sustatua da, artistaren obra eta pentsamendua zabaltzeko eta partaidetzan oinarritutako komunitate ireki eta askotariko bat sortzeko haren ideien inguruan.

Nestor Basterretxea eta Jorge Oteiza, 1960ko hamarkadan.

Programa publikoak:

Erakusketa-aldian, programa publiko hauek programatu dira:

  • Topaketa Peio Aguirre eta J. P. Huercanos proiektuaren komisarioekin eta bisita erakusketara. Martxoak 28, larunbata. 12:00etan.
  • Nestor Basterretxearen Operación H (1963, 12’) filmaren emanaldia. Aurkezpena Peio Aguirre eta J. P. Huercanosekin, hitzaldia eta, ondoren, bisita erakusketara.
  • Nestor Basterretxea eta Fernando Larruquerten Ama Lur (1968, 103’) filmaren emanaldia. Ane Lekuona Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Ederren Fakultateko irakaslearen aurkezpena.  Larunbata, maiatzak 30. 12:00etan.
  • Cierzo. Haur-kanpamentua. Ama Lur eta Operación H filmetatik abiatuta, kanpamentu horrek ikus-entzuneko hizkuntza gerturatzen du, esperimentaziotik eta sorkuntza kolektibotik abiatuta. Jarduera horrek zinemagintzaren eta irudi mugikorraren oinarrizko prozesuak gerturatuko dizkie bertaratzen direnei. Irudiaren, espazioaren eta inguruaren arteko harremana arakatzearen bidez, ikus-entzunezko erremintekin lan eginen dute, azken pieza kolektibo bat sortzeko eta gauzatzeko. Apirilaren 7tik 10era, 9:30etik 13:30era. 6–12 urte. 75 €

Leku kopuru mugatua; aldez aurretik erreserba egitea ezinbestekoa: www.museooteiza.org / recepcion@museooteiza.org


Komisarioak: Peio Aguirre eta J. P. Huercanos

Erakusketa-diseinua: Xabier Salaberria

Jorge Oteiza Fundazio Museoaren produkzio bat, Gipuzkoako Foru Aldundiaren partaidetzarekin eta Eguesibarko Udalaren eta Artingeniumaren lankidetzarekin


 

Erakusketako jarduerak

Nestor Basterretxea eta Fernando Larruquerten Ama Lur (1968, 103’) filmaren emanaldia. Larunbata, maiatzak 30

Ane Lekuona Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Ederren Fakultateko irakaslearen aurkezpena. Larunbata, maiatzak 30. 12:00etan. Toki mugatuak. Inskripzioak esteka honetan


Nestor Basterretxearen Operación H (1963, 12’) filmaren emanaldia. Larunbata, maiatzak 16

Aurkezpena Peio Aguirre eta J. P. Huercanosekin, hitzaldia eta, ondoren, bisita erakusketara. Larunbata, maiatzak 16. 12:00etan. Toki mugatuak. Inskripzioak esteka honetan


Itzuli



De la Cuesta, 24. Altzuza, Nafarroa
T +34 948 332 074 info@museooteiza.org