Erakusketa

“Estatuak. Itziar Okariz” Laster Oteizan Museoan


Estatuak. Itziar Okariz
Oteiza Museoa. 2020ko urriak 30 – 2021eko otsailak 28.
Jorge Oteiza Fundazio Museoaren produkzioa, “la Caixa” Fundazioak eta Nafarroako Kutxa Fundazioak sustatutako Innova Cultural programaren eta Eguesibarko Udalaren, Arantzazuko Frantziskotarren eta Arantzazu Gaur Fundazioaren laguntzarekin.

 

Itziar Okariz (Donostia, 1965) artistak, azken urteotan zehar, zenbait topaketa eta solasaldi izan ditu artelanekiko, eta sortu duen ekintza-dinamikak artearen historiako eskultura esanguratsu zenbaiten aurrez aurre jarri du. Solasaldi itxura batean osatugabe horien erregistroak ­“Estatuak” izeneko ikus-entzunezko proiektuaren egitura nagusia eratzen du; artistak piezen izaera bizia baliatzen du, bera komunikatzen den piezen bizizko izaera alegia, eta artelanaren mamizko zentzua aktibatzen du, behatzaileak interpelatzen duenean erabateko zentzua bereganatzen duen gorpuztzat.

Ekintza horien grabazioek artistaren eta obren arteko komunikazio uneak jasotzen dituzte, autoritaterik zein hierarkiarik gabe. Horietan, Okarizek gainditu egiten du ikusizko harremanaren esparrua, bere ahotsa baino ageri ez den elkarrizketan sakontzearren. Logika horri jarraiki, ekintza horiek artearen gaitasuna pizten dute, hots, interpretazioaren zentzu posible guztiak aktibatzeko gaitasuna, eta harridurazko egoera batean jartzen dute ikuslea, honek arauz kanpoko komunikazio ekintza batean ikusten baitu artista, horrelakotzat har dezakegu-eta objektu bizigabe batekiko solaskidetza bilatzea.

Alabaina, objektu batekin harremanak izateko modu ez ortodoxo horrek esangurak lerratzea du ondorio, eta bide horretatik artelanaren kontsiderazio epistemologikora iritsiko gara, izaera animistaz hornituko baitugu eta, horrela, haren izate osatugabeari erantzuna emango baitiogu, aiduru baitago beti, zentzuz aseko duen inor iritsi zain. Idolatria orotatik urrun, eskulturak besteren partaidetza duenean bereganatzen du zentzua, kasu honetan artistaren beraren partaidetza duenean, eskulturaren barnetasuna baliatzen baitu honek gure errepresentazio kolektiboko prozesuetan nagusi diren hitzaren eta lengoaiaren bitartez.

Oteiza Museoak, orain, hiru ikus-entzunezko instalaziok osatutako “Estatuak” erakusketa-proiektua jasotzen du, artistak izandako zenbait elkarrizketa erakutsiz horretan; Oteizaren obraren presentziak garrantzi berezia du erakusketan. Ildo horretatik, eskultorearen obrekin izandako elkarrizketa horietako hiru aurkezten ditu, Nire emaztearen erretratua, Otano pintorearen erretratua eta Bi triedroren konbinazio bidezko kutxa metafisikoa/Leonardoren omenez obrekin izanak zehazki, Apostoluen Frisoaren eta Arantzazuko basilikako murruen aurrean izandakoez gain. Azken hauek proiektu honetarako berariaz produzitu ditu Oteiza Museoak, eta lehen aldiz aurkezten dira jendaurrean. Horien osagarri, Sergio Prego artistaren Seeds eta Black Fountain piezekiko elkarrizketa biak, inoiz jendaurrean erakutsi gabeak halaber, 2019an Veneziako 58. Bienalean zehar produzituak.

©: Jorge Oteiza © Pilar Oteiza, A+V Agencia de Creadores Visuales, 2020

Ikus-entzunezko piezen aurkezpena osatzeko, erakusketan jaso egingo dira elkarrizketa horien transkripzioak, baina erakusketa-proiektua online esparrura ere zabalduko da, aukera izango baita Oteiza Museoaren web orriaren bitartez Interneten lehen aldiz ikusteko Estatua. Kutxa metafisikoa (291)  ikus-entzunezko pieza, erakusketa-proiektua martxan den bitartean.

Proiektu honek, osterantzean, bitartekaritza presentzialeko eta online bitartekaritzako programa zabala izango du, 2020ko urriaren 16tik 2021eko otsailaren 28ra bitartean garatzeko, Nafarroako Kutxa Fundazioak eta “la Caixa” Fundazioak sustatutako Innova Cultural programaren lankidetzarekin eta Eguesibarko Udalak, Arantzazuko Frantziskotarrek eta Arantzazu Gaur Fundazioak bultzatuta.

Itziar Okarizen proiektu hau museo honetan programatzeak agerian jartzen du, azken batean, Oteizaren obrak gaur egungo artistengan bizirik segitzeko duen gaitasuna; izan ere, egungo sorkuntzatik modu kritiko batez hurbiltzeko eremua da Oteizaren obra.


De la Cuesta, 24. Altzuza, Nafarroa
T +34 948 332 074 info@museooteiza.org